Harrera Elkartea

Tortura argitara atera ezinik oraindik Euskal Herrian

Inaxio Mendizabal Arrese
2025eko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ondo jakina da Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko beharrezko duen botere politikoa ukatua duela Espainia eta Frantziako estatuen aldetik. Euskal Herrian, bertan bizi, lan egin eta euskaldun izan nahi duen biztanleriak herritar gisa bizi-proiektu duin eta ziurra garatu ahal izan dezan beharrezkoak lituzkeen politikak ezin ditu Euskal Herriak hemen bertan erabaki eta aplikatu. Eta Madrildik eta Parisetik erabakitzen diren politikek ez diote erantzuten Euskal Herriko gizarteak egun dituen askotariko arazo eta premiei. Botere ukatu horrek, ukatua izaten jarraitzen duen horrek, konturatuta ala konturatu gabe, gizabanako bakoitzari eragiten dio bere oinarrizko giza eskubideak urratuz, bizi duen gizarteak ez duelako bere herritarrei komeni litzaizkiekeen politikak aplikatzeko erabaki ahalmenik. Horretan datza gatazka politikoaren muina eta funtsa. Eta gatazka horrek forma desberdinak izan ditu garai bakoitzean.

Francoren altxamenduak ekarri zituen txikizio eta sarraskiak bizitutako batzuk oraindik gure artean bizirik ditugu. Errepresioa izugarria izan da. Urte luzeak igaro dira hemen, giro oso gogor eta bortitzean. Estatuari aurre egiten ausartu denak gogotik pairatu du eta jarraitzen du pairatzen errepresioaren zama, menpeko mantentzeko ezarri diguten legedi arrunta eta berezia zorrotz aplikatuz gaur berean ere. Beraien legea bete beharra aldarrikatzen zuten eta dute, baina legearen aplikazio soilarekin herri haserretuaren mugimendua geratu edo isilarazi ezin zutenean:

  • Errukirik gabe jo dute estatuko aparatuetatik terrorea zabaltzera, mafia edo gaizkile taldeetako jendilajea kontratatuz, polizia eta guardia zibilekin batera izen desberdineko taldeak bata bestearen segidan sortuz, bonbak nonahi leherraraziz eta hilotzak bazterretan utziz. Estatu terrorismoa eginez, Batallón Vasco Español, GAL... (ezagunenak aipatzearren) markak erabiliz.
  • Edo motibazio politikoengatik atxilotuak, komisarietan bertan edo guardia zibilen kuarteletan, baina baita basora edo ibai ondoetara eramanda ere, hiltzea desiratzeraino eta baita heriotzaraino ere torturatu dituzte. Gure oroimen kolektiboan iltzatuta geratua da, adibiderik lazgarrienaren moduan, Josi Lasaren eta Joxean Zabalaren kasua: Baionan errefuxiaturik zeuden lekuan sekuestratuak, desagerturik zituztela latz torturatu, eta hil aurrez Alacanteko Busot herrian lurra zularazi eta tirokatu ondoren bertan kare bizitan lurperatu zituztenak. Kasu honetan ere Intxaurrondoko guardia zibilen esku-hartzea frogatua geratua da.

Baina, modu isilagoan, sufrimendua muturreraino sarri eraman dute, trauma gogorrak bizitza osorako askori utziz. Tropelka izan dira sarekadetan atxilotu eta torturatuak. Herritarren artean ezagutuak ziren gertaera hauek, ia denek ezagutzen baitzuten infernu horretatik igarotako norbait. Denetik egin digute! Halere, gezurra zela zioten! Ez dute sekula onartu legez kontrako ezer egin dutenik. Baina milaka herritar asko da tratu txar beldurgarri horietatik igaro dena. Eta Nazioarteko zuzenbideak gizateriaren aurkako krimen oso larritzat dauka tortura. Preskribatzen ez duen delitutzat!

