Ezker Abertzaleko militantea

Tafallak kantatzen badu...

2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Negu Gorriak taldeak «Borreroak baditu milaka aurpegi» abesten zuen 1993an, duela 32 urte... Eta, tamalez, orduan hala bazen, orain ere halaxe dela esan genezake, denborak arrazoi eman dio Fermin Muguruzari: munduan borreroak milaka aurpegi ditu.

Duela hiru hamarkada lehen munduan indartzen hasi zen segurtasunaren aldeko doktrina gerraren doktrina izatera pasa da. Garai hartan ez bezala, egun, agintean dagoen klase politiko zein ekonomikoak kontzeptu oso gogorrak erabiltzen ditu egunero mendean hartuak dituen hedabide indartsuetan. Inolako erreparorik gabe darabiltza, esate baterako, gerra ekonomia, berrarmatzearen beharra, soldadutzaren itzulera, gerra militarraren arriskua… Eta hitzetatik ekintzetara pasa dira. Europar Batasunak, adibidez, ondorengo urteetan armagintza sektorean 800.000 milioi euro gastatzeko erabakia hartu du, diru hori benetako behar sozialetarako erabiltzeari uko eginez.

Gaurko eliteen eskalada politiko, ideologiko eta militar horren atzean ezkutatzen den helburu nagusia hauxe da, kapitalismoak eragin duen krisialdi anitzaren ondoren bideratzen ari den munduaren antolaketa beren interesen araberakoa izango dela ziurtatzea, hain zuzen.  Hau da, kapitalismoak aipatutako eliteei eman dien egungo estatusa eta etekin ekonomikoa etorkizunean bermatzeko eta handitzeko esplotazio eredu berria egituratzen ari da. Eta munduaren nazioarteko ordenamendu berria beraien neurrikoa izan dadin, gerra inperialista bazter guztietara zabaltzeko prest daudela ere erakutsi dute Gazan, Yemenen, Sudanen, Asian, Afrikan, Ukrainan… Lehenagotik ere kapitalismoak bere burua berrantolatzeko irtenbidetzat jo izan du gerra, mundu mailako bi gerrateek erakutsi bezala. Hirugarren mundu gerratearen aurrean ote gaude? Behar badute, egingo dute, inolako zalantzarik gabe.

Gainera, ezin dugu ahaztu beraiek eragin duten planetaren krisialdi anitz berri honetan, gaur arte ekuaziotik at zeuden aldagai berriak sartu direla indarrez, hala nola munduko lehengai askoren agortzea, klimaren aldaketa, migrazioa… Trumpek Ukrainari inposatu dion tratuak argi eta garbi utzi du lur arraroen jabetza estrategikoa eskuratzeko bitartekoa izan dela gerra beraientzat. Gauza bera gertatzen ari da munduan gero eta urriagoak diren ur gezarekin, nekazal lurrekin, iturri energetikoekin…

Kapitalismoaren krisialdi anitz berriaren ezaugarri horrek borroka ekologista eta borroka antiinperialista inoiz baino gehiago uztartu ditu, baina baita gainerako borrokak ere. Izan ere, eliteek inposatu duten gerraren logika horretan, kanpo etsaiaz gain, beraien Estatuetako barne etsaiaren tesia ere indartzen dute. Ikustea besterik ez dago, jendartean sortzen ari den erresistentzia oztopatzeko ala suntsitzeko, Europan nonahi, Estatuak eta elite ekonomikoak indartzen ari diren errepresio neurri berriak. Batzuk legezkoak (mozal legeak), besteak polizialak  (kontrol sozialerako bitarteko teknologiko berriak, bideo-kontrol adimentsuaren sarea edota foam pilotak bezalako bitarteko «ez-hiltzaileak»). Kontuan izan dezagun gerrarako armak eta poliziaren errepresiorako bitartekoak sortzen dituzten enpresak askotan berberak direla, guztiak segurtasun esparrukoak, guztiak kapitalaren mesedetan lanean ari direnak.

Baztango Aroztegia proiektuaren inguruan gertatzen ari dena, adibidez, azaltzen ari garen jokabidearen eredu paradigmatikoa da. Baina baita Palestinaren aldeko mugimenduaren aurka Europar Batasunean ikusten ari garen oldarraldia ere. Edota Soulèvements de la Terre taldeak Frantses Estatuan eta mugimendu ekologistak Bretainia Handian jasan duten kriminalizazio saio bortitza. Eta zer esanik ez, milaka heriotza sortzen dituen migrazio politikari ala matxismoari aurre egiten dioten eragile zein kolektiboek pairatu dutena. Eskubide sozial, zibil eta politiko oinarrizkoenak suntsitzen ari dira.

Gauzak horrela, borroka ekologista eta antiinperialistarekin batera, gerraren aurkako mugimendua, borroka feminista, eskubide sozial, zibil eta politikoen aldekoa, Estaturik gabeko nazioena, hizkuntza eta kultur minorizatuen aldekoa, langile eta migranteen aldeko mugimendua… guztiak inoiz baino beharrezkoagoak eta osagarriagoak dira, baina bateragarriagoak ere izan behar dute.

Horren guztiaren aurrean, Euskal Herrian ehunka mobilizazio bideratzen dira urte osoan zehar. Pozgarria, benetan. Euskal Herriak bizirik dirau. Baina betiere, nire ustez, modu oso atomizatuan, sakabanatuan dihardute, zoritxarrez. Guztiok mobilizazioak eta dinamika sozialak bideratzen ditugu; guztion agendetan, protestarako ala alternatibak proposatzeko egunak libre topatzea, maiz, ezinezko bihurtuz. Tamalez, atomizazio horrek guztiok ahultzen gaitu.

Uste dut ardura politikoz jokatzeko unea iritsi zaigula eta atomizazio hori gainditzen hasteko bideari heldu behar diogula guztiok. Eragile zein pertsona guztion beharra aitortuz, konfluentzia eta ekintza bateratzaileei lehentasuna eman behar diegu ekimenak diseinatzerakoan. Guztiok uztartuko gaituen euskal espazio antikapitalista egituratzen eta praktikan jartzen hasteko ordua iritsi zaigu guztioi. Eta hori denon artean egin behar dugu. Borreroak milaka aurpegi ditu, baina borreroari aurre egingo dion euskal dinamika eta espazio antikapitalistak ere milaka aurpegi behar ditu, ekintza batasunean eta konfluentzian oinarrituta. Horrek guztiok indartuko gaitu, jendartearen aurrean sinesgarri bihurtuko gaitu.

Tafallan, herri boterearen eta desobedientziaren inguruko Topaketetan sortu berri den Burujabetzaren Aldeko Mugimendua (BAM) bide horretan kokatua dago, beste Fermin baten, Valenciaren, Si canta Tafalla, canta Euskal Herria leloa egia bihurtuz, guztion artean eta Euskal Herri osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.