Abuztuan jada sei urte joango dira kultur eragile talde batek, gure herriaren deskohesioaz kezkaturik, ideia hauxe plazaratu genuenetik: Zazpiak Bat osoaren imajinario kolektiboa sendotzea, ereserki baten bidez. Historian oinarrituz, Gernikako Arbola da ereserki hori. Hautu hori berresten dute lurralde eta joera politiko guztiek, erreferentzia bibliografikoek eta diskografikoek, entziklopediak eta nazioarteko ospeak. Hala ere, esan genuen bezala, prest geunden beste alternatiba serio batzuk babesteko, baldin eta atxikimendu gehiago bazituzten ereserki historiko horrek jasotzen zituenak baino.
Ez dugu dudan jartzen gure herriaren egungo banaketa administratiboan finkaturik dagoena: EAEko edo Nafarroako ereserkiak berdin erabili ahal izango lirateke, zein bere eremuan, baita Euskal Herrian erabiltzen diren beste ereserki batzuk ere. Baina oraindik faltan ematen da ofizialki elkartuko gaituen ereserki bat, ekitaldi handietan, lurraldeen arteko topaketetan.
Sei urte joan dira. Herri ekimenak borondateak elkartuz, eta alderdi batzuetatik isiltasun erosoak bueltatuz. Aldiz, milaka atxikimendu bildu ditugu zenbait adierazpen nazionaletan: ehunka musikarik, orfeoi-zuzendarietatik hasi eta punk izarretaraino, babestu zuten Iparragirreren betiereko zortzikoa. Gero etorri zen Euskal Herriko historialarien selekzioa, joera ideologiko orotakoa; idazleek eta editoreek jarraitu zuten, Unamuno, Baroja, Kanpion, Arlt, Steer, Marta Gelhorn eta beste hainbat autorek utzitako lorratzean. Ezker Abertzaleko historikoek bat egin zuten, Krutwigek, Monzonek eta Txabi Etxebarrietak bere garaian egin bezala. EAJko Hermes aldizkaritik, jarraitzaile talde handi bat alde agertu zen, inork kontra egin gabe.
Apirilaren 18an, Urkiolan, bazter guztietako euskaldunak, euskal herritarrak, bildu nahi ditugu. Elkarrekin abestuko dugu, eta eman beharreko pausoak erabaki
Jesus Egiguren prentsara atera zen gogora ekartzera euskal sozialismoak DNAn daramala Iparragirreren ereserkia. Nahikoa da irakurtzea Zugazagoitia eta Meabe, edo Gallartako meatzarien oihartzunak entzutea, Dolores Ibarrurirekin.
Sei urte hauetan, ehunka erreferentzia historiko berri ezagutu ditugu: ez ziren bi izan, sei baizik, Gamazadan Donostian Gernikako Arbola abesteagatik Guardia Zibilak hil zituen herritarrak, tartean emakume bat, Bernardina Garcia. Foru aldarrikapen ororen kantua izan da; Lore Jokoen preludio ofiziala; Eusko Ikaskuntzaren obertura (egun, hain afonikoa); II. Errepublikaren laguna; erbeste guztien ereserkia; munduko pilota kantxen eta lehen futbol selekzioaren kantu historikoa. Sabino Aranak ereserki nazionaltzat zuen; karlistek foraltzat; ezkertiarrek anaitasun internazionalistakotzat; anarkistek libertariotzat; eta hasierako ETAk abertzalea. Guztiek Baskoniaren ereserkitzat jotzen zuten, Aturritik Ebroraino.
Sei urte hauek, herrialde osoarekin hitz egin ondoren, gure tesia berretsi dute: Gernikako Arbolak ez du parekorik. Egin zaizkigun proposamenek elkar baztertzen dute. Jelkideren batek esan zigun Gora ta gora Nafarroan ere abestu behar dela, eta nabarristaren batek, Nafarroako Gorteen ereserkia Bilbon kantatu behar dela: elkar hutsaltzen duten aukeren arteko berdinketa, 45 urte hauek frogatu duten bezala.
Batzuek diotenez, «kutsu erlijiosoa du», jakin ere ez baitakite Gernikako Arbola justu olde iraultzaile baten barruan sortu zela: mundu osoan gurutzeak Askatasun zuhaitzekin ordezkatu zituena. Nazioarteko Brigadek esperantora itzuli zuten. Euskal anarkismoaren erreferenteak, Chiapusok aitortu zuenez, mundu osoko ereserkiek ez bezala, «ez dio gurutzeari kantatzen», baizik eta «munduko askatasunari eta anaitasunari».
Beste batzuek diotenez, «gazteek ez dute kantatzen», eta egia da. Jarraik eskuliburuetan jartzeari utzi zionetik, Burgosko prozesuak Eusko gudariak zabaldu zuenetik, eta, batez ere, trantsizioak ereserkiak bereiztea inposatu zigunetik, euskal gazteriak kantatzeari utzi zion... Rotten XIII, Erramun Martikorena eta beste batzuen kontzertu jendetsuetan entzuten hasi zen arte.
Batzuek diotenez, «antzinako kutsua du», eta «egungo» problematikak jasotzen dituen ereserkia behar omen dugu. Hori diotenei gogorarazi behar zaie ereserki bat ez dela ideien lehiaketa batean inprobisatzen; eta, zorionez, Euskal Herrian dena ei dela zaharra, horregatik, bizirik jarraitzen dugula; eta Gernikako Arbola euskal sinbolo moderno eta eguneratua dela, gerraren eta mehatxu totalitarioaren kontrakoa, bakearen, internazionalismoaren eta antifaxismoaren munduko ikonoa. Harribitxi itzela dugu, transbertsala, epikaz jantzia, gizatasunez, historiaz eta etorkizunez betea...
Orain 145 urte hil zen Iparragirre. Bada, datorren apirilaren 18an, Urkiolan, bazter guztietako euskaldunak, euskal herritarrak, bildu nahi ditugu. Elkarrekin abestuko dugu, eta eman beharreko pausoak erabaki. Munduko nazio gehienek baino lehenago, Euskal Herriak, Baskoniak, ereserki nazional bikaina aukeratu zuen. Eta ez gaude elementu unitarioz gainezka hori oharkabean pasatzen uzteko.