Saihestu zitezkeen etxegabetzeak

2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Breziki amorragarriak dira EAEn ezagutu ditugun azken etxegabetze eta kaleratze-mehatxuak, aurretik saihestu zitezkeelako. Jaurlaritzaren etxebizitza-politika aldatu izan balitz. Asmo horrekin EH Bilduk Legebiltzarrean berriki proposatutako bi aldaketa onartuak izan balira.

Iñaki eta Rosa Mari Donostiako Groseko alokairu libreko etxebizitza batetik bota zituzten martxoan. Bikoteak ezin zion aurre egin etxearen jabeak, Azora inbertsio funtsak, ezarritako alokairuaren %33ko igoerari, eta kontratu-berritzerik gabe geratu zen. EAJk eta PSEk diote halako kasuen aurrean ezin dutela ezer egin; jabeak nahi beste igo baitezake alokairuaren prezioa, ulerkera liberalaren arabera. Logika horrek etxebizitza negozio gisa ulertzen baitu.

EH Bildun, ordea, argi daukagu etxebizitza oinarrizko eskubide bat dela. Eta hori bermatzeko politikak aldatu behar dira. Esaterako, inbertsio-funtsen agerpenari aurre eginez. Horretarako proposatu genuen, iragan otsailean, etxebizitzak lehentasunez erosteko eta inbertsio-funtsei aurre egiteko lege bat. Batetik, eskari handiko eremuetan babes publikoko etxebizitzen salmenten aurrean Jaurlaritza etxeak erostera derrigortzeko, alokairu sozialeko parke publikoa handituz. Eta bestetik, 2015eko Etxebizitza Legea egin zenean apenas existitzen zen fenomeno berri bati aurre egiteko: putre-funtsen oldarra. Funtsei etxebizitzak lehentasunez erosi ahal izateko araudia zabaltzea ere proposatu genuen, esaterako, aipatutako Azora funtsak Inmobiliaria Vascongada erosi zueneko kasuetan bezala eragin ahal izateko. EAJ eta PSE, baina, PPrekin eta Voxekin lerrokatu ziren, ekimena bertan behera uzteko.

Iñaki eta Rosa Mariren kasua, beraz, laster errepikatu daiteke, arazoa errotik konpondu nahi izan ez delako. Funtsei ez zaielako argi utzi nahi izan, eta ez soilik hitzez, eskubide batekin espekulatzen ari direla.

Bestelakoa da Soukainaren kasua, emaitza antzerakoa izan daitekeen arren, Donostiako Intxaurrondon alokairuan daukan zuzkidura-bizitokia uzteko data ere badaukalako. Gutxienez beste bost familiak bezala, Intxaurrondoko, Hernaniko Sagastialdeko eta Eibarko Fray Martin Mallea kaleko zuzkidura-bizitokietan alokairuan bizi direnak azken bost urteotan.

Eta zuzkidura-bizitokietan mugatuta dago bost urte baino gehiago egotea. Salbuespen batekin, EH Bilduren ekimenez 2021ean adostu zena: Etxebizitza Eskubide Subjektiboa aitortuta daukaten familiek zuzkidura-bizitokian jarraitu dezakete, baita bost urteko gehienezko epea gaindituta ere, Jaurlaritzak alokairu sozialeko etxebizitza bat eskaini arte. Eta, oraingoz, akordio hori errespetatzen ari da.

Kontua da esandako sei familiei ezin zaiela Etxebizitza Eskubide Subjektiboa aitortu, gehienezko diru-sarrerak gainditzen dituztelako. Gutxigatik gainditu ere, Jaurlaritzak ez dituelako gehienezko diru-sarrera horiek berrikusi 2015etik. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata %54 igo da 2015etik, eta, aldi berean, Etxebizitza Eskubide Subjektiboa aitortua izateko mugak, % 0. Horrenbestez, urtean 9.000 euro baino gutxiago kobratu behar da eskubide hori aitortua izateko, eta, ondorioz, alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko lehentasuna izateko, edo haren ordezko Etxebizitza Prestazio Ekonomikoa kobratzeko. Baina hori baino gehiago kobratuta ere pobrezian dago pertsona bat. Hain zuzen ere, egungo pobrezia-arriskuaren atalasea 9.600 eurotan dago ezarria Espainiar Estatuan: urtean 9.500 euro kobratzen duen pertsona bat, adibidez, ofizialki txiroa da, baina gehiegi kobratzen du Jaurlaritzak Etxebizitza Eskubide Subjektiboa aitortzeko. Ulertezina.

Horregatik, EH Bildutik martxoan proposatu genuen diru-sarrera horiek %20 eguneratzea. Eguneraketa horrek ahalbidetuko luke, esaterako, aipatutako bost familiei Etxebizitza Eskubide Subjektiboa aitortzea, eta, ondorioz, zuzkidura-bizitokian alokairuan jarraitzea, Jaurlaritzak alokairu sozialeko etxe bat eskaini arte. EAJk eta PSEk aitortu zuten topeak eguneratzeko beharra dagoela, baina, harrigarriro, alderdi-interesagatik, aurka bozkatu zuten, berriz ere PPrekin eta Voxekin batera.

Ondorioz, saihestu zitezkeen beste etxegabetze batzuen atarian gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.