Orain, Jaurlaritzaren babesean eta bultzadaz sortutako Gogora Institutuak, edozein gisatako giza eskubideen urraketen aurka borrokatzeko helburua duenak, Kriminologiako euskal institutuari tortura salaketa kasuak aztertzeko mandatua eman zionetik, dagoeneko 5.000tik oso gora doa torturatuak izan direla frogatutzat ematen den atxilotutako pertsonen kopurua, Hego Euskal Herrian!

Ikaragarria da! Eta askoz gehiago dira!

Egiten ari diren frogen emaitzek ez dute zalantzarako zirrikiturik uzten eta ofizialki aitortua geratu da hemen torturatu egin dela. Eta tortura hauek ez direla polizia edo guardia zibilen batek edo bik beroaldian egindako ekintza arbuiagarriak. Ez! Goitik, Estatuko goren karguetatik zegoen erabakia hartuta, eta zenbait esparrutako konplizeen ezinbesteko partaidetzarekin (juezak, fiskalak, forentseak, ofizioko abokatuak, komunikabideak) eraman dituzte krimenok aurrera, inpunitate osoz. Ez ziren denak salduak, ordea. Salbuespenak ere izan dira, zorionez, esparru bakoitzean.

Gainezka eginda dabiltza balorazio komisioko profesionalak. Protokoloa ondo egin behar da. Torturatutako pertsona bakoitza kasu berezia da eta denbora asko eramaten du kasu bakoitzaren azterketak. Hasieran, torturatuek mesfidantzaz ikusten zuten Gogora-ren ekimen hau. Ez zuten ikusten zertarako balio zezakeen. Ez zuten itxaropenik. Baina, emaitzak ikusi ahala, badirudi animatzen ari direla, nahiz eta asko kostatzen den, gertatutakoa besteri azaltzeak berriro hura bizi behar izatea baitakar. Asko eta asko ez da gauza gai horretaz mintzatzeko. Asko, gainera, tortura saioak sufritu eta gero, libre atera da komisariatik, kartzelara pasatu gabe. Horietarik dirateke gehienak, inori sekula ezer esan gabe geratuak, kartzelara bidalitakoek aukera izan baitute han, beste torturatuekin elkartzean, gertatu zitzaienaz errazago hitz egiteko, egoera bera bizi izan dutenen artean elkar hobeto ulertuz.

Joan den ekainaren 26an, aurten ere iaz bezala, Nazioarteko torturatuen laguntzarako egunean, Gogora-k, Bilbon duen egoitzan, gai honi buruz, eta bereziki lortutako emaitzei ikusgarritasuna eman nahiz, ekitaldia antolatu zuen, 3 mintzakide berezirekin mahai-ingurua osatuz. Mintzakideak Pako Etxeberria forentsea, Olatz Barrenetxea psikologoa eta Ixone Fernandez torturatua ziren, Maitane Salinas giza eskubideetan espezializatutako kazetariaren gidaritzan. Bertan ziren gonbidaturik, besteren artean, torturatuak izandako dozenaka batzuk, Justizia eta berdintasunerako sailburu M. Jesus San Jose Jaurlaritzaren izenean, eta baita Euskal Autonomi Erkidegoan Espainiako ordezkari den Marisol Garmendia ere.

Pako Etxeberriak garbi utzi zuen tortura salaketen egiazkotasuna zientifikoki aztertzeko erabiltzen duten metodologiak (Istanbulgo protokoloa izenez ezagutuak) ez duela sinesgarritasunean inolako zalantzarik uzten, eta haren emaitzak mundu osoak aintzat hartzen dituela. Aipatu zuen, juez batzuek hala eskatuta, komisaria-kuarteletara atxilotuak aztertzera aurkezten zirenean, zein eragozpen izaten zituzten beren lana egiteko, polizia-guardia zibilek ez zietelako uzten atxilotuei galderak egiten, isolaturik zituztelako aitzakiapean. Eta kasu horietan berak erantzuten ziela atxilotuaren erantzuna jaso gabe ezinezkoa zela mediku-azterketa egitea. Baita ere aipatu zuen torturaren praktikak ikusezinak izan zitezen, kolpeen aztarnarik gera ez zedin, tortura modalitateak aldatuz joan zirela garai bakoitzean. Atxilotuen duintasun-intimitatea psikologikoki birrintzera edo haustera jotzen zutela gero, kolpeak eman ordez, zauri sakonagoak sortuz. Atxilotuen egoera aztertzeko forentseak kontrol lan horretara bidaltzen zituen juez bati autoan bonba bat jarri ziotela ere esan zuen. Inpunitatea arriskuan jartzen zietelako agian?

