Uharteko EH Bilduko kidea

Uharten Poliziaren gastua handitzea beharrezkoa da?

Ibai Garjon Ibarra
2026ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herenegun, urtarrilaren 15ean, Uharteko Udalaren ezohiko osoko bilkuran, egungo Udaltzaingoaren Zerbitzua Udaltzain Kidego bihurtzeko aukera eztabaidatu zen, UPNk eta PPk proposatuta. Uharteko EH Bildu taldeko kideek herritarrei azaldu nahi diegu zergatik ez dugun bat egiten proposamen horrekin eta zergatik iruditzen zaigun beharrezkoa herriarentzat ondorio garrantzitsuak dituen erabaki baten inguruan kolektiboki hausnartzea.

Ez da izen aldaketa soil bat. Udaltzain Kidego bat sortzeak herri ereduan, antolakuntzan eta arlo ekonomikoan inplikazio garrantzitsuak izango lituzke. Gertuko herrietako esperientziak aztertu ostean, ondoriozta dezakegu aldaketak ez lukeela zerbitzua hobetuko; aldiz, gastu publiko handiagoa eragitearekin batera, beste zerbitzu batzuekiko soldata arrakala zabaldu eta herritarrekiko hurbiltasun galera posible bat eragingo luke. Gainera, batetik, beharrezkoa izango litzateke agenteek orain arte egindako zerbitzu ez-polizialak indartzea eta, bestetik, aldaketak suzko armak eskuratu eta erabiltzearen inguruko eztabaida irekiko luke.

Uhartek ez du udaltzaingoa sortzeko legezko betebeharrik. 2018ko Poliziei buruzko Foru Legeak baimentzen du, baina ez du halakorik egitera derrigortzen. Herritarrek, gainera, ez dute segurtasun gabeziarik sumatzen: aguazilen zerbitzua da zainketei buruzko prozesu parte hartzailean ondoen baloratua, eta 60 urtetik gorako pertsonen %73 pozik edo oso gustura daude segurtasunarekin. Soilik %4k adierazi dute ez daudela oso gustura. Udal hau bat dator Polizia zerbitzuaren lanaren balorazio oso positiboarekin. Alkatetzaren urte hauetan, Uharteko EH Bilduk balioa eman dio polizia zerbitzuari eta zerbitzu horren garrantziaz jabetuta, agente gehiago, prestakuntza gehiago eta baliabide material gehiago jarri, eta flota berritu dugu. Hobekuntza horiek aurrekontua handitzea ekarri dute eta egun 600.000 euro ingurukoa da urtero.

Komeni da gogoraraztea Uhartek gertuko herrietako polizien kolaborazio puntualak eta herriaren beharrei etengabe erantzuten dien Foruzaingoaren etengabeko laguntza dituela. Ikuspegi ekonomikotik, aldaketa horrek urtean 80.000 euroko gainkostua ekarriko luke hasieran, ordutegirik zabaldu gabe eta gaueko zerbitzua bete gabe. Esperientziak erakusten duenez, epe ertainean, kidego horiek gaueko txandak ezarri ohi dituzte, eta horrek gastua 1.000.000 euroraino igo lezake urtean.

Milioi hori, gutxi gorabehera, Uharte eta Esteribarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen aurrekontuaren parekoa da, biztanleria zahurgarriari, familiei, haurrei, menpekotasunari eta gizarte bazterketari arreta ematen diena. Gure ustez, baliabide horiek zainketak indartzeko erabili beharko lirateke, etxez etxeko arreta zerbitzua edo eguneko zentro publiko bat sortzeko, eta ez Poliziaren gastua handitzeko.

EH Bilduk alkatetza duen arren, udalak hamahiru zinegotzi ditu: EH Bilduk bost, eta proposamenaren sustatzaileek lau. Osoko bilkuran jarrera hori defendatuko dugu, eta segurtasun eredu hurbil, prebentibo eta koordinatuarekin dugun konpromisoa berretsi, herritarren ongizatea eta benetako beharrak erdigunean jarrita.

Arestian aipatutako guztia aintzat hartuta, Uharteko EH Bilduk galdera hau egiten dio bere buruari: Beharrezkoa al da dagoeneko funtzionatzen duen zerbait aldatzea? Bidezkoa al da gastu horri lehentasuna ematea, premia sozial handiagoen aurrean? Gure ustez, argi eta garbi, ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA