Natur kontserbazionista

Trantsizio energetikoan engainua

Aitziber Sarobe Egiguren
2024ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

EAEko trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren lege proposamena adostu duten alderdi politikoen arabera, gure herriaren etorkizuna industriala izango da, energetikoki intentsiboa. Begirada honetatik egin nahi dute trantsizioa, jatorri fosileko energiaren kontsumoa gutxitzeko energia-iturri berriak bilatuz.

Planteamendu hau, baina, egungo errealitatearen irakurketa okerra da. Jadanik, gizakiaren jardueren ondorioz, gure planetaren bederatzi mugetatik sei gainditu ditugu: klima aldaketarena, lurzoruarena, nitrogeno eta fosforoaren zikloena, biosferarena eta, azkena, ur edangarriarena. Arreta, bada, ez litzateke energia fosiletan bakarrik jarri behar, baita industriak behar dituen gainerako baliabideetan ere: ia guztien ustiapenak gaina jo baitu, eta ziurra da eskuratzeko zailtasun gero eta handiagoak izango ditugula. Kapitalismoak eragin duen krisi sistemikoa, klima-aldaketaren arazo larriaz gain, baliabideen agortzean eta biodibertsitatearen galera masiboan islatzen da. Azken bi aldagai horiek kontuan hartzen ez dituen aterabideak hondamendira garamatza. 

Horregatik da arriskutsua Eusko Jaurlaritzatik arautzen ari diren trantsizio energetikorako lege-markoa. Funtsean, enpresei energia berriztagarrien zentral intentsiboak eraikitzeko erraztasunak ematea baitute helburu: alegia, lurralde antolaketaren legedia bihurritzea landa lurretan jarduera industriala baimentzeko eta natur kontserbaziorako legedia ezerezean uztea ondare naturala kapitalaren zerbitzura jartzeko. Lehentasuna energia-iturriak ordezkatzeak du, ez (energia) kontsumoa murrizteak.

Ondorioz, energia-sistema kontrolatzen duen oligopolioa ari da bideratzen trantsizio-energetikoa: enpresak dira gure landa eremuan zentral fotovoltaikoak edota eolikoak jartzeko eskaerak egiten ari direnak, plangintza orokorrik gabe, paisaiaren eraldaketa eta biodibertsitatearen galera gutxietsiz. Plan Sektorialak lehentasunezko eremuak definitu ditu, baina ez dago debekurik (parke naturaletan salbu). Hala, ingurumen sentsibilitate handiko eremuetarako ari dira eskatzen baimenak.

Industria Sailak aurreproiektu horiek onartu ahal izateko, enpresek Ingurumen Eraginen Txostenak (EsIA) aurkeztu eta Aldizkari Ofizialetan argitaratu behar dira. Hilabeteko epea irekitzen dute helegiteak egiteko, ehunka orriko proiektuak irakurri, ulertu eta eragitea aurreikusten den demaseko txikizioaz jabetzeko (dena gaztelera hutsean, noski, naturan eragingo lituzketen kalteentzat bete ezinezko neurri prebentiboak proposatuz). Ingurumen Sailetik aldeko epaia lortuz gero, Industria Sailak emango lieke obra baimena (tokiko administrazioen bermearekin), baldintza tekniko eta ekonomikoen baitan. Prozedura horretan murgilduta daude herri eragileak, zergatia ulertu ezinik, amorratuta. Noiz abiaraziko dituzte prozesu deliberatiboak, proiektuak onartu ostean?

Energia berriztagarrien zentralak ezarriko diren eremuetako herritarrek edota enpresek hobariak jasotzea hitzartu dute, kolonialismoaren logikari jarraituz. Zergatik da onuragarria hemen Amazonian lotsagarria dena? Ezer gutxirako balioko dute hobari horiek bertakoen bizi-baldintzen kaltetan badira.

Distopia, desio ez dugun baina irudikatzen ari zaizkigun etorkizuna: energia berriztagarriak sobera izatea, esportatzeraino, ez dugulako asmatu industria eraldatzeko teknologia moldatzen; bitartean, gure lurren emankortasuna eta biodibertsitatea, bizitza, galduz. Utopia, desio dugun baina irudikatzen ari ez zaizkigun etorkizuna: gizarte antolaketa berria, ongizatea kapitalaren (diruaren) pilaketa hutsean neurtzeari utziko diona, gure herriak eskaintzen dizkigun bizi-baldintzetara egokitzearen premia ulertuko duen kultura berria sortzeko, politika egiten asmatu duen herria.

Herri eragileak ari gara bidea marrazten: natur kontserbaziotik, ekologiatik, agroekologiatik, ekofeminismotik, ekonomia sozial eraldatzaile feminista eta solidariotik, kooperatibismotik... Bide hau ordezkari politikoekin batera egitea da ametsa.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.