Olatz Barrenetxea psikologoak, torturaren ondoriozko traumak profesionalki arintzen saiatuz urteak daramatzanak, azaldu zuen tortura ikusezin bezainbat haren ondorioak sendaezin nola bilakatzen diren; aipamen berezia eginez torturatua emakumea denean zein garrantzi hartzen duen sexu erasoak tortura modalitatean, umiliazioa eta biolazioa barne, kentzen zailak diren eta bizitza osoan sufritu beharko diren traumak barne-barnean ezarriz.

Ixone Fernandez torturatua ere mintzatu zen bere pertsonan bizitutako esperientziatik eta garbi adierazi zuen zein zaila gertatzen den torturatua izan den batentzat barruan geratu zitzaion korapiloa ezezagun zaizkion pertsonei azaltzen hastea. Konfiantza faltak blokeatu egiten baitu urteetan isilean eramandako mina partekatzeko hautua.

Aurtengo ekitaldia, gainera, zuzenean jarraitu ahal izan da Internetez, eta sarean dago nahi duenarentzat, lotura honetan sakatuz. Urrats garrantzitsua izan da aukera hori gehitzea, torturari buruz eta haren ondorioez herri osoari behar baitzaio mintzatu, hemen gertatua, ezagutua bazen ere, zalantzari ateak itxiz, denen aurrean aitortua gera dadin.

Baina nago alde bat ez ote dabilen luzamenduetan egiatik urrunduz berari komeni zaion errelatoa ezarri nahirik. Gauza da egiatik urrunduz ezin dela justizian oinarritua izan behar duen elkarbizitza iraunkorrik eraiki. Eta ekitaldian bertan entzun ziren zenbait perlak zalantzak sortzeko bide ematen dute. San Jose sailburuak, adibidez, gaitzesten duen krimentzat kontsideratuz tortura, zioen «zuzenbideko estatuan inork ez du estatuaren indarra erabiliz inoren oinarrizko eskubideak urratzeko eskubiderik». Gehituz zera: «Hiritarren eskubideak defendatzeko mandatua jaso duen funtzionarioak ezin du inoren eskubiderik urratu, bestela estatu demokratikoaren beraren legitimitatea eta funtsa hondatu eta ezabatzen dituelako. Kasu horietako bakoitza salatuko dugu».

Zertara dator hori esatea, frogatua dagoenean tortura modu sistematikoan erabili dela, ez funtzionario batek edo bik burua galdu dutelako edo kontrolez kanpo jokatu dutelako, baizik eta Estatuak hala erabakita aginduak betez torturatu denean?

Eta Gogora-k ere bat egiten duen leloarekin jarraitu zuen: «Inolako biolentziaren aurka tortura erabiltzea gaitzesten dugun bezala diogu tortura praktikak ere ez duela zilegi egiten hari beste biolentzia batez erantzutea».

