Urtero legez, Unibertsitatera Sartzeko Probaren (USaP) ostean zenbait eztabaida piztu dira, eta nola ez, berriro ere, euskara daukagu hizpide. A hizkuntza ereduan ikasi duten zenbait ikastetxetako ikasleak haien ustez zeharo bidegabeak izan diren kalifikazioak salatzen agertu zaizkigu hedabideetan azken asteotan.
Lehenik, telebistak igorri dituen irudietan ikusi eta entzun ahal izan ditugun gazteek azaleratu duten euskara mailak agerian utzi du haien ezagutza ez dela, ezta gutxiago ere, euskarazko azterketa bat gainditzeko modukoa. Halere, urduritasunak urduritasun, euskararen aurka egiten ari den politikari buruzko ikuspuntu bat partekatu nahiko nuke. Izan ere, ikasle hauek eskatzen dutena ez da ebaluazio irizpideen inguruko gogoeta bat egitea. Helburua EHUk ezohiko mekanismoak aktibatzea da, nota nola edo ahala altxatzeko baizik.
Beste behin ere, euskaltzaleok ohituraz barneratua dugun nekeari jarraian, euskara arazo dela mahaigaineratu digute. Euskararen errua ei baita, orain, ikasle hauek aurreikusita zeukaten ikasketarako gutxieneko kalifikazioa lortu ez izana. Euskal administrazio publikoan lanpostu finko bat lortu ezin duenak euskarari dion gorrotoaren antzera, euskara da oztopo, gaizkile: inposatutako bidegabekeria madarikatua.
Ikasleak babesten agertu diren euskarazko irakasleek erakusten dieten konpromisorik ezak arduratzen nau. Hau da, euskaraz edonola idatzi zein hitz egitearen bitartez ikastetxeetan gainditzea lortu badute, hobetu beharko luketela aitortu beharrean, gogoeta-jarrera kritiko bat transmititu ordez, zergatik irudikatzen diete euskararekiko gorrotoa beren buruetan?
Hauteskunde kanpainan euskara hizkuntza eta kultura aniztasun, aberastasun eta nortasun kontzeptuekin lotzen duten politikari espainolisten antzera, gaztelera bezain ofiziala den hizkuntza bat inposatu nahian gabiltzala leporatzen digute. Progresisten aburuz, adibidez, eskubideak defendatzea ezinbestekoa den arren, hizkuntzaren erabilerari dagozkionak ez dirudite hain eskubide beraien leloetan. Hori dela eta, irtenbide zuhur bat bilatzearren, nire ustez, EHUk Euskadiko ikasle guztiei aplikatu dizkien ebaluazio irizpideak berrikusi behar izatekotan, hain iraultzaile adierazi diren ikasle zein irakasle hauen ikastetxeetan bikainekotzat jo dizkieten azterketak hartu eta, neurri berean, zuzenketa irizpideak arretaz behatu beharko liratekeelakoan nago. Halako kontraesana badago bi sailen artean, bi hizkuntza desberdin ikasten aritu izan balira bezala, azterketak zuzentzeko eskakizunei erreparatu beharko genieke, haiek gure unibertsitatearenak aspalditik ezagutzen baitzituzten.
Dena den, ikasleak babesten agertu diren euskarazko irakasleek erakusten dieten konpromisorik ezak arduratzen nau. Hau da, euskaraz edonola idatzi zein hitz egitearen bitartez ikastetxeetan gainditzea lortu badute, hobetu beharko luketela aitortu beharrean, gogoeta-jarrera kritiko bat transmititu ordez, zergatik irudikatzen diete euskararekiko gorrotoa beren buruetan?
Hortaz, euskara arazoa dela sentiarazi nahi diguten honetan, argi esan diezaiegun ezetz. Euskara ez dela kosifikaziorako objektua, jostailua, ez dela nork bere erara molda dezakeen zerbaiten itxurakoa. Hizkuntza bat da, beste edozein bezala. Ez da preziatua, ezta ustela ere, eta, beraz, ganoraz idazten ez dakienak, hizkuntzari huts egiten dio.