Eusko Alderdi Jeltzalea EH Bilduren arrastoan sartu dela diote sozialistek administrazioan lan egiteko euskara-politika dela eta. Ez. Adostasuna bilatzea ez da ez inoren atzetik ibiltzea. EAJk bere bidea egin duelako daukagu Euskararen Legea, zeinak hasieratik argi dioen «euskara» dela «Euskal Herriko hizkuntza propioa» eta «euskara eta gaztelania» direla «hizkuntza ofizialak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan». Bestela ez genukeen izango euskarazko irakaskuntza alde guztietan, ezta euskarak eta euskalgintzak izan dituzten Jaurlaritzaren eta foru nahiz udal erakundeen babesa eta bultzada ere, ezinbesteko lankidetzan.
HBk Lege haren eztabaidan eta bozketetan ez zuen esku hartu eta hala ere horrek ez zuen gelditu EAJ 1982an. Alderdi Sozialistak orain erabakitzen badu akordiotik erretiratzea, Eusko Alderdi Jeltzaleak jakingo du aurrera egiten. Orduan bezala. Herri honetan euskaldun izanez bizi nahi dugu. Herria eraikitzen joateko, bertako erroekin, hemen bizi garenon artean.Â
Ez dugu berriketako aurrerakada egin. Ez aski, bai asko. Euskal Administrazioko funtzionarioen herenak zeukan euskara maila egiaztatuta orain hogeita hamar urte; gaur egun, %90ek baino gehiagok. Euskaraz lan egiten dute askok eta bi hizkuntzetan aritzen dira administrazioetako egitasmoetan.Â
Jaurlaritza jaio berritan, 25.000 ikasle inguruk ikasten zuen euskaraz eskola publikoan; gaur egun 165.000 ikaslek, eta sare itunduan beste 143.000k; hau da, ikasleen %82,5 D eta B ereduetan, Gipuzkoan %87. Hiru lurraldeetako egoerak desberdinak dira baina denean egin du euskarak aurrera eta D eredua da nagusi. Gurasoek hala aukeratuta. Baina ez beste gabe, aukeratzeko eskubidea izan dutelako baizik, legebiltzarrak demokratikoki bermatuta. Horrek balio erantsi bat du: gizartea girotzen du euskararen alde.Â
Legebiltzarraren erabaki politiko handi hura hartu zuenean Eusko Alderdi Jeltzaleak erdiz erdi asmatu zuen ezker abertzalea legebiltzarrera joaten ez zen urte haietan. Ados jartzeko borondatea izan zuten EAJk, sozialistek, EEk eta zentristek. Ez eztabaidarik gabe. Ezta Nafarroa aipatu gabe ere.Â
Pedro Migel Etxenike, Hezkuntza Sailburua, eskandalizatuta ikus daiteke tribunan Nafarroako hizkuntza politika dela eta. Euskararen Legearen «azken helburua elebitasuna» izanik, «hori lortzeko malgutasunaren eta hizkuntza mapa dinamikoaren guztiz alde» ageri da Etxenike eta, ondoren, erabat suminduta Nafarroako Erkidegoan «hizkuntza mapa estatiko eta atzerakoia» aurreikusiz, «euskara moztu eta txikitu» behar zuena.Â
Nafarroako Erkidego osoko hizkuntza ofiziala gaztelania izendatu zuen 86ko Foru Legeak, euskara ez, ipar Nafarroan bakarrik. Ondorioak nabarmenak dira. Oraingo ikasturtean 88.000 ikaslek gaztelaniaz ikasten dute; 27.000k euskaraz. Ez da halabeharrez gertatzen Nafarroan ikasleen 10etik ia 8k gaztelaniaz ikastea, eta Euskal Erkidegoan, alderantziz, 10etik 8k baino gehiagok euskaraz. Bazuen zergatik kezkatu eta haserretu Etxenikek. Eta badu lotsa izateko motiboa Alderdi Sozialistak. Zer izango zen euskararen zoria legebiltzarrean EAJk gidatu izan ez balu Euskararen Legea.
Ezin da esan euskarak administrazioan lanerako traba egiten diela milaka eta milaka laguni, eta aldi berean euskararen erabilera bultzatu behar dela. Ematen du Alderdi Sozialista harrapatuta dagoela bere lazoan
Hura ez zen harrizko espirituz egin. Malgutasuna, epe labur eta ertaineko egitasmoen beharra, zuhurtasuna, hizkuntzagatik ez diskriminatzea, hizkuntza eredua aukeratzeko askatasuna eta abar defenditu zituzten, baina helmuga garbi jarrita: diglosia gaindituz elebitasunera heltzea, mailaka, beti euskarari aurrera eragiteko, eta ez, halako batean sabai bat ezartzeko eta euskalduntzen ari den jendeari bere administrazioan euskaraz egiteko aukera mozteko.Â
Hemen kontua da txapel batekin ezin direla bi buru estali, euskaltzalea eta espainolista. Ezin da esan euskarak administrazioan lanerako traba egiten diela milaka eta milaka laguni, eta aldi berean euskararen erabilera bultzatu behar dela. Ematen du Alderdi Sozialista harrapatuta dagoela bere lazoan. Badaki euskararen etsai agertzeak ez diola mesederik egiten Euskadin. PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezari ez zaio gustatzen espainolismoarekin lotzea, inola ere ez euskarafobia leporatzea. Alderdi Sozialistak badaki euskara nolanahi geldiarazten ez dagoela erraza, demokratikoki itsusia dela. Ez du balio auzitegiko atzeko atetik sartzeak legebiltzarreko ate nagusitik herrira irtendako Legea husteko. Euskara da herri honen euskarria eta hazkurria.Â
Ez da alferrik igaro denbora. Realak Atletico Madrili irabazita kopa ekarri zuenean, Donostiako udaletxe aurreko jendetzak gauza bat erakutsi zuen: Matarazzo entrenatzaileari euskaraz ulertzen ziotela. Realekoak, euskaldunak… Identitate kontua, munta handikoa, nahiz eta batzuk jendeari ez zaiola axola sinetsarazten saiatu. Euskal identitatea denean, jakina. Baina ez dugu ikusten Espainiak edo beste batzuek beren identitatea saltzeko daukatenik, ezta?Â
Globalizazio betean eta pluraltasuna hainbeste aipatzen denean, funtsezkoa da bakoitzak eta herri gisa zein garen galdetzea eta zertan errotzen garen erantzutea. Euskara dugu sustrai propioa. Bertako hizkuntzarekin hobeto gabiltza, bertakotu egiten du euskarak, euskaldundu, eta «nazio izaera aldarrikatzen duen herria» eragiten du. Euskara baliotsu, erakargarri eta beharrezko izaten asmatu behar dugu bertakoentzat eta datozenentzat. Herri gisa jokatzeko garaia da orain ere. Â
Horiek horrela, argi dago gauza bat: euskara muina da Euskadiko politikan. Ea Alderdi Sozialistak ez duen ezker abertzalearen iraganeko hutsegitea egiten: bazterrean geratu. Aukera egiteko ordua du. EH Bildu, berriz, ikusiko da adostasunera biltzeko prest dagoen. Ez dugu aurreratu ordez atzeratu dezaketen bidetan sartu behar. Ez dugu ekina ezina gertatzerik nahi. Euskaltzaleak eta abertzaleak gara eta nahi genuke 82ko akordioa zabaltzea. Euskarak eta gure Herriak behar dutelako.