Dioten hori egia balitz, eta hala praktikatu izan balute, ez ginateke gaur daukagun egoeran. Baina hemen bi aldeetatik min handia eragin duen indarkeria erabili da, eta indarkeria hori ez da erabili indarkeria erabiltzea gustuko delako. Herri bat menperatzeko erabili du batek. Eta menderakuntzatik libratzeko besteak. Bata erasokorra izan da eta bestea askatzailea. Nola kontsidera litezke berdinak giza eskubideak urratzen dituena eta eskubide galdu horiek berreskuratu nahiz ari dena? Biei trataera bera ematea tranpatia da. Ez da zuzena. Hortik ondorio gaiztoak letozke eraiki nahi den elkarbizitzarako. Arazo bat konpondu nahi denean, lehenik arazoa zertan datzan behar da ezagutu. Iruzur egitea baita esatea hemen alde batekoek terrorismoa praktikatu dutela eta estatuak gehiegikeriak egin, eta biek gaizki egin dutela esanez bukatzea. Arazoa benetan konponduko bada ezin da horretan geratu. Aitortza ez da soilik zer gauza egin diren esatea eta erantzule egitea. Garrantzi handiagoa du gertatu dena zergatik gertatu den azaltzeak eta aitortzeak. Hori ezagutuz eta aitortuz soilik izango baita posible jabetzea indarkeria horiek gerta zitezen zeuden kausak behar direla ezabatu behingoz, berriro gerta ez dadin. Hori gabe ez dago elkarbizitza egiazkorik, ez eta berriro ez gertatzeko bermerik. Beste lekuetako arazo sozialez gain, 7 herrialdez osaturiko Nazio ukatuaren Nazio arazoa daukagu hemen. Asimila gintezen eta euskaldun izateari utzi, eginahalak eta bi egin dizkigute; baina oraindik ere bizirik dirau gure izaera eta kultura desberdinduak. Horretan datza hemen egon den eta dagoen gatazka politiko konpondu gabearen zergatia edo zio nagusia. Eskubide batzuk daude jokoan, Euskal Herriari oraindik onartzen eta itzultzen ez zaizkionak. Alde batek indarkeria erabiltzeari utzi zion, bide demokratikoetatik soilik dagozkigun eskubideak berreskuratzeko apustua eginez; baina beste aldeak estatuaren indar guztiekin oinarrizkoa den eskubidea urratzen jarraitzen du, Euskal Herriari etorkizunari begira hartu beharko lituzkeen erabaki politikoak hartzeko ahalmena ukatuz eta edozein gisatan zigortuz. Hori da orain ukatzen jarraitzen dutena. Gatazka politikoa dagoenik ez dute onartu nahi, lehen torturatu egiten zutenik onartzen ez zuten bezala.

Ez dira bakezaleak! Bakea beraientzat bakarrik nahi dute, guri eskubideak ukatuz eta defendatzeko aukerak eragotziz eta gaitzetsiz. Ez dira beti esaten dutenak indarkeria ez dela erabili behar. Eta ezta edozein motatako indarkeria borrokatzen dutenak ere. Ukrainari armak ematea ondo eta bidezko ikusten dute. Estatu independentea delako agian? Zer dela-eta ez du Euskal Herriak Estatu izateko eskubiderik bertako herritarrek hala nahi izanik? Nazio Batuen Erakundeak dio Herri bakoitzak, bertako herritarrek hala nahi izanik, autodeterminazio eskubidea duela, estatu propioa eraiki eta libreki nazioarteko beste edozein Herrirekin subiranotasun harremanak izateko.

Oraintsu, kartzelara ez sartzeko 2 urteko kartzela zigorra fiskalarekin adostu beharraz, Madrilgo Auzitegi Nazionaletik bueltan ibili berriak dira zenbait euskal neska eta mutil, gatazka politiko honekin lotuta urte luzeko kondenak beteta kartzelatik ateratakoei beren herrietan ongietorriak antolatzeagatik, ETAren biktimak umiliatu izanaren akusaziopean. Erabat ulertzekoa da, ETAko bat kartzelatik atera kondena osorik beteta eta herriak txalo artean hartzen duenean, ETAren biktimei onik ez egitea edo mintzea, nahiz eta ekitaldi horiekin biktimak mintzea baino etxera itzultzen dena besarkatu eta berriro gizarteratzen laguntzeko babesa ematea izan duten helburu. Baina hor ere ikusten da, gatazka politikoa dagoenik ere onartzen ez denez, ezin zaiela euskal preso politikoei gudari tratamendurik eman, gaizkile eta kriminal soilena baizik. Aldiz, bost milatik gora euskaldun torturatu dituzten polizia eta guardia zibilak, Hispanitate egunean, kuartelez kanpo, Gasteizko kaleetan, alfonbra gorrian jarriak baileuden, Espainiako ordezkari den Marisol Garmendiak txalotu zituenean, herritar guztion eskubideen, askatasunaren eta segurtasunaren zaindari bailiran, guregatik egiten duten esfortzu guztia eskertuz, esanez gainera garaia zela indar horiek, ezkutuka ibili ordez, herriko plazetan merezimendu osoz omenduak izateko, ez zituen umiliatu tortura pairatu duten gizon emakume guztiak eta egiazko demokrata diren euskal herritar oro?

