Erretiratua

Ukrainako guda amaituta, zer?

Joan Mari Beloki Kortexarena
2023ko abenduaren 29a
05:00
Entzun

2023ko abenduaren 26an Ukrainako guda amaitzekotan da. Goi agintarien erabakia bakarrik falta da. Zelenski Ukrainako presidenteak berak aitortu berri du kontraerasoak porrot egin duela. EBk bere armategi guztiak hustu dituen arren, eta AEBek neurri handi batean ere bai, frontean industria militar errusiarra nagusitu da. Abrams, Leopard, Challenger... tanke modernoenek ustez nahikoa izan behar zuten armada errusiarrari nagusitzeko, baina ustea ustel gertatu zaie. Urritik aurrera arazoa gaindiezina bihurtu zaie Hamasek Israeli hilaren 7ko kolpea eman ziolarik. Israeli milaka bonba, tanke eta gainerako tresneria bidali beharrak Ukraina eskas geratzera kondenatu dute AEBek. Ekonomikoki Ukraina lur jota dago eta gero eta arazo gehiago du AEBetatik eta EBtik laguntza jasotzeko.

Hala ere, arma eskasia baino arazo larriagoa dute tropa kopuruarekin. Zenbaki fidagarririk inork ez badaki ere, hildako soldadu ukrainarrena ehunka milakoa dela ziurta liteke. Gudan zehar zauritu, elbarritu, errenditu, desagertu eta atxilotuta suertatu direnena gehituta, milioira hurbil daitekeela diote. Gaur egun soldaduen batez besteko adina 45 ingurukoa omen da, gazteak frontetik desagertzen ari direla argi erakutsiz. Gudarako jenderik gabe geratzen ari da armada eta jendea atxilotzeari ekin dio fronteko hutsuneak betetzeko. Baina galtzen dituen soldaduak ordezkatu ezinik geratu da. Kolapsotik oso gertu dagoela esan liteke, dagoeneko puntu horretara iritsi ez bada.

Bitartean, Errusiaren armada egunetik egunera bizkorrago dagoela erakusten ari da. Bere industria militarrak ekoizpena hainbat bider handitu du, arma modernoagoak sortzen ditu eta hori gutxi balitz, lagun dituen Ipar Korea eta Iran ondoan dauzka arma gehiago nahi adina emateko. Bere ekonomia ere indartuz doa; aurten BPGak %3,5 eginen du gora, EBk ziur aski atzeraldia jasanen duelarik. Errusiak orain armada indartsuena dauka Europan. Horri gehitu behar zaio nahi izanez gero hamarka mila soldadu gehiago mobiliza lezakeela oso epe motzean. Une honetan armada errusiarra eroso sentitzen da frontean eta badaki guda irabazia duela. «Operazio militar berezi» honen helburuetako bat Ukraina desmilitarizatzea denez, ez du armada etsaia kolpatzeari uzteko presarik.

  • Noren esku geratuko da gudari amaiera ofiziala ematea? Gaur Zelenskiren esku dago. Bihar auskalo. AEBetako agintariak ordezkoa bilatzen ari omen zaizkio. Hala ere, bat ala beste izan, eseriko denak Errusia irabazlearen exijentziak onartu beharko ditu.
  • Nolako Ukraina geratuko da guda amaituta? Krimea, Luhansk eta Donetsk dagoeneko Errusian txertatu dira betiko. Zaporozhye eta Jerson Errusiaren baitan geratuko dira sarri. Odessa, Jarkov eta beste hainbat eskualdek ere ia ziur hala bukatuko dutela. Poloniak ekialdeko Galiza berreskuratu nahi du. Hungariak eta Errumaniak ere badute Ukrainan garai batean berenak ziren zati bana ere. Hortaz, nolako Ukraina geratuko den ikustekoa izanen da.
  • Ukrainako Gobernu berria: 2014an Euromaidan deituriko estatu kolpea eman zutenetik, boteregune guztiak naziek eskuratu zituzten. Hamar urteotan soilik beren ideologia faxistak izan du landua izateko eskubidea. Politika horrek eta bere gidariek ez dute lekurik izanen Ukraina berrituan. Herritarrek hautatutako politikariek hartu beharko dute herrialdearen lema eta politika herritarragoa egin beharko dute. Kartzelak hustu, alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatu, itxitako komunikabideei berriz bideak zabaldu... Puntu honek bete-betean egiten du bat Errusiaren Ukraina desnazifikatzeko helburuarekin eta ziur bake-mahaian azalduko dela lehen egunetik.
  • NATO Ukrainan? Guda irabazten duenak finkatzen ditu bake-hitzarmenaren baldintzak. NATO Ukrainan ez sartzea izanen da Errusiak negoziazio-mahaian ipiniko duen lehen baldintza. Eta lur berririk konkistatu nahi ez duen Errusiaren aurrean, zer zentzu du gaur egun ustez defentsarako sortu zen NATOk? Desagertzea aukeretako bat da.
  • EB eta Ukraina: Zelenskik Ukraina EBn sartu nahi du. Baina guda amaituta, gauza litekeen zerbait al da hori? Ukrainako azpiegiturak birrinduta daude, ekonomia zorpetuta gehiago ezin, administrazio osoa ustelkeriak jota, hamar milioitik gora ukrainar herrialdetik kanpora joanak... Txikizio horri aurre egiteko, zenbana euro jarri beharko genuke mendebaldeko europar bakoitzak? Hungaria, Austria eta Eslovakiak dagoeneko ezetz esan dute. Huts egindako Estatu bezala geratzeko arriskutan da Ukraina.
  • AEBek lortu al dute helburua? Zigorrekin Errusiaren ekonomiak krak egitea espero zuten, Putin gobernutik botatzea, Errusiako Federazioa bost puskatan haustea, bertako gobernu berriak lagun egin eta aurrerantzean bertako ondasunak eskuratzeko erraztasunak izatea. Baina Errusiak jipoitu egin ditu guda frontean, eta adiskide berri ugari lortu du mundu osoan. Bere ekonomiak gora egin du eta Europako armada indartsuena dauka oraintxe. BRICSen bitartez mundu multipolarra eratu nahi duen Errusia-Txina bikoa indartzen ari da... Ez, AEBek ez dute beren helburua inondik inora lortu.

Hausnarketa osorik hemen irakur daiteke: https://blogak.eus/euskal-herritik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.