Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Udaberriko triangelua

2026ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artikulu honek ez du hildakoen ohiko kronika bat izan nahi. Obituarioak oso pieza aspergarriak dira. Balio dokumental eta historikoa izan dezakete. Kontua da kasu honetan hildakoa ez dela bakarra izan. Ezta bi ere. Hiru izan dira.

Hilabete baten bueltan Euskal Herriak hiru akademiko gogoangarri eta hiru pertsona on galdu ditu: Ramon Zallo gernikarra (martxoaren 30ean, 77 urte), Xabier Sanchez Erauskin gasteiztarra (apirilaren 23an, 91 urte) eta Paco Letamendia Ortzi donostiarra (apirilaren 25ean, 82 urte). Bakoitzak bere ibilbide propioa egin du bizitzan, baina historiak modu koralean agurtzea erabaki du. Urte askoan hirurak izan ditut lankide EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean. Gertutik ezagutu ditut haien balio pertsonal eta intelektuala. Xabierrekin, gainera, lotura afektibo berezia izan dut beti. Kazetaritzako nire lehen lana berari esker lortu nuen Que se vayan ya liburu erdi klandestinoan (1978, Mugalde, Hendaia).

Hiruren ibilbidea aski ezaguna da. Hor dago haien bibliografia. Beraz, ez noa ni hemen haien ekarpen akademikoa azpimarratzera. Ez. Nik hemen hiru pertsona horien profila humanizatu nahi dut. Testuinguru erreal batean irudikatu ditut, jarraian aipatzen diren hiru eszena hauetan.

Washington

Apirilak 25. Koka ezazue zuen burua Washingtongo Hilton hotelean, Donald Trumpen aurkako azken atentatu saiakera horretan. Etxe Zuriko korrespontsalen afaria da. 2.600 gonbidatu. Bat-batean, kaosa. Tiro-hotsak, oihuak, segurtasun-agenteak nonahi. Mundu ia guztia mahai azpian, salbu eta Michael Glantz, Artista Sortzaileen Agentziako eragile nagusietako bat. Hainbat tokitan agertu da haren irudia. Hark jarraitu zuen lasai asko eserita, bere entsalada jaten, den-dena aztertzen, miatzen, aztoramen hura berarekin joango ez balitz bezala. Hark esana da gero: «Garbi neukan ez nuela neure burua lurrera botako. Bizkarreko arazoak ditut. Makurtuz gero, pilo bat kostatzen zait jaikitzea. Gainera, ez nuen nire esmokin berria inolaz ere zikindu nahi». Dena ikusi nahi zuen. Praktikoa gizona. Ausarta eta so-egile petoa.

Momentu bitxia iruditu zait eta, nire ustez, primeran dator Ramonek eszenak eta abaguneak aztertzeko zeukan gaitasunarekin. Zallo euskal errealitatearen behatzaile aparta eta analista bikaina izan da. Bidegilea. Erreferentzia garrantzitsua. Oso.

Azoreak

Apirilak 25. Egun berean gertatu zen ondorengo pasadizoa, Picoko uhartean (Azoreak), Lagoa do Capitao ingurunean. Krabelinen iraultzaren 52. urtemuga. Egun handia Portugalen. Jai ofiziala. Leku idilikoa. Mendizaleak hurbiltzen dira bertara, Montanha do Picoren isla —Portugalgo mendirik altuena (2.351 metro)— lakuan harrapatzeko asmoz. Argazki perfektua da. Kasu honetan, ezinezkoa. Behe laino itxia zegoen (oso ohikoa han, 826 metrotara kokatuta baitago). Ahate eta behi sinpatiko andanak izan genituen lagun. Picoren islarik ez, baina, halako batean beste mendizale bat ikusi genuen. Argazki kamera esku batean eta krabelin gorria bestean. Egoera baliatuz, eskatu genion ea aterako zigun erretratu bat —gu ere fokuaren gatibu—. Krabelina goroldioz jositako laurisilva baten gainean paratu genuen. Gu, harro, ezkerreko ukabila jasota eta kamerari so. Klik. Atera zigun. Gero, galdetu zigun ea nongoak ginen eta… zer sinbolizatzen zuen ukabilak! Sozialismoa, erantzun genion apur bat harrituta. Bera —30 urte inguruko emakumea— jaiotzez txinatarra, baina Lisboan bizi zen. Krabelina eskuetan zuen. Apirilak 25 zituen. Txinatarra jaiotzez eta guri galdezka zer sinbolizatzen zuen ukabilak (!). Atsegin agurtu genuen elkar.

Zallo, Erauskin eta Ortzi belaunaldi baten lekuko izan dira. Bakoitza bere estiloan, baino oso pertsona maitagarriak izan dira, intelektual argiak, independenteak, kritikoak beti —boterearekin, borroka armatuarekin, egitura guztiekin— eta koherenteak azken unera arte

Xabierrekin gogoratu nintzen. Haren biografian, bada egoera honekin oso bat datorren argazki bat. 1974a zen. Xabier Lisboako Alderdi Komunistaren egoitzan ageri da beste bi lagunekin batera, balkoian. Barandaren beste puntan, zazpi-zortzi urteko mutil argi bat haiei begira. Adi, detailerik galdu gabe. Xabierrek eskuineko ukabila dauka jasota, ahoan ohiko irria lagun zuela. Mutilak, eskuetan, bokata. Bakoitzak bereari heldu. Klik.

Ukabilaren sinbologia unibertsala izan daiteke, baina interpretazioa… mundiala! Gogoan izan nola erreakzionatu zuen Trumpek 2024an Pennsylvanian bala batek belarria laztandu eta gero: eskuineko ukabila jasoz eta kamerei oldarkor oihukatuz: fight, fight, fight! Ai, Xabier: nola aldatu diren gauzak, kamarada!

Madril

Bai, zalantzarik ez da: ukabila ikur mediatikoa da. Ortziren fama ikur horri lotuta hasi zen. Berripaper honetako irakurle gazteenek ez dute jakingo zer gertatu zen 1978ko azaroaren 8an Madrilgo Kongresuan. Francisco Letamendia, Ortzi, Euskadiko Ezkerrako diputatua zen. Espainiako Konstituzioaren inguruko eztabaida bero-bero zegoen. Ortziren interbentzioa honela amaitu zen: «Presidente jauna, kongresukide jaun-andreok. Ezin dut Konstituzio hau bozkatu, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea ukatzen duelako. Koherentzia politiko eta pertsonalagatik dimisioa aurkeztu behar dut diputatu gisa. Gora Euskadi askatuta. Gora Euskadi Sozialista». Azken hitzok esateaz batera, ezkerreko ukabila jaso eta jaitsi egin zen atriletik, bere dimisioa ofizialki aurkeztera. Ortziren atzean Kongresuko presidente Francisco Alvarez de Miranda ageri da, harrituta, sor eta lor. Ondoan, apur bat atzerago, bi uxer. Zutunik, hieratiko, ikusten ari zirena sinetsi ezinik. Madrilen piztutako harrabotsa sekulakoa izan zen. Euskal Herrian sortutako emozioa, handiagoa.

Ramon, Xabier eta Pacoren heriotzek hunkitu naute. Hirurek jasan zuten errepresioa. Hirurak ikur. Hirurak lagun. Egia da haien produkzio gehiena ez dela euskaraz izan. Hala ere, zorretan gaude haiekin. Zallo, Erauskin eta Ortzi belaunaldi baten lekuko izan dira. Bakoitza bere estiloan, baino oso pertsona maitagarriak izan dira, intelektual argiak, independenteak, kritikoak beti —boterearekin, borroka armatuarekin, egitura guztiekin— eta koherenteak azken unera arte.

Gaua da. Burua jaso dut. Ortzi-mugan Udaberriko triangelua ageri da. Hiru izar —Arcturus, Spica eta Regulus— solasean dira. Hotza urruntzen ari da. Bizitza dator bueltan.

Postdata:

Aste honetan Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak ere izarren bidea hartu du. Bera ere bidegile. Berari ere aitortza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA