Fikziozko nobela baten izenburua dirudi, baina ez. Bihar bertan eta guk jakin barik, ETAko kideak izan gintezke, poliziak, barne ministerioak, fiskaltzak eta epaileek hala nahiko balute. Horrela izan da beti, horrela izaten ari da eta etorkizunean ere auskalo.
Ohituta gaude beraiekdemokrazia deitzen diotenaren izenean urteetan neurri eta zigor antidemokratikoak jasaten, oraindik ere «dena ETA da» tesiaz baliatzen baitira. Oztopoak oztopo, atzera bueltarik izango ez duen prozesuan murgilduta gaude; Euskal Herriaren eraikitze prozesu nazionalean, alegia. Inolako indarkeriarik gabe, demokratikoki eta bide politikoak soilik erabiliz izatea nahi duguna, bakean uzten badigute.
Gaztetan, eskola maisu batek honako hau errepikatzen zigun: «Bi gauza beste baten berdinak badira, bi gauza horiek berdinak dira». Logika hori erabiliz eta haien tesiaren arabera, honako hau esan daiteke: batetik, ETA eta Batasuna berdinak omen dira, eta bestetik, ordea, Sortu eta Batasuna ere bai. Hori horrela izanik, Sortu ETA da; beraz, legala izan nahi duen alderdi politiko terrorista bat, PSOEren, PPren eta haien kontrolpean dauden eta sistemari eusten dioten hedabideen esanetan.
Betiere tesi horren logikari jarraituz, Sorturen sustatzaileek (promotoreek), denek, kartzelan behar lukete egon, eta Bilbon legalizazioaren alde egin izan diren bi manifestazioetan joandako milaka pertsonak ere epailearen aurrera eraman, ETAri babesa eman izanaren akuzaziopean. Hori egin ezean, logikak berak dio egun kartzeletan dauden askok kalean libre egon behar luketela.
Sortuk sortu duen lurrikara politiko mediatikoa oraindik ez da bukatu. Auzitegi Goreneko 61eko aretoa osatzen duten hamaseiepailetik bederatzik (gehienek) hartutako ebazpenarekin errefusatu egin dute Sorturen jarduerarako inskripzio eskaria. Beraz, askatasuna eta bakea ilegalizatu. Frankismoan gertatzen ohi zen bezalaxe, susmoak eta poliziaren zantzu faltsuak izan dira frogak. Erabaki horrek argi uzten du PSOEren eta PPren estrategia bateratuan oinarritutako beraien betiko diskurtsoa elikatzeko gerrarako prest daudela, hau da: atxiloketak, torturak, akusazioen asmakizunak, kartzelak… eta, agian, gerra zikina ere bai.
Euskal Herriari dagokionez, urteetan estatuko zenbait boteretatik entzun dugun betiko leloa hau izan da: «Hemen ez dago gatazkarik, ez arazo politikorik, ezta preso politikorik ere. Hemen dagoen gauza bakarra terrorismoa da. Euskal Herria nazionalisten asmakizun bat da. Hau Espainia da». ETA gorrotatzen badute ere, beharrezkoa zaie diskurtsoari eusteko, besterik ez baitakite esaten.
Espainako estatuak bere baitan darama indarkeriaren kultura, eta egituratuta dago. Inork ez dezala pentsa euskal erakunde armatuak behin betiko armak uztea erabakiko balu biharamunean bakea lortuta egongo denik. ETAk inoiz ez du izan indarkeriaren esklusibotasuna, ezta bakearena ere. Hemen denok gaude inplikatuta, eta gehienbat, estatua bera. Hausnarketa honek konponbidea eskatzen du, negoziazioa… ETAk bakea bideratzeko eman du bere pausoa,eta bide horri eutsi nahi dio.
Francok inoiz lortu ez zuena eta berau hil ostean, Estatu Espainolaren garaipen handiena abertzaleon zatiketa lortzea izan da, eta estrategia horretan jarraitzen du. Batzuentzat hitz goxoak eta besteentzat madarikazioak eskainiz. Abertzale izatearen funtsa eta definizioa nik ulertzen dudana baldin bada, ez dut uste aitzakirik egon litekenik alderdi abertzaleak elkarlanean aritzeko. Euskal Proiektu Nazionala bideratzeko, ezin da zatiketarik egon, bestela gureak egin du. Lehen, ETA zen aitzakia; orain, alderdikeriak ote dira, ba? Interes pertsonalei begira dagoenak ez du herria maite, eta politikan poltronak ekar zitzakeen diru iturriak beti dira tentagarriak. Bide hori hartuz gero, eroso bizitzeko apustua egin dutenek euskal gatazka konpontzeko bideari uko egiten diote, eta arazoari iraunarazten.
Zer-nolako eredu sozial eta ekonomikoa nahi den, horren arabera eztabaida daiteke. Gobernu espainolak azkenengo hartu izan dituen neurri ekonomikoak ezin dira inola ere onartu, euskal langileriaren eta pentsiodunen lorpenak eta eskubideak murriztu kapitalismo espainola salbatzeko. Pentsaera marxistan oinarrituta, Euskal Herria euskal langileriarena izan behar du eta ez kapitalismo espainolarena, eta independentzia geure herriak eta euskarak bizirik irauteko duten bide bakarra da.
Azken finean, indarrak bildu egin behar dira, eta ez elkarri mokoka ari. Estatuak ETAri inoiz ez dio beldurrik izan, abertzaleon batasunari baizik. Egun, abian den prozesuari dio benetako ikara, konfrontazio demokratikoari. Halakorik izan ez dadin errepresio makineria guztia martxan jarriko duela ere ziur gaude, besterik ez baitakite egiten. Beraiek inposatu nahi diguten bakearen izenean, gure bakeari egurra. Beraz, eutsi, ez etsi eta ekin! Ezina ekinez egina.
Prozesuari beldurra eta bakeari egurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu