Sare Herritarrak hamarkada bat baino gehiago bete du dagoeneko eta, lehenengo egunetik, oso logikoa den zerbait defendatzen jarraitzen du: dagoeneko hamabost urtez desagerturik dagoen erakunde bateko kide izateagatik edo harekin lankidetzan aritzeagatik kondenatuak izan ziren euskal presoak eskubideen objektu direla defendatzen; bere burua demokratikotzat eta zuzenbidezkotzat jotzen duen estatu batek urratu ezin dituen eskubideen objektu.
Abuztuan, baina, zeharo bidezkoak eta zuzenak diren aldarrikapenak kriminalizatzeko saiakerak ikusi ditugu; adibidez, exijitu denean preso horiei espetxeetako legedi juridiko arrunta aplikatzea.
Jazarpen hori izaera ia esperpentikoa hartzera heldu da. Harriduraz ikusi dugu Gasteizko Udaltzaingoak, alkatearen aginduz, Gasteizko jai esparruko txosnetan banderatxoak erauzten zituela, Sarek bere manifestazio guztietan erabiltzen dituen zeinu eta leloak izanik, eta jazarpen horretan murgilduta dagoen edozein erakunde politikorenak bezain legezkoak. Eta lotsagarria izan da Txiki eta Otaegiren frankismoaren biktima izaeraren inguruan sortu den eztabaida, Burgosko epaiketa deiturikoan epaituak eta kondenatuak izan zirenen izaera politikoa ukatzea bezala baita hori ere.
Bitartean egunotan, Galizian, Guardia Zibilak eraildako bi maki omendu dira. Zer alde dago bi pertsona horien eta Txiki eta Otaegiren askatasunaren aldeko borrokaren izaera politikoaren artean?
Bada zerbait Sareri ezin zaiona ukatu: ozenki hitz egiten jarraitzen duela erasoen gainetik, eta baita Zuzenbidearekin bat datorren aldarrikapenen aurrean mutu geratzen direnen isiltasunaren gainetik ere.
Dena dela, eskubide hitza, zuzena denari aipamena egiten diona, komeni denaren arabera erabili ohi da. Hori dela eta, gogora ekarri behar da teorian aitortzen diren giza eskubideak hiru motakoak direla: gizalegezkoak, ekonomikoak eta sozialak. Horrek esan nahi du eskubideak ez direla hitzez hitz era hertsian ulertu behar bakarrik, bestela esanda, segurtasun hutsera mugatuta, baizik eta dagokien gizartearen testuinguruan txertatu beharrekoak direla. Hori da Sare Herritarrak aldarrikatzen duena espetxe legeria betetzeko eskatzen duenean, inolako salbuespenik gabe, eta, beraz, Etsaiaren Zigor Kodea deiturikoa aplikatu gabe.
Laburbilduz, Sare Herritarrak kontzientziak astindu nahi ditu, euskal presoen eskubideen urraketaren aurrean dagoen axolagabekerian eragin. Izan ere, hogei urte baino gehiago eta kasu batzuetan 30 urte kartzelan daramatzaten pertsonez ari gara. Eta hori, zalantzarik gabe, ezkutuko betiereko zigorra da, horrek dakartzan ondorio fisiko eta psikiko guztiekin.
Horrela, Sare Herritarrak espetxe sistema demokratiko eta gizatiar bat babesten du, ez presoen eta haien familien sufrimendua luzatzera bideratua dagoen bat, baizik eta Giza Eskubideen errespetuan eta presoen birgizarteratzean oinarritzen dena.
Eta horregatik asaldatu egiten gara eskubide horiek defendatzen ditugunoi, lotsagabeki biktimen duintasuna zikintzea leporatzen zaigunean.
Utzi biktimak politikoki erabiltzeari. Hainbeste urtetako konfrontazio eta sufrimenduaren ondoren, bakoitzak bere bizipen eta sufrimenduak ditu. Baina, batetik, inork ezin du biktimen ordezkaritza bere gain hartu, eta, bigarrenik, askatasunik gabeko pertsonen eskubideak defendatzea bateragarria da biktimen duintasuna defendatzearekin, eta babesa eta erreparazioa eskatzearekin.
Bistan da sufrimendua beste leku askotan ere badagoela, baina BergamĂn-ek zioen bezala, unibertsala izateko modurik onena partikularra izatea da; askotan arduratzen baikara urrunekoaz, eta hori ondo dago, baina, batzuetan, ez urrutikoarekin ez gertukoarekin ez konprometitzeko egiten dugu.
Bada garaia, atxikipen politiko alderdikoiak alde batera utzita, konpromiso serioak hartzen hasteko, gizarteak eskatzen digun bizikidetza maila lortu ahal izateko. Baina, horretarako, beharrezkoa da oinarrizko adostasun bat lortzea: eragile sozial eta politiko guztiok, zatiketarik gabe, Euskal Herrian gauzatutako indarkerietako biktima guzti-guztiak babesteko konpromisoa hartu behar dugu, bai eta horien erabileraz etekin politikoak lortzeari uko egiteko konpromisoa ere, jakina.
Egunerokotasunak irensten gaitu, baina ezin da onartu guztioi dagokigun konpromiso morala alde batera uztea. Euskal Herriko kide garen heinean, gutako bakoitzari dagokigu.
Amaitzeko, gizarte bezala, akats handia litzateke pentsatzea hau beste batzuek konponduko dutela, hau niri ez dagokidala. Izan ere, gaur egiten dugunaren araberakoa izango da gure seme-alabei eta, gure kasuan, bilobei utziko diegun gizarte mota.