«Bilboko antzoki nagusian eta 400 irakurleren baino gehiagoren ahotsen babesaz, lehen mailako aitortza jasoko du Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazleak etzidamu. Bilboko Bilbo Zaharra euskaltegiak haren Leturiaren egunkari ezkutua nobela hautatu du aurtengo Klasikoen Irakurraldi Jarraiturako. […] Besteak beste, Txillardegik euskal literaturaren eta euskararen estandarizazioaren alde egindako lana goraipatu du Sarrionandiak, eta salatu haren lana orain artean behar baino gutxiago aitortu izan dela; adibidez, orain artean uko egin zaiolako Donostiako Udal Liburutegiari haren izena jartzeari». (Iñigo Astizek, ekainaren 2an, BERRIAn). Arriagatik pasatu ziren besteak beste, Ibone Bengoetxea sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, herri elkarteetako ordezkariak, euskaltzainburuak, unibertsitateko errektoreak… Baita Aitor Esteban EAJren EBBko burua eta Miren Arzalluz Guggenheim-eko zuzendaria ere.
Hiru aipamen labur: Ibon Sarasola. «Baionako biltzar horren arima Txillardegi izan zen. Azpimarratu nahi dut Txillardegiri zor diogula, azken batean, egungo euskara estandar batuaren miraria. Txillardegiren eraginik gabe ez zen Baionako biltzarra sortuko, eta biltzar horrek ez zuen euskara baturako proposamenik egingo, eta oinarri hori gabe Euskaltzaindiak ez zuen, Koldo Mitxelenaren zuzendaritza erabakigarriaren pean euskara batua taxutuko» (2018).
Noiz arte zigortu behar gaituzte euskaldunak, euskara eta euskal literatura beste ororen gradura ekartzeko ezinbesteko izan zen Txillardegi bere hiriko mapatik eta memoriatik ezabatuz?
Miren Azkarate. «Europako haize berri eta freskoa euskal literaturara ekarri zuena. Jose Azurmendik oso ondo definitu zuen, Txillardegi izan zen bide urratzaile edo bide irekitzailea. Erbestera joan zenean, Frantzian, Belgikan, lortu zuena, ikusiaz Euskaltzaindiak ez ziola berak nahi bezala erantzuten, garai hartako idazleak bildu, eta 64an Baionan akordio batzuk lortu zituzten, batez ere ortografiari buruzkoak, horiek Euskaltzaindira bidali…» (Txillardegiren Klika, dokumentala).
Bernardo Atxaga. «Orain dela urte batzuk hasi nintzen ETAren dokumentuak irakurtzen, historikoki. Hor aurkitu nuen, nire ustez, Txillardegik idatzitako txosten bat hizkuntzari buruz hirurogeita gutxitan, eta, oso, iruditu zitzaidan oso argia. Harritu ninduen zein argia zen garai hartan» (Txillardegiren Klika).
Eta Donostian zer: «Azpian sinatzen dugun Donostiako idazleok eskaera aurkezten dugu Donostiako Udalean, hiriaren Liburutegi Nagusia Txillardegi Liburutegia izenda dezan. Honela, gure hizkuntzari eta gure hiriari hainbeste eman dion idazlearen oroimenak merezi duen lekua hartuko luke, Koldo Mitxelenak, Carlos Santamariak eta Inazio M. Barriolak hartu duten bezala. Urrezko Domina eman zionez, esan gabe doa Donostiako Udalak ezagutzen dituela Txillardegiren merituak bere izena hiriaren barruan txerta dadin kulturaren eta bereziki irakurketaren eragin-gune gisa». Sinatzaileak: (2013-12-03 Euskararen eguna) Ramon Agirre, Jokin Ansorena, Joxe Austin Arrieta, Harkaitz Cano, Rafa Egiguren, Mikel Hernandez Abaitua, Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirre, Ibai Iztueta, Fito Rodriguez, Beñat Sarasola, Ibon Sarasola, Ana Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Dorleta Urretabizkaia, Juan Luis Zabala, Iban Zaldua.
Guztiok ondo dakigun moduan, EAJ, PSE eta PP alderdien ezetza jaso zuen idazleen eskaerak. Geroztik hamaika ekimen egin ditugu Txillardegik eta euskaldunok merezi dugun aitortza publikoa eskatuz. Alferrikakoak horiek ere. Urtarrilean Jon Insausti alkateari bilera eskea egin genion Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenaren izenean, presarik gabe bilera bat egiteko eta Txillardegiren jaiotzaren 100. urteurrenerako (2029) gaia era egokian bideratzeko. Oraindik ez dugu alkatearen aldetik erantzunik jaso.
Noiz arte zigortu behar gaituzte euskaldunak, euskara eta euskal literatura beste ororen gradura ekartzeko ezinbesteko izan zen Txillardegi bere hiriko mapatik eta memoriatik ezabatuz? Oldarraldiak baditu milaka aurpegi.