Xabier Makazaga.

Torturatzaileen inpunitatea

2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Gobernuak indultatu egin ditu euskal herritarrak torturatzeagatik kondenaturiko polizia eta guardia zibil gehienak. Eta indulturik jaso ez dutenen artean oso gutxi izan dira ezarritako zigorra benetan bete dutenak, hainbat kasutan argi eta garbi ikus daitekeen bezala.

Haietako bat duzue militante feminista eta Egin-eko langile izandako Ana Ereñoren kasua. Duela urte batzuk zendu zen Ereñok 55 urte zituen 1982ko apirilaren 28an atxilotu zutenean, eta polizia etxean inkomunikatuta egondako hamar egunetan jasandakoaz argi asko hitz egin zuten auzi medikuen txostenek. Izan ere, hark gorputzean zituen hamaika kolpe, ubeldu eta ekimosi jaso zituzten.

Tortura kasu gehientsuenetan legez, izugarri luzarazi zuten torturatzaileek auzi judiziala, eta, azkenik, hamabost urte geroago, 1997an, Bizkaiko Auzitegiak bost polizia kondenatu zituen Ereño torturatzeagatik. Gorenak berretsi egin zuen zigorra 1999an, eta, sententzia irmoa izan ahala, Gobernuak indultua eman zien torturatzaileetako biri.

Gainera, beste hiruren kasuan hainbat trikimailuz baliatu ziren Poliziatik berehala kanporatzea zekarren zigorra ez aplikatzeko. Haietako biri erretiro aurreratua eman zieten, eta hirugarrenari ia hamabost urte geroago aplikatu zioten zigorra, jada erretiroa lortzeko moduan zegoenean.

Erretiro aurreratua jasotako bi poliziak Antonio Santos eta José Paz Casas izan ziren. Lehena unitate berezi bateko buru zen orduan, eta bigarrenak Galiziako Poliziaren Goi Buruzagitzan idazkari nagusi izaten jarraitzen zuen sententzia irmoa izan eta lau urtera. Hala salatu zuen Madrileko Kongresuan BNGko diputatu zen Carlos Aymerichek, 2003ko martxoaren 26an. Bost egun geroago, sententzia behingoz aplikatu ordez, erretiro aurreratua eman zioten arauturiko adinera heldu baino hamabost urte lehenago.

Gutxi gorabehera, Lasa eta Zabala euskal errefuxiatuak bahitu, torturatu, erail eta kare bizian lurperatzeagatik kondenatu zituzten Felipe Bayo eta Enrique Doradoren kasuan egindako gauza bera egin zuten. GALen lehen ekintza hartan parte harturiko Intxaurrondoko bi guardia zibil haiei ere erretiro ederra eman baitzieten ahorik zabal ez zezaten.

El Mundo egunkariak kontatu zuenez, Doradori «bere soldataren% 200eko pentsioa eman zioten», hark mehatxu egin zielako «bestela aitortu egingo zuela Intxaurrondok gerra zikinean izandako parte hartzeari buruz zekien guztia». Horretarako, aitzakia gisa, esan zuten erabat ezindua zegoela «bere lanaren» eraginez jasan omen zituen arazo psikikoengatik. Beste horrenbeste egin zuten Felipe Bayoren kasuan.

Ana Ereño torturatzeagatik ezarritako zigorra benetan bete zuen bakarrak ere gerra zikinarekin zerikusi nabarmena izan zuen. Leoncio Castro du izena, eta begi bistakoa dirudi zergatik aplikatu zioten zigorra hainbesteko atzerapenarekin, ia hamabost urte geroago. Beldur zirelako hala egin ezean Estatu terrorismoaz zekizkienak haizatuko zituela. Izan ere, El Mundo egunkariak oso artikulu adierazgarria argitaratu zuen hari buruz 1995eko urriaren 10ean. «El inspector Leoncio Castro era el jefe de operaciones del GAL» izenburukoa, hain zuzen.

Bertan zioenez, bera izan zen GAL nafarraren buru, sigla haiek erabiliz 27 pertsona akabatu zituzten garaian, eta berak «ordaintzen zien, Barne Ministerioko diru bereziak erabiliz, hainbat poliziari, Iparraldera joan zitezen etakideak markatzera. Eta hainbat frantziar poliziari ere ordaintzen zien, haien kolaborazioa oso lagungarri baitzitzaien».

Artikuluaren arabera, hura dena «Luis Roldan buru zuen Gobernu Ordezkaritzaren ezagutza eta diru babesarekin egiten zen». Ordezkaritzak informazio guztiak Barne Ministerioari bideratzen zizkion eta «han ematen zieten argi berdea atentatuei, operazio bakoitzarentzat beharrezkoa zen dirua bidaliz; gutxi gorabehera, hogei milioi pezeta».

Leo Castro ez zen izan, gainera, Ana Ereño torturatzeagatik zigortutakoen artean gerra zikinean nahasturiko bakarra. Indultatuetako bat, Julio Hierro, taldeak GAL siglak erabiliz bere gain hartu zuen lehen ekintzan parte hartzeagatik ere kondenatu zuten, Segundo Mareyren bahiketagatik. Tortura kasuko zigorra eta gerra zikinekoa, biak ala biak, indultatu egin zizkion Gobernuak Hierrori, eta Polizia utzi ondoren frantziar auto marka oso ezagun baten segurtasun arduradun izan zen. Peugotena, hain zuzen.

Esanguratsuki, beste torturatzaile famatu batek izan zuen bere gain frantziar auto marka ezagunenaren segurtasun ardura, Renaultena: Billy el Niño ezizeneko José Antonio González Pachecok. Frankismo garaian egin zituen desmasia guztiengatik María Servini argentinar epaileak haren estradizioa eskatu eta espainiar Gobernuak ukatu izanak zeresan ugari eman zuen duela ez hainbeste.

Beraz, Ana Ereñoren kasuan, kondenatu zituzten bost torturatzaileetatik bik gobernuaren indultua jaso zuten, eta beste biri ez zieten inoiz aplikatu zigorra, erretiro aurreratua eman baitzieten arauturiko adina baino askoz ere lehenago. Horrela, torturatzaile bakar bati aplikatu diote zigorra, eta, gainera, ia hamabost urteko atzerapenarekin.

Gutxi gora behera, beste horrenbeste gertatu da Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoarekin zerikusia izandako beste tortura kasu guztietan ere. Zigor irmoak jasotako torturatzaileen gehiengoa, ia %60a indultatu egin dute, eta oso gutxitan aplikatu dituzte egiazki sententziak indulturik egon ez denean. Hara hor beste froga nabarmen bat torturatzaileek espainiar Estatuan betidanik gozatu izan duten inpunitateaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.