Gerra guztiek, izandakoek eta etorriko direnek, motibazio komun bat izaten dute: lurraldea. Herriek ez dute onartzen inork haiek konkistatzea, zatikatzea, beren hizkuntza eta tribuak banantzea, milurteko luzez elkar harturik ibili eta gero. Herriak ahultzeko obsesio kolonialista, haien mugak erregelaz eta kartaboiz erditik moztuz, gatazken sorburu izan da. Alsaziak eta Lorrenak mundu gerrak eragin zituzten, Balkanetako puzzlea odoletan da oraindik, Ulster ere bai, hain hurbil... Gaur egun, Palestinak, Donbassek eta Saharak lurrarekin ez dela jokatzen gogorarazten digute. Egunero madarikatzen ditugu gerra horiek eragiten dituzten kriminalak, ukatu egiten baitute herriei beren mapaz erabakitzeko eskubidea.
70eko hamarkadaren hasieran, norbaitek esan izan balu Nafarroa ez zela Euskal Herriaren parte, ergeltzat joko zuten. Administrazio ezberdintasunen gainetik, tradizio historiko osoak babesten zuen ikuspegi hori. «Euskal Herria —dio Espasak frankismo gorrian— es el territorio que comprende las provincias españolas de Navarra, Álava, Guipúzcoa y Vizcaya y los antiguos países de Labourd, la Soule y la Baja Navarra». Nafarroako prentsa osoak onartzen zuen lurraldetasun hori: Diario de Navarra egunkariak ere Euskalerrian barna bezalako atalak zituen, eta Ollarra zuzendariak 1982an esan zuen «Euskalerria errealitate bat» zela.
Nafarroako bankak euskal batasunaren aldeko apustu publikoa egiten zuen. Noiztik? 1867an Foru Aldundiak berak beste hiru ahizpei banku komun bat egitea proposatu zienetik. 1924tik goiti, Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak funtzionatzen zuen, Federación Vasco-Navarra de Cajas de Ahorro delakoa, eta 80ko hamarkadara arte Vida vasca aldizkaria argitaratzen zuen: Nafarroako enpresa handi guztiek jartzen zioten publizitatea. 1978an ikurrinak agertzen ziren bere orrialdeetan eta CANek bere publizitatea jartzen jarraitzen zuen. Udal Aurrezki Kutxak Euskal Herriko mapa bat argitaratu zuen bere bezeroentzat; 1973an, berriz, Banco de Vasconiak beste bat argitaratu zuen, bere sukurtsal guztietan erakutsia. Mapa horren kartelaren buruan, Gernikako Arbola, Nafarroako armarria eta Zazpiak Bateko zazpi mendiak agertzen ziren, garai hartako karga sinboliko guztiarekin.
70eko hamarkadan, nonahi ernatzen ziren vasconavarras deituriko elkarteak: arborikultura elkartea, arkitektoena, erizaintzakoa, genealogia, gidoilariak, hematologia eta hemoterapia, osasun mentala, musikariak, pediatria, aseguruak, automobilismoa, ordena erlijiosoak eta beste asko, batasunaren aldeko XIX. mendeko tradizioari lotuz. Euskal gotzainek pastoral bateratuak egiten zituzten, eta lortu ere egin zen Espainiako Gotzainen Biltzarrak Iruñeko eta Tuterako Euskal Eliz Probintzia onartzea, haren barnean Bilbo, Donostia eta Gasteizko elizbarrutiak bilduz. Milaka apaizek eta herri elkartek babestu zuten eskaera. 70eko hamarkadan, Nafarroako sindikatu guztiek ikurrina jartzen zuten beren egoitzetan, eta Euskadiko hitza zeramaten aurretik. UGTk, Urralburu buru zuela, autodeterminazio eskubidea defendatzen zuen. Joera berekoak ziren alderdi politiko ez-frankista guztiak. Legeztatu bezain laster, udalak, artean frankistak, ikurrinak jartzen hasi ziren beren balkoietan, Iruñetik hasita. Nafarroa Erdialdeko eta Erriberako herriek naturaltasunez jarri zuten: Faltzesek, Alesbesek, Larragak, Tafallak, Arroitzek, Oibarrek... Agoitzen eta Atarrabian, ikurrinari buruzko erreferendumak antolatu ziren, baita aise irabazi ere.
