Artista eta bideratzailea

Sasi-usteen sasitza

Alex Karraskosa
2026ko urriaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urrian hiru gau eman ditut lo hartu ezinik. Lehen lo eza eragin zidaten Irunen atxilotutako gazteen irudi eta datuak argitaratu izanak eta haietako gazteena hurbileko pertsona bat zela ohartzeak: ikasle ohia, umetatik ezaguna eta estimu handitan dudana. Bigarren insomnioa epailearen autoaren argudiaketak eta gazteak behin-behinean espetxeratzeko ebazpenak ekarri zidaten. Eta hirugarrenean, berriz, neska kuttun horrengandik hedapenik handieneko egunkariek asmatu duten pertsonaiak sortu dit lokamutsa.

Argitasun eta perspektiba bila noa. Kontra-auto bat osatze aldera. Distantzia hartuta, sasitza dago agerian, izugarrizko mataza, eta landare guztietan legez, bi testuinguru-baldintza: lurra eta airea.

Has gaitezen behetik. Lurzoruaren lagina hartu eta ETAren oroimenaren dentsitate nutritiboa hauteman daiteke. Bitxia da. Europar beste herrialdeetan ez bezala (zeinetan zuzenbide-estatuak absolutismoen, faxismoen eta totalitarismoen aurka ezarri baitziren), frankismo osteko demokrazia espainiarrak ETAren aurkako borrokan aurkitu zuen bere zilegitasunaren iturburua. ETAren goreneko inpaktua demokrazia hasiberrian jazo zenez, erakunde armatua etsai konstitutibo bilakatu zen Estatuarentzat, eta horrek botereei aukera eman zien ETAren biktimen inguruko kontakizun moral indartsua eraikitzeko. Hamarkadetan zehar, sasiaren zurtoin instituzionalak, hostotza politikoak eta arantzadi mediatikoak lur horretatik elikatu eta, haien sostengu nagusia desagertu zen arren, gaurdaino iraun dute. Hala ere, gerora, «antagonista konstitutiboaren» faltak identitate-hutsunea sor dezake (ez da torerorik zezen barik). Orduan, zer aukera du sastrakak bizirauteko?

Goazen airera. Euriz beteriko afrontu baten moduan, sekuritizazioaren paradigma hedatuz doa munduan. Teoria hori teorema honetan datza: «zenbat eta handiagoa arriskuaren pertzepzioa, orduan eta irekiagoa herritarren prestasuna murrizketak, zaintza, hertsadura edo salbuespenezko neurriak onartzeko». Pentsamolde horren sendotasuna, ordea, mehatxuaren sinesgarritasunaren araberakoa da. Beraz, sastrakaren premia, bizirik segitu nahi badu, ingurumen-baldintza egokiak sortzea da, hots, edonondik, dena delakotik ere, aparteko xedapenak eskatzen dituen mehatxu existentziala aurkeztea. Hortik ebazten da praktika politiko berria: arreta desbideratzea gertatutakoaren memoriatik gerta litekeenaren beldurrera. Kontuan hartuta estatuek fenomeno emergenteak aurreko gatazketan eratutako kategoria kognitibo eta instituzionalen bidez interpretatzen dituztela eta egungo europar gobernuen erronka handi bat gazteen ezinegon gorakorrari erantzutea dela, espainiar Estatuak indarkeria politikoaren sasoian eraikitako memoriaren bidez irakurtzen du desafio hori. Ondorioz, disidentzia-adierazpenak ez dira desadostasun politiko gisa soilik ulertzen; mehatxu baten iragarpentzat ere jo daitezke.

Sasi-usteen sasitzaren ondorioei begiratzen diet orain, arantzek urratutako gazte biei, alegia. Horretarako, sekuritizazioaren antipodako ikuspegia aplikatzen dut: begirada errestauratiboa. Paradigma-aldaketa (gertaeretatik mehatxura) pertsona zehatzetara eramanez gero, erreparatzen dugu auto judizialak eta ondorengo deformazio mediatikoak auzipetuen estatus morala aldatzen dutela. Pertsona ez da jada «egile» gisa tratatzen, baizik eta «egiteko gai dela irudikatzen duen norbaiten» gisara; hau da, «ustezko aurre-biktimagilearen» gisara.

Zenbateko ziurgabetasuna da onargarria? Noiz bihurtzen da prebentzioa espekulazio? Zein unetan hasten da arriskuen kudeaketa oinarrizko eskubideak higatzen?

Horrenbestean, justiziak, segurtasunaren teologia berriaren izenean, errealitate behagarriei bainoago, etorkizun hipotetikoei lehentasuna ematen badie, sumarioan ikertu eta epaituko den guztia Esperpentoa izango da. Bidezko justizia batek auzipetuen nortasunaz, benetako gertaerez (ez horien asmoez) eta kaltetutako harremanez (baleude, kasuon ez baitaude), galdetu beharko luke. Eta, onenean, justizia horrek naturalago hobetsiko lituzke topaketa, elkarrizketa, aitortzak eta benetako jokabidean oinarritutako ebidentzia.

Gizarte-, politika- eta zuzenbide-eragile guztiei beren buruari honako hau itauntzea proposatzen diet: Zer froga-atalasek justifikatzen ditu ohiz kanpoko neurriak? Zenbateko ziurgabetasuna da onargarria? Noiz bihurtzen da prebentzioa espekulazio? Zein unetan hasten da arriskuen kudeaketa oinarrizko eskubideak higatzen? Izan ere, gizarte bat etsaiak identifikatzen trebatzen denean, ez al da, aldi berean, pertsonak aintzatesteko trakesten? Hedabide hegemonikoek eraman gaituzten eztabaida soziala ez da gazte horiek errugabeak ala errudunak diren, baizik eta haien erruduntasuna sumatzen duen sistemak gizakiak ikusten ote dituen ala bukaera aurreidatzita daukan gidoi bateko pertsonaiak.

Amaitzeko, hasierara noa bueltan. Irailean, espainiar Estatuaren zama osoa haren gainean jausiko zitzaionik inolaz ere igarri ezinik, Malenekin topo egin eta bizitzaz eta espektatibez solasean egon ginen. Ziur nago beldurrezko film bateko protagonista izatera bortxatzen ari direla. Ikusle hutsak izaten jarraituko al dugu?

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA