Identitateari, pertenentziari eta botereari buruzko galderak garrantzitsuak izan dira historian gizakientzat, eta galdera horien erantzunek nazio-estatuen mugak gurutzatu dituzte bete-betean. Baina ondo baino hobeto dakigu euskaldunok, baita munduko beste nazio askok ere, muga horiek ez direla nahikoak izan, eta ez direla egun ere, gure mundua azaltzeko. Eta kategoria politiko tradizionalak eskasegiak zaizkigula aldaketa sozial eta politikoak ulertzeko. Alde horretatik, ahots batzuek esango dizute nazionalismoaren afera zaharkituta geratu dela; beste ahots batzuok, ordea, jarraitu nahi dugu aldarrikatzen nazio-estatuen nazionalismoaren eragin-indarrak bere horretan jarraitzen duela, forma berriak hartu ditzakeen arren, eta estaturik gabeko herrien etorkizuna ez dagoela bermatuta hurrengo mendeetan.
Horrela, beraz, pentsamenduari buruzko hausnarketa espazioetara joz, ezinbestekoa iruditzen zaigu subiranotasunaren inguruko marko teorikoak aztertzen, eztabaidatzen eta eguneratzen jarraitzea. Eztabaida zaharretatik ikasiz, oraina ulertzeko eta etorkizuna modu kontzientean irudikatzeko ezinbestekoa baitzaigu lan hori egitea.
Munduko lurralde gehienetan bezala Euskal Herrian ere, talde identitate bat baino gehiago bizi da elkarrekin, eta aniztasun hori hizkuntzan, erakundeetan edo memoria kolektiboetan islatzen zaigu, adibidez. Subiranotasunaz eta nazionalismoaz hitz egiten dugunean, beraz, ezinbestekoa zaigu gizarte errealitate konplexuak ulertu ahal izateko tresnak eta pentsamendu forma zahar-berriak artikulatzea. Alde horretatik, nazionalismoa eta nazionalismoen ikerketa tresna analitiko baliagarriak zaizkigu errealitate sozial konplexuok aztertzeko: komunitate loturak nola eraikitzen diren ikusteko edo boterea nola antolatzen den aztertzeko.
Nazionalismoek gizakien egunerokoan nola funtzionatzen duten ulertzeko, Michael Billig-en nazionalismo banal kontzeptura jo dezakegu. Teorialari horrek azaldu zigun nazio-estatuek ez dutela diskurtso esplizitu nazionalistarik egin beharrik identitate nazional bat sendotzeko; modu sotil eta ia ikusezinean txertatzen dutelako nazioa gizartearen egunerokoan. Alegia, nazioa inork zalantzan jartzen ez dituen banderetan, egutegietan, gu naturalizatu batetik hitz egiten duten komunikabideetan, edo eguraldi mapetan ardazten dela, errealitatea diskurtso nazional batean gorpuztuz etengabe.
Nazionalismoa, beraz, garaian garaiko fenomenoek materializatzen dute: globalizazio ekonomiko neoliberalak, gerrei, jazarpen politikoei edo larrialdi klimatikoari loturiko migrazioek, digitalizazioak, krisi ekologikoak, bazterkeria sozialak, polarizazio politikoak, kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren krisiak, eta abarrek. Testuinguru honetan, premiazkoa zaigu, gure ustez, subiranotasunez hitz egiten dugunean, zer esan nahi dugun pentsatzea, zein komunitate eraiki nahi dugun adostea, eta identitate kolektiboak nola artikulatu ditzakegun birpentsatzea.
