Txiki, Bixar naiz. Garai haietan egin genituenak egin behar genituelakoan geunden. Asmo onenaz aritu ginen. Irailak 27. Ezin zaitut ahaztu, nola ahaztu. Gaur 50 urte tiroz tiro fusilatu zintuztela. Goizean goiz, egunsentian dantza madarikatua, madarikatuen dantza, madarikatuek antolatutako dantza odoltsua. Frankismoaren azken hatsak, gaiztakeriaren borreroek tiro egin zizuten gupidagabeki bata bestearen atzetik. Zure ahotsaren abestia isilarazi arte, «Eusko gudariak gara Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola bere aldez emateko». Ezin amaitu. Abestiaren bigarren zatia bihotzean eraman zenuen eternitatea deritzan une misteriotsu horretara. Ziur azken arnasa ihesi joan ondoren izarrei jarraitu zeniela abesten bigarren zatia: «Irrintzi bat entzun da mendi tontorrean, goazen gudari danok ikurrinan atzean». Nola jakin ilargiak entzun zuen zeure bihotzaren azken taupaden lekukoa abestiaren ondorengo «Gora Euskadi askatuta!». Ni urruti, Iruñeko kartzelako zigor ziegetan gose greban, bezperan gauzatutako matxinada baten ondorioz.
Garrasi lazgarri krudela barroteetatik iheska belarriak zulatuz, zorigaiztoko mezu malapartatua: «Fusilatuak». Hogeita bat genituen biok. Harridura, garunak ezin mezuaren muina. Arnas estua, Eusko gudariak abesteari ekin. Ezin. Arnasak ezin abestu. Bihotzaren arnasak negarrari ekin. Ezin. Ja mende erdia egunsenti hartaz: Txiki burkide eta lagun, begiak oraintxe lehortu beharra. Beti egongo da nire barne erraietan nolabaiteko harrotasun isila: Eusko gudariak abestia nik zuri erakutsi izana... baina nola aurreikusi erdi ikasitako abesti hura zeure azken hitzak bihurtzea!
Gaur eta hemen etorkizuna jokoan dugu, eta argi utzi nahi dut gai hau nire lau bilobentzat: Noa, Natale, Eki eta Kairentzat. Jakin dezatela euren etorkizun pertsonalean euren aitona Joxek pentsatzen zuena honi buruz. Damu dut huts egin izana, bide okerra aukeratu izanaz. Hasieratik oker geunden, Ken Zazpiren abesti hunkigarri horrek dioen bezalaxe. Ez zait axola ni neu batzuentzat traidore izatea eta nitaz zer pentsatzen duten. Beti saiatu naiz koherentea izaten pentsatzen nuenarekin. Ahaleginak egin ditut nire ekintzak, pentsamenduak eta uste sendoak batera joan daitezen. Beti saiatu naiz, beste abesti horrek esaten duen bezalaxe, «geure ekintza izan dadila geure hitzaren alaba». Baita alderantziz ere. Nire lau bilobek aitona Joxek (eta birraitona Inosenek) ezagutu, sufritu, negar egin dutena ez dezatela ezagutu inoiz. Hoberena desio dut Euskadirentzat. Pentsatzen dut identitate-sentimendu desberdinen arteko bizikidetzak elkarrenganako errespetua eta enpatia izan behar dituela gidari eta patroi.
Gogoeta labur bat bakeari buruz, Txiki, burkide eta lagun, EAJko kidea naiz orain dela 30 urtetik. Bakea bilatzeak guztion arteko errespetua eta gai guztien inguruan politika naturaltasun osoz onartzea esan nahi du, inor kanporatu edo baztertu gabe, begirunez. Eta horretarako komunikabideetan, adibidez, ukatu egin beharko dira sektarismoa, alderdikeria eta deskalifikazioa, eta beste aldetik, parte-hartzea, prestutasuna eta jarrera positiboak bultzatu behar. Bestearen iritzia bidezkoa dela aitortzeko prest egon behar dugu, eta diferentzia horretatik abiatuta, indarkeriarik gabeko etorkizunaren bilaketa horretatik abiatuta, gatazka ebazteko prozedura komunak onartu behar ditugu, inork bere proiektu legitimoari uko egin gabe. Inolako tranparik gabe. Eta guztion lana da.
72 urte beteko ditut laster. Pena eta tristura, zeu bide hasieran geratu zinen. Ez zinen euskaldun fusilatu bakarra, borreroek Angel Otaegi hil zuten Burgosen. Aukera izanik, arren, esaiozu ez zaituztegula inoiz ahaztuko, beti bihotzetan lekua duzuela bizirik. Nago elkarrekin egoteko aukera izango dugula. Elkarrekin ginenean, ez genuen nor ginenon izen-abizenen berririk. Zuk nireak jakitetik, eta nik zureak, inoiz ez diogu elkarri irribarrerik bota. Konponduko dugu. Ametsa. Desioa. Irrintzia. Agur, Txiki. Eusko gudariak gara! Gora Euskadi askatuta! Bixar.