Xabier Makazaga.

Torturagatik eta gerra zikinagatik, dominak!

2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño torturatzaile frankista ezagunari 1977an pentsioa %15 igoko zion domina bat eman izanari eskandalagarri iritzi dioten gehien-gehienek ez dute ezertxo ere esan beste torturatzaile askok antzeko domina mordoa jaso izan dutelako. Hamaika torturatzailek jaso baitute pentsioa %10 edo %15 igotzen dituzten domina preziatuak; hau da, ezaugarri gorridunak edo zilarrezkoak.

El País egunkariaren arabera, Billy el Niño famatuari halako lau eman zizkioten, guztira pentsioa %50 igo diotenak, eta, kentzekotan, bakar bat kenduko diote, 1977an emandako hura. Horrenbestez, beste hiru dominei esker poltsikoa ederki betetzen jarraituko du, hark torturaturiko lagunek batere erreparaziorik jasotzen ez duten bitartean. Orain arte ez dute jaso, eta inongo agintarik ez du etorkizunean jaso dezaketen keinu bakar bat ere egin.

Billy el Niño ez zen soilik torturatzailea izan. Gerra zikinean ere jardun zen froga nabarmenak daude. Adibidez, Hendayais tabernan eraildako bi frantziar herritarren kasuan. 1982an eman zioten zilarrezko dominak zerikusirik izan zezakeen kasu hartako hiltzaileak babestu izanarekin.

Hala izan edo ez, ukaezina da domina preziatu horiek jaso dituztenen artean, torturatzaile ezagun mordoaz gain, gerra zikinean buru-belarri ibilitako hainbat ere badaudela. Hala nola Lasa eta Zabala Baionan bahitu, Donostiako La Cumbre jauregian torturatu eta ondoren biak erail eta kare bizian lurperatzeagatik kondenaturiko guardia zibil guztiak: Galindo jenerala, Angel Vaquero koronela, Enrique Dorado sarjentua eta Felipe Bayo kaporala.

Gainera, Lasa eta Zabala bahitu eta bospasei asteko tartean jaso zuten laurek ezaugarri gorridun domina bana. Lehenik, Doradok; ondoren, Vaquerok; eta, azkenik, Galindo eta Bayok. Eta ez zen izan jasotako bakarra, denek baitute domina mordoa. Bereziki, Galindok, zeinak inork baino gehiago dituen. Tartean, bost ezaugarri gorridun eta bi zilarrezko.

Handik gutxira, 1984ko Pilarika egunean, berriro jaso zuten domina bana. Orduko hartan, agintariek Intxaurrondoko kuartelean eman zizkieten dominak torturaz eta gerra zikinaz hainbeste zekiten Galindo eta bere konfiantza osoko hogei bat guardia zibili.

Domina jasotako batzuek ordurako tortura kasuetan prozesatuak zeuden, gainera. Adibidez, Goli Dominguez Tuda bi kasutan zegoen prozesatua, bietan kondenatu zuten eta bietan jaso zuen espainiar gobernuaren indultua. Hainbat lagun torturatu zituenean, kaporala besterik ez zen, eta komandante izatera heldu zen. Egindako meritu handiengatik, jakina.

Domina haiek guztiak eman eta egun gutxira, El País egunkariak artikulu luzeak eta editorial zorrotz bat eskaini zizkion gaiari. Bertan, gogor kritikatu zuen «Barne Ministerioak harturiko erabaki harrigarria», iritziz tortura oso delitu larria zela eta ezin zitekeela dominarik eman «tortura erabili izanaz formalki akusatuak daudenei».

Urtebete geroago, 1985ean, tortura kasuetan prozesatuak zeuden haietako batzuek berriro jaso zituzten zilarrezko dominak, eta El País-ek ez zuen tutik ere esan. Gobernua torturatzaileak indultatzen hasi zenean ere ez. Nonbait, torturarekiko zuen ardura eta sentsibilitatea 1984an amaitu zen.

1984ko Pilarika egun hartan, polizia inspektore batek ere jaso zuen Guardia Zibilaren domina. Inspektore bakar bati egin zioten halako ohorea, Jose Amedo famatuari, eta nahiko nabarmena da zergatia, garai hartan oso parte-hartze garrantzitsua izan baitzuen GAL siglak erabiliz egiten ari ziren hamaika erailketetan.

Amedok egin zituen hanka-sartzeak hain izan ziren handiak, hura espetxeratzea beste erremediorik ez zuten izan. Laster nazkatu zen kartzelaz, eta zekienaren zati bat kontatu zion Garzon epaileari. Nahikoa, Barrionuevo Barne ministro ohia, Rafael Vera Estatu idazkari ohia eta konpainia espetxeratzeko. Hori bai, ez zuten denbora luzerik egin barruan, PPren gobernuak indultatu egin baitzituen.

Bere garaian kasu handiagoa egin izan bagenio Amedok jasotako domina hari, geure buruari galdetu izan bagenio zergatik eman ote zion Guardia Zibilak domina hura, lehenago gera zitekeen begi-bistan zertan zebilen Amedo. Izan ere, Pilarika egun hartako domina asko gerra zikinean buru-belarri zebiltzanei emandakoak izan baitziren.

Tortura kasuak argitzeko ere oso baliagarri izan zitekeen garai hartan emandako dominen arrastoari jarraitzea. Adibidez, lehenago argi zitekeen Zornotza eta inguruetan atxiloturiko zazpi gaztek 1980ko azaroan jasandako torturen kasua. Hogei urte luze behar izan baitzituen Bizkaiko Auzitegiak torturatzaileak zigortzeko.

Zortzi guardia zibil zigortu zituen auzitegiak 2001ean, eta hara non, hogei urte lehenago, zortziei eman zieten domina bana. Egun berean, gainera. Bai, zazpi gazteak torturatu eta lauzpabost astera eman zieten denei domina hura, 1981eko urtarrilaren 7an, eta seguruenik gazteek ezagutu ezin izan zituzten beste torturatzaile batzuk ere egun hartan domina jasotakoen artean izango ziren.

Zazpi atxilotuei poltsa, bainera eta barra bezalako torturak egin zizkietenen arduraduna Antonio Tocon Diaz izan zen. Horregatik, 2001ean hamasei urteko inhabilitazioa ezarri zioten, ez zituelako tortura haiek eragotzi, betebehar zuen legez. Hiru urte geroago, ordea, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen zigor hura, beste hainbatetan bezala.

Antonio Tocon tenientea zen gazteak torturatu zituztenean, eta gaur egun jada Guardia Zibilaren zuzendari nagusiaren «eskuin eskua» da. Eta laster igoko dute maila gorenera, teniente jeneral izendatuz. Torturatzaileek ez baitituzte soilik dominak jasotzen, goi karguak ere oso maiz jaso izan dituzte, agintariek inoiz ez baitute izan haiek benetan zigortzeko inongo intentziorik.

Billy el Niño famatuarekin egiten ari direna itxura besterik ez baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.