Plataforma franko-alemaniar batean (Arte), Querer telesaila begiratu nuen, eta oraindik ikusitakoari buruz gogoetatzen ari naiz. Obra honek, onespenaren inguruko analisia proposatzeaz gain, bikoteetan gertatzen diren bortxaketen gai tabua partekatzen digu. Mirenengan zentratuz, emankizunak 30 urtez jazarria eta apaldua izan den emazte baten oldartzea erakusten digu. Bere torturatzailearekin haurrak ukan ondotik eta gau guztiz bere ohea partekatuz gero, pertsonaia nagusiak bere senarra salatzea erabakitzen du.
Akusazioak zein erreakzio, zein tentsio pizten ote ditu familian eta lagunartean? Noren alde kokatzen dira inoiz ezer ikusi ez dutenak? Miren zergatik ez da joan, hain gaizki tratatua baldin bazen? Zein dira bortizkeria psikologiko errepikatu horien eraginak eta nola adierazten dira denboran zehar? Nork babesten ote gaitu maite gaituzten pertsonez? Maitasunak loturarik ote du menperatzearekin? Zer da maitatzea?
Emankizunak, maitasunaz gogoetatzeaz gain, nahikeria definitzen du. Querer-en, Mirenek bere kateetatik askatzeko ibilbidea segitzen du, egiak zartatzea eta justizia aldarrikatzen ditu. Heroia opresioen kontrako biktimen matxinadaren sinbolo modernoa bezala eraikia da.
Orduan zergatik utzi dit saioak gustu samina? Bideratzen duen mezu nagusiarekin bat egiten dut; alta, kontraesan nabari bat agertu zait. Telesaileko lehen minutuetan, heroia jokatzen duena ezagutzen nuela ohartu nintzelarik, poztu nintzen. Ez ote da Nagore Aranburu, Loreak eta Urte berri on, amona! euskal filmetako aktorea? Gainera, istorioa Bilbon pasatzen da eta pertsonaia gehienen izenak euskaldunak dira (Jon, Iker, Aitor, Izaskun…). Haurrek aita eta ama deitzen dituzte burasoak. Eta… besterik ez. Minutuak eta episodioak pasatu dira, ez dut euskarazko hitzik entzun salbu Ikerri Zorionak zuri kantatu ziotelarik bere urtebetetzeko bixkotxaren aitzinean. EAEn garela ez da dudarik, epaitegian agertzen den Ikurrinak adierazten duen bezala. Orduan zergatik erabili hainbeste elementu euskaldun hizkuntza bera gordetzeko? Badakigu lengoaia bat balio, kultura, ideologia, ondare jakin baten bektorea dela, ez da komunikazio tresna bat bakarrik. Orduan, gazteleraren hautua azpimarratzekoa da. Ez da lehen aldia sorkuntza batean gaztelerari nagusitasuna ematen zaiona, baina, ibilbidea ez ulertzeaz gain, hemen zapalduak diren pertsonak aipatuak direnez, hautuak desorekatu nau.
Mirenen ibilbidea ezin ote da euskaraz kontatu? Horrela balitz, mezua gaizkiago ulertuko genuke? Ez, noski. Hizkuntza minorizatu bati tokirik ez uztea, baztertzea eta nagusitua, kolonizatzailea, indartsua berriz ere balioan ematea ez da inozentea edo ustekabekoa. Erabaki politiko bat da zapaltzailearen mintzaira lehenestea tresna kultural bat sortzeko.
Produkzioaren ikuspegia justifikatu daiteke, argudiatuz gaztelerak atzerrira gehiago salduko duela, unibertsala dela, aktore guztiek ez dakitela euskaraz mintzatzen eta egilea, nahiz eta bizkaitarra izan, ez dela euskalduna. Hots, Euskadin bizi da baina euskara ez da haren errealitatea. Hala ere, arazo etiko bat ikusten dut logika horretan. Seriean, euskara, Euskal Herria eta euskaldunak tresna bezala erabiliak izan dira. Gure lekuak, aktoreak, hitzak, izenak hartzen dira eta haien zentzuaz, zukuaz husten dituzte. Zein helbururekin zehazki? Folklorismoa eta egiazkotasuna gehitzeko istorioari? Ikus-entzunezko tresna horrek errealismoa azpimarratzeko xedea baldin badu, kultura bat tresna bezala erabili du eta errealitate etnozentrista baizik ez du erakusten. Gure kodeak eta egunerokotasuna bereganatzen eta mimatzen dituztenen jarrera kolonialista eta jabetze kulturala galdekatu gabe.
Mirenen ibilbidea ezin ote dugu euskarari konparatu? Ez ote dira egunero isilaraziak, gorrotatuak diren bi entitate? Pertsonaiak eta euskarak sistema boteretsuaren zapalkuntzak pairatu behar dituzte eta haien ahotsa entzuna izan dadin oldartu behar dira.
Querer-ek emazteek jasaten dituzten erasoak salatzen ditu, Euskal Herrian eta gazteleraz. Obra sortu dutenek, feminismoaren irudi heterosexual, burges, xuri, pribilegiatua aurkezten digute. Sexismoa eta genero indarkeria gizon eta emakumeen arteko arazoa dela pentsarazten dute. Talde sozial batek bizi izandako agresioak aurpegiratuak dira haien errealitatetik, errotik, testuingurutik ateraz. Alta, problema sistemaren antolakuntzan kokatzen da, jendarte patriarkalak eta kapitalistak inegalitateak behar dituztelako funtzionatzeko. Sexua, generoa, jatorria, orientazio sexuala, adina, dirua, osasuna… eta hizkuntza opresio tresnak dira. Serieak emazteak isilarazten direla azpimarratu du, eta, ber maneran, euskara mututu du. Zein ironia, zein performantzia, zein ausardia, multzo batek bizi duena plazaratzea, beste bat mespretxatuz eta zapaltzen segituz!
Querer-ek oroitarazi digu ez dela maitasunik errespeturik eta entzumenik gabe, eta maitatzea babestea dela. Orduan, telesailak emazteak maite baldin baditu, ez da euskaldunen kasua.