Txartel gorria eskola inklusiboari

Jon Moñux Agote
2018ko urriaren 11
00:00
Entzun
Bai horixe! Ulertezina bada ere, hala gertatu da Eusko Legebiltzarrean duela gutxi. Arau guztiak bete ondoren, Herri Ekinbide Legegile bat (HEL) aurkeztu da legebiltzarrean lehen aldiz, gure ikastetxeetan gertatzen diren segregazio egoeren aurrean neurri zehatzak ezartzeko asmoz. Baina Zubiak Eraikiz-ek sustatutako ekimena bertan behera geratu da. Osoko bilkuraren gehiengo batek hegoak ebaki dizkio 17.000 sinadura bildu duen HELari, hegan hasteko inongo aukerarik eman gabe. Hiritarron partaidetzarako tresna baliagarria izan zitekeena esperientzia eredugarria izatetik itxaropen zapuztua izatera igaro da, bere estreinaldian bertan. Zartako galanta jaso dute sinatzaile inozo horiek guztiek, ni barne.

Hezkuntza saileko arduradunek nahiz itunpeko ikastetxeetako ordezkariek ez ikusiarena egin arren, errealitatea gordina da, tamalez. Kasuistika anitza da, baina oro har ikasle mota batzuk jatorriz etorkinak, hezkuntza beharrizan berezikoak eta bekadunak ikastetxe jakin batzuetan pilatzen dira, kasu gehientsuenetan sare publikoan, ghetto arriskutik oso gertu. Aldiz, itunpeko ikastetxe gehienetan saiatzen dira, baita lortu ere, ezaugarri horietako ia inor ez eskolatzen. Adibidez, oinarrizko hezkuntzan, ikasle etorkinen %32 itunpeko sarean daude; sare publikoan, berriz, %68; ikasle bekadunak %26 dira itunpekoan, eta publikoan, %43 (Euskadiko Eskola Kontseilua, 2015-2017). Bestalde, praktika ez-inklusiboak daramatzaten lekuetan, aniztasunaren arrastorik ere hurbileko errealitatean ez da itsasten euren ikasleengan heziketan zehar. Aitzakiak aitzakia, egunerokoan ateak ixten dizkiote aniztasunari, eta homogeneotasunaren babesleku bihurtu. Teoriak eta leloak beste kontu bat dira, jakina.

Egia esan, beste eztabaida sakon bat dago bazterkeria honen atzean. EAEko hezkuntza sisteman, ezohiko egoera bat dago Europako eredu nagusiekin alderatuz gero. Hemen sistema duala dugu sare publiko eta itunpekoaz osatua, biak pisu berekoak; hain zuzen, horretan datza gure sistemaren ezohikotasuna. Hezkuntza eskubidea oinarrizkoa den arren, gure ikastetxeen sare publikoa ez da hezkuntza sistemaren oinarrizko ardatza, Osakidetzak osasun arloan jokatzen duen zutabe funtzio berean. Gure ikasleen %50ek itunpeko ikastetxeetan dihardute, eta Europako kasu gehienetan multzo hori %20ra mugatzen da, sistema publikoaren osagarri izanik. Hemengo egoera, ordea, guztiz paradoxikoa da. Diru publikoz hornitutako ikastetxeek bokazio herritarra agertzen dute finantzaketa publikoa jasotzeko orduan, baina kasu ugaritan gehiegitan jarrera pribatu edo elitista adierazten dute ikasle orori ateak zabaltzeko garaian, hainbat trikimailu erabiliz edota «kristalezko sabaiak» eraikiz. Baina hau kontu zaharra da eta beste baterako utzi behar.

Azken urteotan, Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Arartekoak kaleratutako txostenetan argi adierazten da ikastetxeen arteko desoreka ikasleen banaketarekiko, baita arazoa saihesteko neurriak hartu beharra ere sareen araberako banaketa bidezko batez. Aitzitik, legebiltzarrean bidea itxi zaio aukeren berdintasunaren, aniztasunaren eta gizarte kohesioaren alde urratsak egiteko ekimenari. Aitzakia gisa honako hau argudiatu da, epe «ezjakin» batean Hezkuntza Lege bat onartuko omen dela egun, hezkuntza komunitatearen babes zabalik gabea, eskola inklusiboa aintzat hartuko duena.

Ondorioz, haur zein gazte ugarik heziketarako duen oinarrizko eskubidea era baldintzatuan jasotzen jarraituko du eta hainbat ikastetxe publikotako irakasleriak aurre egin beharko die segregazioaren ondorioei, euren bizkarretako motxilaren zama astunagoa bihurtuta; egoera salatzen jarraitu eta beste abagune bat sortzen den artean.

Ikusitakoak ikusita, Eusko Jaurlaritzari eusten dioten alderdiek, hezkuntza-bazterkeria egoerak ekidin ordez, horiek egonkortzea hobetsi dute. Eskola inklusiboa bermatzearen aldeko neurri zehatzei txartel gorria erakutsi eta egungo desoreka mantentzeari eman diote argi berdea. Agian, lelo nagusitzat «pertsona helburu» diotenek «segregazio kasuetan izan ezik» gehigarria erantsi beharko lukete aurrerantzean, hezkuntzaz mintzatzean; berriro hausnartu eta berehalakoan arazoa bideratu ezean. Nolako eskola, halako gizartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.