Erretiratua

Putinen misilak

Joan Mari Beloki Kortexarena
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Otsailaren 9an, Tucker Carlson AEBetako kazetari ezagunak bi ordu luzez jardun zuen hizketan Vladimir Putin Errusiako presidentearekin. Elkarrizketa horrek oihartzun izugarria izan zuen mundu osoan, eta biharamunerako 200 milioi lagunek ikusia zuten. Pentsarazi egiten duten ideia ugari bidali baitzituen. Misilak bezala gainera erori zaizkigunak. Mendebaldearen diskurtso hegemonikoa gaindituta geratu da, eta koherentziaz azaldu dizkigu Ukrainako gudaren inguruan herritar guztiok jakin beharko genituzkeenak. Jarraian misil horietako hainbat:

1. «AEBek hasi zuten guda hau». Lehen aurrekaria 1991n kokatu zuen, Sobiet Batasunak bere buruaz beste egin zuenean. Horren truke, «NATOk ekialdera ez zabaltzeko konpromisoa hartu zuen, baina bost alditan kide berriak onartu zituen. 2008an Ukraina eta Georgiari bazkide izateko gonbita luzatu zien. 2014an, Ukrainan estatu kolpe bat eman zuten eta konstituzioan jasoa zuten neutraltasunari uko egin zioten. Yanukovich presidenteak Alemania, Frantzia eta Poloniarekin sinatua zuen plana errespetatu balitz, behatz bat ere ez genukeen mugituko».

2. «Badakit AEBek guda amaitu nahi dutela eta ez dakitela nola». «Guda aste gutxitan buka daiteke. Aski da AEBek arma gehiago ez bidaltzea».

3. «Negoziatzeko prest gaude». 2014an eta 2015ean Minskeko hitzarmenak sinatu zituen. 2022ko martxoan Istanbulen ados jarri zen Ukrainaren ordezkariekin OMB Operazio Militar Bereziari amaiera emateko. Dena zapuztuta geratu zen Boris Johnsonek Zelenski gudari berriz ekiteko konbentzitu zuenean. «Beraiek konpondu beharko dute akats larri hori. Gu negoziatzeko prest gaude».

4. «Ez dugu inbaditzeko asmorik. Jendea izutzeko mezua da». «Ez dugu inolako interesik. Nahiko lur daukagu eta jende gutxi. Planeta osoa arriskutan jarriko lukeen mundu-mailako gudak ez du zentzurik. Soilik erasotzen badigute joko dugu erasora. Beldurra zabalduz, Ukrainarako armak erostea errazagoa egiten zaie. Onura sozialen kaltetan, noski».

5. «Ukraina estatu artifiziala da. Guda zibila da hau». Lehen ordu erdi luzea Ukraina eta Errusia historikoki lotuta egon direla azalduz eman zuen. «Estatu baten lehen itxura Stalinek eman zion Errepublika sobietarraren estatusa eman zionean. Bitartean Errusiaren beste zati bat besterik ez zen izan». Putinek konfrontazio hau guda zibiltzat jotzen du. Eta beren arteko harremanak berreskuratuko direla ziurtatzen du.

6. «Legez nazismoa debekatzea sinatu zuten ukrainarrek gurekin batera». Nazismoari tarte luzea eskaini zion. II. Mundu Gerran nazien basakeriekin errusiarrek izugarri sufritu zutela azaldu zuen. Ukrainan beste inon ez dagoen arazoa dagoela azpimarratu zuen, nazismoa maila gorenera eramana dagoelako eta heroi nazional gisa dituztelako milaka guda-krimen egin zituzten Stepan Bandera eta Román Shujevich. Monumentuak eraikitzen dizkiete eta ikur naziak nonahi erabiltzen dituzte. Onartezintzat jotzen du 2023ko irailean Kanadako Parlamentuan Yarsolav Hunka 98 urteko naziari eginiko omenaldia. Hitlerren kolaboratzaile handia izan zen eta juduak, poloniarrak eta errusiarrak hil zituen gizona honela txalotzea ez dela onargarria dio. «Hitler hil zen, baina haren ideologia oso bizirik dago Ukrainan. Guda amaitzeko Istanbuleko 2022ko hitzarmenean jasota dago nazismoa legez debekatzea Ukrainan».

7. «Onura ekonomikoa BRICSen bidetik dator». Azken urteetan, [estatu kapitalista aberatsenak biltzen dituen] G7 taldearen indize ekonomikoak beherantz doazela eta BRICS komunitatearenak, berriz, gorantz esan zuen. Dolarra eta euroa indarra galtzen ari dira, eta berekin Mendebaldearen ekonomia. «Mendebaldean elite ekonomikoek agintzen dute eta garaiak eskatzen duenaren aurka ari dira».

8. «AEBek ezartzen dituzten zigorrak ilegitimoak dira NBEren arabera». «Mendebaldeak dolarra arma bezala darabil eta akats larria da. Etengabeko presioa egiten ari dira mundu osoan, eta kezka zabaldu dute leku guztietan. Zigor ekonomikoak ilegitimoak dira, Nazio Batuen Gutunaren arabera. Nazioarteko politikaren arauak NBEak finkatu beharko lituzke».

9. «Kontinente arteko misil hipersoniko onenak dauzkagu». Arma nuklearrekin arazorik ez izateko, misilen aurkako babes-sistema elkarrekin antolatzea proposatu zion Putinek Bush presidenteari. Arrisku nuklearra munduan ezabatuko lukeen proposamen hau ere ukatu egin zioten. Ondorioz, «kontinente arteko misil hipersonikoak sortu genituen eta une honetan denen aurretik gaude».

10. «Nord Stream 2-ko hodi bat onik dago, baina Alemaniak ez du zabaldu nahi». «Alemaniako jendea oso inkonpetentea da. Gasa orain hiru aldiz garestiago erosten ari dira».

11. «Zuek pragmatikoak zarete; guk garrantzi handia ematen diegu balio etiko eta moralei». «Berdinak dirudigu, baina gure mentalitatea desberdina da». Bizitzeko bi modu desberdin hauek kontuan hartuta bakarrik ulertuko dugu Ukrainako gudan bi aldeek izan dituzten jarrera kontrajarriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.