Egitasmo horretan, XXI. mendeko subiranotasunen eta nazionalismoen azterketa ahalik eta gehien fokuratzeko ezinbestekoa zaigu gure analisietan ikuspegi berriak ere txertatzea eta norberak bere kontraesanak aitortzea. Esate baterako, egun ditugun erronka nagusietako bat auzi digitala da. Gero eta konektatuago dagoen gizarte batean bizi gara, baina, aldi berean, herritarrok gure datuen, azpiegitura teknologikoen eta komunikazio moduen gaineko kontrola galtzen ari gara. Horrela, enpresa pribatu handiek gure osasunari, hezkuntzari edo harremanei buruzko informazioa kudeatzen dute etengabe. Are gehiago, gure emozioak ere algoritmoen bidez aztertzen eta merkaturatzen hasiak dira dagoeneko. Orduan, zer zentzu du autogobernuaz hitz egiteak pentsatzeko, sentitzeko eta harremanak izateko erabiltzen ditugun tresnak ere kontrolatzen ez baditugu?
Funtsezko beste erronketako bat teoria eta mugimendu feministek ekarri digute. Nekez pentsatu dezakegu egun proiektu nazional bat ikuspegi feminista eta intersekzionala txertatu gabe. Gure dinamiketan logika patriarkalak erreproduzitzen ditugunean, noren askapenaren alde ari gara? Nazionalismoa eta feminismoa uztarri bereko aferak diren neurrian, hura eraldatzeko tresna politiko eta teorikoa zaigu. Ezinbesteko galderak egitera bultzatzen gaitu: noren izenean hitz egiten dugu herriaren izenean hitz egiten dugunean? Nor geratu izan da, geratzen da kanpoan? Nola artikulatzen da boterea gizarteko borroka egitasmoetan?
Intersekzionalitatearen kontzeptuak, alde horretatik, aukera ematen digu zapalkuntza ardatz ezberdinen arteko erlazioa aztertzeko, hala nola generoa, arraza, nazioa, jatorria, klase soziala, orientazio sexuala edo adina, besteak beste. Mundu konplexuak analisi konplexuak eskatzen dizkigu. Eta hor agertzen zaigu hirugarren erronka nagusia: begirada dekolonialarena.
Burujabetzaren auzia zuzenki lotzen da justizia historikoarekin eta sozialarekin. Bide horretan, herri subalternoen ahotsa entzutea funtsezkoa da, baita herri horien subiranotasunaren aldeko borroka kolonialismo kultural, ekonomiko eta sinbolikoarekin batera analizatzea ere. Aldi berean, autokritikarako gaitasuna gure eginez norberaren praktikak berrikustea beharrezkoa da: zer erreproduzitzen ari gara oharkabean? Nola eraiki dezakegu justizia historikoan eta sozialean oinarritutako etorkizun bat?
Horri guztiari buruz hausnartzeko, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko ikertzaileok Subiranotasun Emergenteak Nazioarteko Kongresua antolatu dugu Bilbon, Estaturik gabeko nazionalismoen nortasun, lurralde eta estatu eraikuntzak izenburupean. Sortzen edo suspertzen ari diren subiranotasun emergenteei buruz arituko gara hiru egunez, bertako eta munduko hainbat txokotako ikertzaileen esperientziak elkarrekin trukatuz: Groenlandiako sezesio-prozesuak, feminismoaren eta nazionalismoaren arteko txirikordatzea, adimen artifizialaren bat-bateko sarrera, euskal kulturaren subiranotasunaren eta migratzaileen beharren irakurketa dekoloniala, eta Joxe Azurmendiren ondare intelektuala, besteak beste. Nazionalismoen eta subiranotasunen inguruko eztabaida globalak Euskal Herriaren errealitatera egokitzeko, gure testuingurua mundura zabaltzeko eta munduko erronkak gurera ekartzeko aukera paregabea izango dugu.
Gaian interesa duen pertsona oro gonbidatu nahi genuke lerro hauen bidez: ikasleak, irakasleak, ikertzaileak, aktibistak, kulturgileak eta beste edozein lanbidetako herritarrak. Etor zaitezte Bilboko Bizkaia aretora azaroaren 27tik 28ra, parte hartu, galderak ekarri eta zuen begirada partekatu. Zenbat eta ahots gehiago, orduan eta aberatsagoa izango baita trukea. Zenbat eta galdera gehiago, orduan eta aukera handiagoa izango baitugu etorkizun partekatu bat irudikatzeko.
Informazio guztia eta izen-ematea: https://emergentsovereignties.net/