Gisa horretako adierazpen-aldarrikapenak ez dira batere lagungarri eta mesede gutxi egiten diote, Euskal Herrian elkarrekin aurrera egiteko zaurien sendagai jokatzea komeni zaigun honetan. Juzgatu behar dena nor den, horren arabera erabiltzen dute neurgailua. Eta hori ez da bidezko. Hori ez da zuzena. Gertatu dena aitortuz eta onartuz bata bestearen arteko konfiantza giroa sortzea behaztopatzen dute horrela.

Entzun edo irakurri dio norbaitek juje edo juezen bati kontu hartzen Marisol Garmendiari, guardia zibilak goraipatuz torturaren biktimak umiliatu izanaren akusaziopean? Komunikabide gehienek ere ez diote adierazpen horiei kritika txikienik egin.

Guardia zibilek eta Espainiako beste polizia indarrek Euskal Herrian duten presentzia ez da inolaz ere gizarte honen pluraltasunaren adierazle, PSEko Marisol Garmendiak hori badio ere, eta hala izatea nahiko luketen arren batzuek. Horien funtzioa Euskal Herriari menpeko izaten eustea izan da eta da, altxatzen zena eta dena zanpatuz. Euskal Herri askean horientzat ez da lekurik. Beste gauza bat da bertan sortu den Ertzaintzak ere torturatu duela hemen, eta maizegi izaten dituzten jarrerak ikusita asko dagoela aldatu beharrekoa hor. Baina hori gure artean konpondu beharreko auzia da. Hemen politikak egiteko moduak aldatzen direnean eta gehiengoaren interesak defendatzera jarri, hor ere galanki aldatu beharko dute gauzek.

Espainiak sinaturik du 1987an indarrean sartu zen Nazio Batuen Erakundeak torturaren aurka eginiko hitzarmena, eta hitzarmen horren sinatzaileek, tortura gaitzetsi eta zigortu beharraz gain, torturaren bidez lortutako adierazpenak baliogabeak kontsideratu beharko dituzte eta ez diete balioko inor kondenatzeko. Halere, Espainiak lasai asko jarraitu du gero ere torturatuz eta torturapean lortutako adierazpenekin kondenatzen.

Zoritxarrez prestutasun gutxi ikusten zaio hitzetik hortzera giza eskubideen bandera altxatuz agertzen den askori, sufrimendua euskal Naziotasunaren eskubide ukapenaren aurka borrokatzeagatik zigortua izan denarena bada; edota, oraindik gehiago, zigor hori torturapean eginiko adierazpenetan oinarritua denean, nahiz eta, berez, nazioarteko zuzenbideari jarraiki, kasu horietan guztietan aplikatu dituzten kondenak legez kontrakoak liratekeen, gorago azaldutako arrazoiengatik.

Iratxe Sorzabalen kasuak argi printza bat piztu dio itxaropenari. Torturapean egindako adierazpenetan oinarrituta ezarria zioten kondena Auzitegi Nazionalak ezabatua izan baita, adierazpen haiek balio juridikorik gabeak kontsideratuz. Halere, errekurritua dago Gorenera, eta ezin, beraz, oraindik jakin nola amaituko duen. Soilik lehenengo aldiz hori gertatu izana interesgarri eta poztekoa izan da, bidea egin dezakeelako, baina... denbora aurrera doa eta aurrerapauso gutxi.

Europako parlamentutik ere Espainiari kargu hartu berri zaio, ezagutzen ari diren tortura kasu guztiekin ez dutelako salaketa horiek arakatzeko neurririk hartzen.

