Xabier Makazaga.

Torturaren konplizeak

2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Egiaren Batzordeari esker, berandu baino lehen zeharo agerian geratuko dira espainiar agintariek torturari buruz erabili ohi dituzten gezur guztiak. Eta baita komunikabide garrantzitsuenek eta espainiar (in)Justiziak erabilitako gezurrak ere, bietan baitago torturaren konplize eta estaltzaile andana.

Komunikabideei dagokienez, hara zeintzuk diren ardura nagusiena dutenak: «Iturri antiterroristak» deiturikoengandik datozen berriak ematen espezializatuak dauden kazetari batzuk. Eta haien artean okerrena La Razón egunkariko Jesús María Zuloaga dugu, zalantzarik gabe. Horregatik aukeratu zuen Guardia Zibilak Portu eta Sarasolaren torturatzaileak errugabetzeko erabili zituen gezur guztiak zabaltzen hasteko.

Intoxikatzen hain iaioak diren kazetari horien arabera, espainiar gorputz polizialek «batere indarrik erabili gabe» lortzen dute atxilotu ondoren inkomunikaturiko euskal militanteek den-dena kontatzea, eta «beren burkideak salatzea». Haien zorigaitzerako, ordea, aldi berean komunikabideek behin eta berriro azpimarratu izan dute, frantziar Estatuan inkomunikatzen dituztenean, antzeko militanteek «ohiko isiltasuna» gordetzen dutela.

Egiaren Batzorde bat osatuko denean, bi estatuen arteko alde itzel horrek zeharo nabarmen utziko ditu kazetari horiek eta baita komunikabide gehientsuenak ere, ezin esango baitute, beraien isiltasun konplizea justifikatzeko, ez zekitela ezertxo ere gertatzen ari zenari buruz. Komunikabide horiek berak izan baitira bi berri mota horiek behin eta berriro zabaldu dituztenak: aitorpenak trumilka Espainian eta isiltasuna errege Frantzian. Bada, bi estatuen artean halako alde itzela egotearen «bitxikeria» horri ez ikusiarena egiten dionak, gehienez ere bere burua engaina dezake, «bitxikeria» batzuk ez astintzea hobe dela bereganatuz, baina horrek ez du leuntzen bere ardura torturaren errealitatea estaltzeko orduan.

Beste horrenbeste esan daiteke espainiar (in)Justiziari buruz, zeinak ez duen nonbait aski tortura salaketa ia-ia guztiak artxibatzearekin, frogarik ez dagoela argudiatuz, ederki jakingo ez balu bezala gehien-gehienetan inkomunikazioak guztiz ezinezko egiten dituela froga horiek. Hori jada oso larria izanik, gainera salaketak gezurrezkoak diren kontuari eusten dio, betiko aitzakia erabiliz: «ETA eta bere inguruneak» salaketa faltsuak egiteko agintzen omen diete atxilotuei.

Gezurrezko torturak salatzeko manualen kontua hitzetik hortzera darabilten epaile horiek ezin sinetsaraz dezakete gezur itzel hori egiaz sinesten dutenik, haien muturren aurrean baitute nola erausten dituzten torturatzaileek hainbeste aitorpen: frantziar polizia egoitzetan beti erabateko isiltasuna gorde izan duten militante berberek den-dena, eta xehetasun guztiekin, kontatu ohi dute espainiarretan. Eta gaitz larri hori behingoz amai dadin ezertxo ere ez egiteaz gain torturatuei ezinezko frogak exijitzen dizkieten gainerako epaileek ere ezin esango dute etorkizunean ezer ez zekitela espainiar estatuan inkomunikatuekin gertatzen ari zenari buruz.

Torturarekiko konplizitate horretan, epaileen artean ere ardura maila ezberdinak daude, eta kasu honetan ez dut aipatuko horretan gaiztoena, bat baino gehiago baitira, tartean Garzón famatua, baizik eta Euskal Autonomia Erkidegoan ardura gorena duen epailea, Juan Luis Ibarra Robles, bertako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea.

1995ean Barne eta Justizia Ministerioan Zuzendari Nagusi zenean, Ibarrari egokitu zitzaion Europar Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Komiteari, CPTri, lehen aldiz erantzutea. Izan ere, 1991z geroztik CPT espainiar agintariei hainbat neurri prebentibo ezartzeko eskatzen ari baitzen inkomunikaturiko atxilotuen kasuan. Hogei urte geroago oraindik ere ezarri ez dituzten neurriak, hain zuzen ere.

Neurri horietatik ezartzen errazena atxilotuaren senideren bati hura atxilo non duten esatea da, eta Ibarrak ezin zuenez esplikatu zergatik egiten zioten uko halako neurri erraz bat hartzeari, gezur hutsari ekin zion. Hara zein izan zen bere gezur galanta: «Senideak polizia egoitzetara joaten direnean, ohikoa da haiei esatea non dagoen atxilotua zehazki senidea».

Eta ez zen izan gezur bakarra, hara bestea: «Neurri legal hori [senideei atxilotua non den ez esatea] apenas erabiltzen den; izan ere, bere eraginkortasuna zeharo mugatua geratzen baita komunikabide batzuek ohiki atxilotuen nortasuna zabaltzen dutelako». Egia osoa da bai orduan bai gaur egun atxilotuen nortasuna ia beti azkar asko ezagutzen dela, baina gezur galanta zen neurri legal hori apenas erabiltzen zutena. Eraginkortasuna gorabehera, berdin-berdin ezkutatzen baitzuten beti atxilotua non zuten inkomunikaturik.

Espainiar agintariek antzeko gezurrei lotuta jarraitu dute gaur egun arte, halako neurri erraz bat nahitaezko zergatik ez duten egiten justifikatzeko. Eta emandako hitza jaten ere jarraitu dute. Orduan Ibarrak neurri hori «atxilotuaren nortasuna publikoki ezaguna izan ahala» aplikatuko zutela agindu baitzion CPTri. Eta geroztik pare bat aldiz gauza berbera agindu izan dute espainiar agintariek. Hamazazpi urte geroago, ordea, ez dute ez Ibarrak ez haren ondorengoak zentzu berean emandako hitzik bete. Hitza jaten eta gezurretan oso iaioak dira benetan.

Juan Luis Ibarra Robles Estatuan goi ardurak dituzten torturaren konplize eta estaltzaileen adibide egokia dugu, baina azken batean hamaika daude horrelakoak, gaitz larri horren pipiak zeharo jota baitago espainiar Estatua. Horregatik da hain garrantzitsua Egiaren Batzorde bat osatzea, horiek guztiak behin betikoz bere lekuan jartzeko eta torturaren milaka biktimek hain merezia duten Egia eta Errekonozimendua behingoz izan dezaten. Geure esku dago lortzea batzorde hori lehenbailehen osa dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.