UPNren politikek indarrean diraute

2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiek (PSN, Geroa Bai, Podemos) eta EH Bilduk bat egin ohi dute honako baieztapen honetan: UPN garrantzi politikorik gabe geratu da. Ez da egia, zoritxarrez.

ELArentzat, beste hainbat gizarte erakunderentzat bezala, albiste ona da UPN jada Nafarroako Jauregian ez egotea, baina benetako albistea honako hau izango da: bere eredu ekonomiko, sozial eta kulturalaren amaiera. ELAk aktiboki parte hartu zuen (krisiaren urterik gogorrenetan) aldaketa politiko eta sozialaren aldeko mobilizazioetan, Yolanda Barcinaren eta Roberto Jimenezen gobernuaren murrizketen, xahutze politikaren eta klientelismoaren aurka. Asmo argi batekin: erregimena deitzen dugun hori iraultzeko aldaketak sustatzeko.

Egun eztabaidaezina da UPNk boterearen zati handi bat galdu duela, baina zein neurritan egin dute atzera bere politikek, eredu sozial ala ekonomikoak? Gai garrantzitsuenetan ezer gutxi, gure ustez. UPNk alde egin eta sei urtera, Nafarroako fiskalitatea Barcinarenaren ia berdina da, eta osasungintzan, hezkuntzan edo etxebizitzan egiten den inbertsio sozialak behar bezala handitu gabe segitzen du. Fiskalitateak, ardatz ez ezik, ezkerraren eta eskuinaren arteko konfrontazio elementu nagusia izan beharko luke.

Funtsezko gaiak ez dira lehentasuna; esaterako, zaintza eta zahar egoitzen eredua publifikatzeko beharra. Egoitzetako langileak antolatzen ari direlako baino ez dago gai hori agendan, urtarrilaren 13rako greba egun bat egitera deitu baitute. Bestetik, UPNen sasoian nola, AHTak aurrera jarraitzen du, ingurumenarentzat, ekonomiarentzat eta gizarterentzat jasangaitza izan arren. Euskararen arloan, laguntza publiko batzuk berreskuratu badira ere, atzerapausoak ematen ari dira (LEP gehienetan alemanaren ezagutza baloratzen da, ez euskararena).

Azkenik, txiringitoen politikara itzuli gara. Enplegu Plana aitzakiatzat hartuta, UGT, CCOO eta patronala finantzatuko dira diru publikoarekin (700 milioi euro baino gehiago lau urtean).

Ondorioz, Geroa Baik gidatutako aurreko koalizioa zein PSNk buru egiten duen egungo gobernua ez dira traba elite ekonomikoentzat, ezta enpresen edo Elizaren lobby-entzat ere. Eta ezkerreko alderdiak oposiziorik egin gabe jarraitzen du.

Abenduaren 23an, PSN, Geroa Bai, Podemos eta EH Bilduren akordioa onartuko da, legegintzaldi honetan hirugarrenez. Aurrekoetan bezala, austeritate politikek baldintzatuko dute (irailean, Nafarroako Gobernuak eta Estatuak %0,9ko defizit tasa adostu zuten), baita zorraren ordainak eta itzalpeko ordainsariek ere (aurrekontuaren %12).

Gainera, aurrekontuetan bada nobedade bat, jada aipatutakoa: UGT, CCOO eta patronalarentzako finantzaketa berrezarriko da (Sanz eta Barcinaren garaitik ikusi gabekoa). Orain arte Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemosek sekula ez dute sinatu hiru erakunde horiei diru publikoa bideratzen dien aurrekonturik. Oso urrats larria da, zeharo antidemokratikoa.

Halaber, abenduaren 23an ontzat emango da, alderdi berberen adostasunez, zerga erreforma oso apal bat. Sozietateen Zerga ez ukitzea da xedea. 2000. urtean Ogasunak biltzen zuen diruaren %16 zekarren zerga horrek, eta egun %7 besterik ez; urtean 400 milioi euro gutxiago jasotzea dakar horrek.

Errealitate hori ez dator bat hain baikorrak diren alderdi politikoen adierazpenekin. Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioan zera berresten omen dute: «ingurumenaren aldeko eta fiskalitatea birpentsatzeko konpromisoa». Ezin da ulertu EH Bilduk hori Nafarroako Gobernuari aitortzea, Txibiteren gobernuak kontrakoa egiten duenean: hor ditugu AHTaren aldeko apustua edota Elma Saiz Ogasun sailburuaren esanak: «Enpresei ez zaizkie zergak igo behar».

Eztabaida politikoa ezin da mugatu bi aukeratara: UPN-PSNren gobernua, edo PSNren menera dagoen besteena. PSNrentzat errazegia da (ez dezagun ahantzi PSN bosgarren indar politikoa bihurtu zela UPNrekin ituna egin ondoren).

Inbestidura babesteak ez du esan nahi gobernu horren politikak eta aurrekontuak akritikoki babestu behar direnik. Ezker instituzionalak aldaketak eztabaidatu eta sustatu behar ditu, tentsio faltatik akordio eskasak baino ez baitira lortzen, eta desmobilizazio soziala sustatzen da.

Gizarte erakundeok presioa egin behar dugu kalean eta lantokietan. Aldarrikapen horiek jasotzen ez diren heinean, guri dagokigu hori kontatzea eta erreferentziak eta alternatibak eraikitzea.

Gauza bat besterik ez dugu nahi: ez daitezela UPNren politikak Nafarroan gehiago aplikatu. Orduan poztuko gara benetan, ezdeusean geratuko direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.