Ernaiko kidea

Surfing EH

Markel Rio
2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

Sopelan bizi naiz, Bizkaiko kostaldeko herri horietako batean. Ziur asko gehiengo batek herriaren izena entzuterakoan hau zuzenean surfarekin lotuko du. Bada, askok uste dezaketenaren kontra, bestelakoak dira surfa baino sopeloztar gehienon artean atxikimendua sorrarazten duten jarduerak. Ni horietako bat naiz.

Baina tira, uste dut urteetan zehar neure burua aurreiritzien jopuntuan topatu izanak nahikoa zilegitasun ematen didala surfaz sasi surflari gisa izango banintz bezala aritzeko. Hori horrela, uste dut surfa gure praktika politikoa aztertzerako orduan baliagarria zaigun afera bat dela.

Hiru elementu dira ezinbestekoak surfean aritzeko: olatu egokiak, taula on bat eta arraun egiteko indarra. Hirurak topatu eta bat egiten duten une horretan katarsi momentu bat gertatzen da. Orain, horrelako une horietako baten aurrean topatzen gara.

lzan ere, olatuari dagokionez, ez dut uste inor harrituko denik, une politikoari lotzen zaion elementurik egokiena hau dela baieztatzen badut. Une oso konkretu eta erabakigarri batean gaude, non elementu desberdinen gurutzaketak zuhurtziaz lan egitea eskatzen digun. Elementu horiek hiru dimentsio desberdinetan topatu ditzakegu.

Alde batetik, dimentsio globala kokatu beharko genuke. Zibilizazio krisi bete-betean aurkitzen gara. Fase neoliberalaren agorpen unea bizi dugu, non kapitalak haren etekin ekonomikoei eusteko berregokitzapen bat egiten ari den. Horren baitan geroz eta bortitzagoa bihurtzen ari da bizitza eta kapitalaren arteko talka. Zaintza krisia, migrazio krisia, krisi ekosoziala, ekonomikoa, inork ukatu ezin dituen aferak dira, eta horien zergatia aztertzeko, neoliberalismoaren agorpenera jo behar dugu. Gazteongan krisi orokortua are bortitzagoa den bizi baldintzen erabateko prekarizazioari lotuta gertatzen da, Belaunaldi Krisi gisa izendatu dugun fenomenoa ezaugarrituz.

Era berean, ipar globaleko gizartearen oinarri kultural, sinboliko eta materialak hautsi dira, mendebaldeko gizartea erreferentzia berrien bila ari da. Horren baitan, agintari politiko tradizionalak, gizarte sektore zabalen galderei erantzuteko duten ezintasunetik posizio erreakzionarioak hedatzen ari dira.

Bigarren dimentsioa lekutuagoa da, eta Euskal Herriko mugimendu sozialen gihar eraldatzailearen momentuko egoera da. Pandemia osteko unearen ostean eszenatoki berri batean topatzen gara, non berriz ere herri mugimendu indartsu eta erreferentziala proiektatzen ari den. Horren adibide garbia izan da bizi berri dugun udazkena. Asteburu bat ere ez da mobilizaziorik gabe egon, aste bat ere ez lan gatazkarik gabe zein pertsonarik zaintza auziaz gogoetatu gabe.

Horrek izugarrizko aktiboa suposatzen du, bai berezkoa duen indarragatik eta eraldaketa sozialaren ikuspegitik duen potentzialitate argiagatik, zein aurrez aipatutako baloreen krisiaren baitan klabe eraldatzaile eta askatzaileetan kokatzen diren alternatibak eta ortzi-mugak planteatzeko duen gaitasunagatik. Alegia, atzera egiterik ez, tesi askatzaileen aldeko berrespen ariketa kolektiboa izan da udazken hau, eta aurrerantzean izaten jarraituko du.

Azkenik, maila instituzionalean ematen ari diren pausoak kokatu behar ditugu. lruñeko udaletxetik hasita apirilaren 21ean ospatuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan zabalik dagoen lehiara arte. Urteetan zehar, herri honetan termino elektoraletan itzultzen ez zen gehiengo aurrerakoi eta abertzale bat existitzen zela antzeman zitekeen. Orain, berriz, gehiengo sozial hori maila instituzionalean ere artikulatzen ari dela ikus dezakegu. Esan beharrik ez dago, herri honek dituen erronka propio zein globalei perspektiba nazional eta eraldatzailetik erantzuneko, herri sektoreen mesedetan jardungo duten instituzioak zein beharrezkoak diren. Horrek guztiak, berretsi besterik ez du egiten une honek duen garrantzi politikoa.

Beraz, olatua surfeatzeko taula egoki bat behar dugu, zeinak nahikoa helduleku emango dizkigun olatua behar bezala hartzeko. Era berean, iparra markatu eta itsasertzera zutik heltzea ahalbidetuko digu. Guk hau argitaratu berri dugun «Gazteontzat» proposamenean aurkitzen dugu. Izan ere, gazteoi dagokigun olatuaren zatia bizi baldintza duinen borrokari hertsiki lotuta ulertu behar dugu.

Hori horrela, proposamenaren bidez, bi dira mahai gainean jarri nahi izan ditugun ideiak. Alde batetik, muturreko egoera baten aurrean gauden heinean urgentziazko neurriak kokatu nahi izan ditugu. Bestetik, alternatiba posible dela eta hau egikaritu daitekeela azpimarratu dugu. Izan ere, inkognitaz beteriko momentu honetan, non espektatiba kolektiboak eraisten ari diren eta ziurtasunik eza nagusitzen den, egoera iraultzerik dela ikusaraztea ezinbestekotzat jotzen dugu.

Inongo zapalkuntzarik gabeko mundu berri bat desio dugunok eta desio hori geroz eta jende gehiagorena izatea nahi dugunok ardura bikoitza baitugu. Egungo antolamendu sozialaren kontraesanak ikusarazteaz eta salatzeaz gain, hau gaindituko duen proposamen oso bat mahaigaineratu eta batez ere hau egikaritzeko norabidea markatzeko eginbeharra dugu. Era berean, gure proposamenak ezin dira soilik egoera idealena marraztera mugatu, gaurdanik gazteon bizitzak duintzeko tresnak ere behar ditugu. Horregatik, sinetsita gaude aurkeztu dugun proposamena olatuaren neurriko taula dela.

Hori horrela, ekuazioa osatzeko arraun egiteko indarra baino ez dugu behar, horrek euskal gazteriaren antolakuntza eta konpromisoak ordezkatzen ditu. Ortzi-muga, zein honetara heltzeko norabidea, izan badugu eta herri honetan bada gazteriaren sektore handi bat zeinak ez duen onartuko beren bizitzak prekaritate gordinenean garatzen jarraitu behar izatea. Bere beharrak eta ahotsa erdigunean kokatuko dituena eta bizitza duinak eskuratzeko borrokan diharduena. Hots, une historikoari heltzeko anbizio osoa duena.

Olatua hemen dago, eta gazteok anbizio eta konpromiso osoz aurrean ditugun erronkei helduko diegu. Taula esku artean hartu eta gazteontzat bizitza duinak bermatuko dituen Euskal Herrirantz jauzi egingo dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.