1977an egin ziren lehen hauteskundeak, eta Euskal Herriaren batasuna aldezten zutenek garaipen osoa eskuratu zuten: 150.000 boto, kontra zituztela 107.000 boto. Alderdi irabazle guztiek Nafarroa Euskal Unibertsitate Barrutian sartzea eskatu zuten. Nafar Fronte Independenteak berak, deitura ezagunek bultzatuak (Irazoqui, Taberna, Valimaña, Zubiaur, Arbeloa, Tomas Caballero, Malon, Urmeneta...), esaten zuen «nafarrak, Euskalerriaren enborra eta sustraia garen aldetik, lotura sendoan bizi nahi dugu Euskalerriko gainerako lurraldeekin». 1979an, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan, euskal batasunaren aldeko aukerak izan ziren berriro gehiengoa (37-33).
Aldiz, estatu sakonetik gelditzeko agindu zuten. 1981eko otsailaren 23an, Tejerok estatu kolpea eman zuen. Hilabete eskas geroago, Nafarroako PSOEk kongresua egin zuen, eta euskal batasunaren aldeko jarrera erabat aldatu zuen, argudiatuz Errepublikaren urteetan alderdia ez zela izan euskal estatutu komunaren aldekoa. Gezur galanta, aski da irakurtzea, besteak beste, 1936an sinatutako Nafarroako Fronte Popularraren komunikatua. PSOEk, bada, pixa egin zuen Juan Arrastia, Jose San Martin, Clemente Ruiz, Jesus Boneta eta fusilatutako milaka sozialistaren hilobien gainean. Urralburu eta Arbeloa buru zituen azpisuge eta ustel kuadrilla batek historia desitxuratu zuen. Zorionez, kongresu horretako aktak gelditu zaizkigu, froga ukaezinak.
Telesforo Monzonek ohartarazi zuen Nafarroa zela estatu indarkeriaren gune nagusia. Mario Onaindia buruzagiak ere, El País-etik, «arduragabetzat» jo zuen bere alderdiaren politika, eta «ondorio larriez» ohartarazi. Jarrera «suizidatzat» zuen, «borroka armatuaren jarraipena eta demokraziaren ezegonkortzea» sustatzen zuena.
Orduz geroztik, historiak mendeetan ehundu zuena desmuntatzeari ekin zioten. Elkarte bateratuak (vasco-navarras) eta Kutxen Federazioa desegin zituzten, Elizaren batasuna geldiarazi zuten, ikurrinei eta mapei jazarri zitzaizkien, Euskararen Legea ezarri zuten, nafarrek euskal herritar izateari utzi zioten, eta baskoiak desagertu ere egin ziren arkeologiatik. Eta beste ezeren gainetik, botoa emateko aukera ukatu zioten Nafarroako herriari: Ceuta eta Melillarekin batera, bere estatutua berretsi ez zuen erkidego bakarra izan zen, agerian utzita gure egoera koloniala. Soilik inposizio militarragatik eta PSOEren zitalkeria kriminalagatik ulertzen da borroka armatua beste 30 urtez luzatzea. Inoiz ez zen nafar gehiago egon ETAn militatzen, eta negoziazio prozesu guztietan funtsezko bi puntu izan ziren mahai gainean: erabakitzeko eskubidea eta euskal batasuna. Puntu horiek, metodoekin bat ez etorri arren, euskal gizartearen gehiengoak babesten zituen.
Espainiako estatu kolonialista, errege ustel bat buru zuela, bortizki borrokatu zen euskal erresistentziaren kontra, bere indarkeria militar eta mediatiko guztiaz. Torturek eta estatu terrorismoak are gehiago bultzatu zituzten euskal gazte asko matxinadara. Herrialde bat zatitzeak, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzeak, bere ondorioak ditu, hemen eta munduko edozein bazterretan. Gauzak okerragora joan zitezkeen. Orain ez gaitzatela deitu piromanoak sua piztu zutenek.