Tortura ez da iraganeko kontu bat

Imanol Arzuaga Sarratea 'Kima'
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Datorren astean Iratxe Sorzabal Diazen aurkako epaiketa abiatuko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean eta bere gertuko lagun moduan sentitzen dudana adierazi nahiko nuke lerro hauetan. Izan ere, bere senide zein lagunontzat ez dira egun xamurrak izango, eta Iratxerentzat zeresanik ez. Sekula guztiz sendatu ez den zaurian ziztada berriak eragingo dizkigu Madrilgoak. Bihotzean mina sentituko dugu, eta baita amorrua ere (zergatik uka), espainiar estatuan torturak duen zigorgabetasunaren lekuko izango baikara berriz ere.

Iratxe 2001eko martxoaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Hernanin, eta haien esku pasatu zituen bost egun luze haietan bortizki torturatu zuten. Horren erakusgarri da atxiloketaren bigarren egunean ospitalera eraman behar izan zutela bere egoera larria zela eta. Halere, ospitaletik bueltan tratu txarrek, mehatxuek eta torturek segitu zuten. Egia esan, azken segundora arte torturatu zuten, epailearen aurrera eraman zuten arte, alegia. Lur jota eta gorputza orbanez betea zuelarik iritsi zen epaitegira, eta behin epailearen aurrean, jasandako tratu bidegabea eta sufritutako torturak salatzeaz gain, komisarian egindako deklarazioa ukatu zuen. Epaileak, baina, Iratxeren salaketei entzungor egin eta Soto del Real espetxera bidali zuen.

Garai hartan Iratxeren kasuak hautsak harrotu zituela oroitzen dut. Jaurlaritzak berak argibideak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari eta Joseba Azkarraga buru zuen Justizia Sailak ikerketa abiatu zuen. Ezohiko harrabotsa sortu zuen Iratxeren kasuak. Torturaren aztarnak hain ziren agerikoak bere gorputzean, ezen torturaren aurrean ezikusiarena egiteko ohitura zuten askok ere jazotakoa ikertzeko beharra adierazi zuten. Edonola ere, Iratxek jarritako salaketak ibilbide laburra izan zuen epaitegietan.

Sufrikario hori pairatu eta gero, Iratxek alde egitea erabaki zuen. Gauzak honela, 14 urte luze pasa genituen bere berri izan gabe, 2015eko irailaren 22an Baigorrin atxilotu zuten arte. ETAko kide izatea leporatuta, frantziar estatuan 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Iratxeri, eta zigor hau kitatzean Espainian espetxeratuko dute, Auzitegi Nazionalak eskatu dituen lau euroaginduetariko hiru onartu baititu Frantziako Justiziak.

Hain zuzen, bere aurkako euroaginduen harira Pariseko Dei Auzitegian izandako epaiketetan, 2001ean Iratxek jasandako torturak mahai gaineratu zituen haren abokatuak, eta horrekin batera, bere aurkako froga bakarra komisarian torturapean egindako autoinkulpazioa zela nabarmendu zuen. Ondorioz, defentsak hala eskatuta eta fiskaltzaren onarpenarekin, Iratxeri Istanbuleko protokoloa aplikatu zioten. Auzi mediku frantsesaren ondorioak argiak izan ziren: Iratxeren kontakizunak sinesgarritasun osoa du eta torturen ondorioz estres post-traumatikoa du.

Egiari zor, auzi medikuaren txostenak itxaropena piztu zidala aitortu behar dut. Tamalez, euroaginduen harira izandako epaiketa guztiek gozotik baino, gazitik gehiago izan dute, nahiz eta baden nabarmendu nahiko nukeen garaipen txiki bezain garrantzitsu bat. Epaileek lehen hiru euroaginduak onartu bazituzten ere, laugarrena atzera bota zuten tortura salaketari nolabaiteko sinesgarritasuna aitortuz. Lehen aldia da Frantziako Estatuak euskal preso baten tortura salaketak ikertzeko eskatzen duela.

Ingurumari honetan, beraz, datorren astean Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaituko dute Iratxe eta, euskal militante askorekin gertatu izan den bezala, torturapean lortutako autoinkulpazioetan oinarrituta bizi osorako espetxe zigorra ezar diezaiokete. Zaharrak berri Euskal Herrian. Jakina da Espainiako Estatuak tortura sistematikoki erabili duela luzaroan. Horren erakusgarri, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak agindutako eta Paco Etxeberriak 2017an zuzendutako ikerketa. Tortura 1960-2013 ikerketaren ondorioak argiak dira oso: gutxienez, 4.009 tortura kasu identifikatu dituzte txostenean, eta Etxeberriak berak hala esanda, urtero kasu gehiagoren berri jasotzen dute.

Artikuluaren izenburuan nioen bezala, tortura ez da iraganeko kontu bat, orain eta hemen sufritzen ari garen errealitate bat baizik. Egia da azken urteetan ez dela salaketa berririk izan, baina horrek ez du esan nahi torturaren ondoriorik sufritzen ez dugunik. Ehunka euskal herritarrek urteak pasa behar izan dituzte barrote artean torturapean egindako aitormenengatik, eta egun, oraindik ere, asko dira preso segitzen dutenak torturaren ondorioz. Horregatik, bada garaia bidegabekeria hau ozen salatu eta justizia, memoria eta aitortza aldarrikatzeko.

Norabide horretan, Iratxe Sorzabali eta bere senideei elkartasuna adierazteko Bidasoaldeko lagun talde batek manifestaziora deitu dugu datorren larunbaterako, otsailak 5, 18:00etan, Irungo San Juan plazatik abiatuta.

Bide batez, amaitu aitzin injustizia hau salatzeko auzolanean osatzen ari garen BI ARNAS dokumentala ere aipatu nahiko nuke, lan hau torturaren aurkako borrokan hondar aletxo bat izan daitekeelakoan bainago. Laburbilduz, torturaren gaineko testigantza bat da dokumentala, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat. Bi dira protagonistak: ama, Maria Nieves Diaz, eta alaba torturatua, Iratxe Sorzabal. Berau modu herritarrean finantzatzeko kanpaina bat martxan da Itsulapikoa.eus plataforman.

Bukatzeko, besarkada handi bana bidali nahi diet Iratxe Sorzabal Diazi eta herri honetan torturatuak izan diren pertsona guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.