Xabier Makazaga.

Tortura eta kazetaritza

2013ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Hara zer esan zuen 1995ean Guardia Zibilaren Zuzendari Nagusi izandako José Antonio Sáenz de Santa María jeneral bibotedun ezagunak: «Hildako terrorista batek satisfazioa ematen du. Bizirik eta atxilotua dagoenean, berriz, informazioa da ematen duena». Orduan gogoratu nintzen zer egin zuen Guardia Zibilak hiru etakide liberatuz, osatuak zeuden ETAko taldeak atzeman zituen hiru kasutan: etakide haietako bi hil eta hirugarrena atxilotu, torturatzeko. Hala gertatu zen Hernanin, 1984an; Irunen, 1989an, eta Bartzelonan, 1991n. Torturatzeko asmoz bizirik utzitako hiru etakideak askatu berri dituzte, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina bertan behera utzi ondoren: Garratz, Paterra eta Juanjo Zubieta.

Huraxe zen, nonbait, guardia zibilek gehien maite zuten konbinazioa bi helburuak batera lortzeko, satisfazioa eta informazioa, biak ala biak. Izan ere, informazioa lortzeko orduan, aski baitzuten etakideetako bat bizirik uztearekin. Ohiko tortura kateari ekiteko beharrezko zitzaien lehen katebegia. Esaera zaharrak dio «Gaizki pentsatu eta asmatuko duzu», eta jeneral bibotedunak zituen aurrekariak kontuan hartuz, arrazoiak soberan nituen gaizki pentsatzeko.

Espainiar Errepublikaren kontrako kolpe militarra hasi orduko, 1936ko uztailaren 18an, Saénz de Santa María boluntario sartu zen 16 urterekin kolpisten armadan, eta ederki ikasi zuen gerran informazioak duen garrantzia itzela eta nola lortu informazio hori. Batez ere, 1949tik aurrera gerrilla antifrankista suntsitu arteko errepresio errukigabea koordinatu zuenean.

Jeneralaren arabera, informazioa izan zuen hura suntsitzeko giltza, eta Diego Carcedo kazetariari kontatu zion pentotal izeneko droga bati esker lortzen zuela informazio hura. Hala idatzi zuen, behintzat, kazetariak jeneral bibotedunari eskaini zion biografian, non gerrilla antifrankista suntsitu zuten garaiko mediku baten ahotan esaldi hau jarri zuen: «Amerikarrek egiaren gazura deitzen diote. Ikerkuntza kriminaleko teknikak iraultzen ari da. Atxilotu bati injektatuz gero, opera kantatzen du, eta nola!».

Hara, ordea, garai hartan egiazki gertatu zena. CIAk pentotala eta beste hainbat drogekin egindako ikerketetan, oso emaitza eskasak jaso zituen. Ondorio nabarmena atera zuten atxilotuak egia esatera behartzeko droga baten bila zebiltzala: beste tortura metodo batzuk askoz ere eraginkorragoak zirela.

Beraz, Sáenz de Santa María jeneralak Carcedoren bidez kontaturikoak egia estaltzea zuen helburu. Argi eta garbi. Hainbeste atxilotuk «opera kantatu» izana justifikatzeko asmatu zuen ipuin hura. Izugarrikeria galantak egiten baitzizkieten, ez soilik gerrillariei, baita haiei buruz zerbait zekitenei ere: bitartekariei, janaria eramaten zietenei, senitartekoei…

Ukaezina da, gerrilla suntsitzeko, frankistek era guztietako torturak erabili zituztela, eta horregatik da hain lotsagarria Diego Carcedok bere luma eskaini izana errealitate gordin hura ezkutatzen saiatzeko, informazioa pentotal hutsari esker lortzen zutela idatziz:

«Hau izugarri ona da» —esan zuen Sáenz de Santa Maríak—. «Tortura alde batera uzteak adina pozik ez dit ezerk emango».

Eta pentatola erabiltzen hasi ziren. Bitartekariak atxilotzean, ospitalera eramaten zituzten mediku-azterketa arruntak egiteko aitzakiarekin, pentotala injektatzen zieten, eta polizia adeitsu batek drogaren eragina baliatzen zuen informazio konprometigarrienak ateratzeko. Elkarrizketa lasai eta atsegin hura grabatu egiten zen, atxilotuaren oharkabean, eta, gero, zati batzuk beste atxilotu batzuei erakusten zizkieten, haiei sinestaraziz saldu egin zituela. Gero, galdeketa normala egiten zitzaion, non ez zuen ezer konprometigarririk esaten.

Pentotalari esker lorturiko salaketa eta adierazpen akusatzaileen eraginez, gerrillaren baitan mesfidantza, ezinegona eta mendeku gosea zabaldu zen, eta horrek berebiziko garrantzia izan zuen haren akabera azkartzeko orduan.

Horrela ezkutatu zuen Sáenz de Santa Maríak, Carcedoren luma baliatuz, zer nolako tortura metodo ikaragarriak erabiltzen zituzten. Eta berdintsu egiten jarraitu dute haren ondorengo torturatzaileek, besteak beste, hainbat kazetariren laguntzarekin. Sinestezina sinesteko inongo arazorik izaten ez duten kazetariak. Edo, are okerragoa dena, lan zikin hori egiteko diru are zikinagoa jasotzen dutenak, beste artikulu batean salatu nuen bezala.

Ez dirudi Carcedoren kasua denik, baina bai berak bai beste kazetari askok kosta ahala kosta saihestu dute galdera erraz honi erantzutea: Zergatik dute euskal militanteek, gerrillari antifrankistek bezalaxe, «opera kantatzeko» joera nabarmena Guardia Zibilaren esku daudenean, eta, aldiz, ahorik ez dute irekitzen frantziar Poliziak atxilotzen dituenean?

Espainiar komunikabide handiek behin eta berriro hitz egin dute militante horiez. Batetik, espainiar Segurtasun Indarren esku egin ohi dituzten kantadak aireratzeko; bestetik, frantziar Estatuan atxilotuak direnean «ohiko isiltasuna» gordetzen dutela azpimarratzeko. Ez dituzte, ordea, inoiz kontrajarri bi berri mota horiek. Inoiz ez. Eta aipaturiko kazetariek beti saihestu izan dute kontraste esanguratsu horretaz hitz egitea. Guardia Zibilaren Zuzendari Nagusi eta lapur ustel izandako Luis Roldanek torturari buruz esan berri duenaz hitz egitea saihestu duten bezalaxe.

Javier Ortiz kazetariak argi asko azaldu zuen bere iritzia errealitate gordin horretaz. Ortizen arabera, espainiar gizartearen gehiengo oso handiak «ez du ezer jakin nahi torturaz. Oso ondo datorkiolako ezer ez jakitea torturaz». Noiz arte?!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.