Sinetsi nahiko genuke hasi dela zerbait mugitzen, besterik ezean Europari ere onaren papera egitea komeni zaiolako. Mandatarientzat ez dugu esango, baina europar biztanleriarentzat eskandalagarria baita dagoeneko ofizial egin den torturatuen zifra. Jo dezagun, beraz, aterrunerik gabe eta ahalik eta bizkorren, ezagutzen ditugun torturatuak izan diren guztiengana, eta anima ditzagun salaketa jar dezaten testigantza emanez Jaurlaritzaren babesean ari den Gogora-ren balorazio batzordean, torturatuen zerrenda benetan gertatu izan denaren kopurura gertura dadin eta presio bide gerta dakion Espainiako gobernuari.

Badirudi salaketa horiek jasotzeko Jaurlaritzak ezarria duen lege markoak denbora epe batera soilik mugatzen dituela gertaera horiek. Espero dugu beharrezkoak diren egokitzapenak egingo zaizkiola lege horri, tortura delitua preskribaezin bada, salatzeko epeak ere berdin izan beharko duelako preskribaezin.

Euskal Herriaren etorkizunaz ari gara. Euskal gizartearen etorkizunaz. Azken bururaino eraman behar dugu Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen defentsarako Gutuna. Nazioarteko gatazka politikoetan bitartekaritza lanetan adituak direnek eta aintzat hartuak direnek diotenez, gatazkak ezin dira amaitu gatazka horrengatik preso dituztenen eta erbestean direnen egoera konpondu gabe. Bada garaia, 2011n borroka armatua desagertu zenetik eta 2018an ETA desegin, horrenbeste urte baldintza hain ankerretan igaro dituztenek behingoz etxera itzultzeko aukera izan dezaten eta auzi horri behingoz amaiera eman. Justiziakoa da. Eta esan beharrekoa da hau ere, bereziki justiziakoa da, Espainiako estatuak berak euskaldunokiko praktikatu duen terrorismoarekin eta oraino onartu gabe dituen krimen guztiengatik gaur egun ez dagoelako krimen horien autore edo konplize izan den inor espetxeratua. Batzuen eta besteen kausak horren desberdinak izanik judizialki ere tratamendu horren desberdina pairatu beharrak zuzenean eragiten baitu elkarbizitzak derrigorrezko dituen baldintzetan, aurrerapausoak oztopatuz.

Egun Espainiako gobernuko partaide batzuen ustelkeria delituek kinka larrian jarri dute legegintzaldiaren jarraipena. Nahiz eta oraino ez den frogatu PSOE beraren finantza iturri izan direnik kasu horiek, gobernuburuaren erantzukizun politikoak hor daude, eta PSOEren ezkerrera dauden estatuko beste partiduak eta legegintzaldiari sostengua ematen dioten nazionalista-independentistek ez dute gobernu hau bota nahi Vox eta PPk ordezkatuko lukeelako, baina okerragoak letozkeelako bakarrik ere ez dute oraingoa babesten jarraitu nahi. Entzuten denez, prest leudeke babesten jarraitzeko, baina baldintza berrietan adostuta. Diotenez, PSOE baino ezkerrerago dauden estatuko partiduek benetan ezkerreko politika ausartak egitea exijituko liokete. Orain arte ez bezala, beldurrik gabe behar diren legeak aldatuz eta gehiengoaren mesedetan politikak egitea, eskuma baztertuz, eta estatua plurinazionala dela aintzat hartuz. Guretzat, berriz, aukera ona dateke, lehendik zeuden konpromisoetan sakonago eta bizkorrago jokarazteko, ateak irekiaraziz Naziotasunari dagokion aitortzari eta autodeterminazio eskubideari. Eskaera horretara bat bagentoz nazionalista-independentistok eta lortu nazioarteko zuzenbidearen irizpideekin bat datorren eskari hau, tortura eta beste zapalkuntza eta errepresio motak pairatu ditugunok erreparatuak sentitzen hasiko ginateke.

Ordua da aurrera egiteko!

Eta gatazkaren ondorioak konpontzeko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.