Iñaki Antiguedad Auzmendi.
EHUko hidrologo emeritua

Ura-basoa, lokarri ahaztua

2026ko apirilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lokarria, nexus, funtsezko kontzeptua da: sektoreak lotzen dituen lotura. Ura-Basoa-Energia-Jana  (WEFF ingelesez), kasuko. Gurean ohikoa da sektore bakoitza bere aldetik izatea; horrek ez du laguntzen osoko dimentsioaz jabetzen. Horra bultzatzen du lokarriak, sektoreen arteko interkonexio biofisiko eta instituzionalera. Ura-Basoa lokarrian nahi dut zentratu. Basogintza beti ibili da solte, presio-talde legez, erakunde batzuen babesean. Baina klima-larrialdiak bestelako begirada eskatzen du egokitze-estrategian benetako zutabea izateko, edukietan, ez mitoetan. 

Hasteko, zerbitzu ekosistemikoetan ur-zerbitzuak bazter utzi ohi diren arren zientziak propio jasotzen ditu: zerbitzu ekohidrologikoak. Are gehiago, arintze bidean gauzatu beharreko ekintzen ardatza karbonoa bada, egokitze bidekoetan ura beharko luke. Izan ere, atmosferak goitik berdintzen bagaitu ere azpitik, lurraldetik, urak bereizten gaitu. Lurraldeak duen funtzio hidrologikoaz ari naiz. Eta Kantauri isurialdea zuhaitzez josita dago, landaketaz batez ere.

Zer dakigu ura-basoa loturaz? Komunitate zientifikoak asko, han-horko hamarkadatako ikerketen ondorio; hemen, ostera, hasi berriak gara, batzuk. Ebidentziek emandako ezagutza da. Zoritxarrez, batzuek premisak nahiago, mitoak ere! Hara, basoa sartu eta den-dena izango da onura: lurzoruan, akuiferoan, biodibertsitatean, euria ere ekarriko du Amazonia balitz bezala! Urte luzetako behaketek, ostera, ez dute hori guztia esaten, ondorio batzuk bai, beste batzuk ez. Hain dira konplexuak prozesuak! Espeziea, adina, errezela, dentsitatea… lurzorua, arroka, malda… eta kudeaketa! Horrek guztiak eragiten du basoek eta landaketek uretan duten ondorio hidrologikoetan: uraren kantitatea-kalitatea espazioan eta denboran. Askotariko ondorioak, premisetatik urrun, mitoetatik urrunago. Askotan usteak ustel!

Klima-larrialdian bi dira ur-dinamika batera edo bestera eralda dezaketen eragile nagusiak. Lehena klima-aldaketa; beroketa globalak eragin zuzena du ur-balantzearen ebapotranspirazioan (ET) berau handitzen, datuak datu. Halere, kuriosoa, askoren diskurtsoan sekula aipatzen ez den hitz madarikatua da ET! Baina galdera denean zenbat ur-emari izango dugun lurraldean eskura non eta noiz batean, erantzuna sinplea da: prezipitaziotik kendu ebapotranspirazioa, horixe emaria!

Bigarren eragilea lurralde-aldaketa da, eta Kantauriko landagunetik ari naizenez, aldaketa hori basogintza bidez gertatzen da, zuhaitz azaleraz eta kudeaketa moduez. Bai, zuhaitzak, diferentziak diferentzia, ur-kontsumitzaile handiak dira, ET handituz, hazkundeko ziklo motzekoak nagusiki. Hori, berez, ez da ona ez txarra, barrualdekoek jasotzen dutelako euri modura Kantauri isurialdeko zuhaitz-masek ebapotranspiratua. Baina kontuz, lurraldeko egokitze-estrategiaz ari gara, eta gaurko erabakiek ekar ditzaketen ondorioak aurreikusi beharko genituzke, ez kostaldean ez barnealdean nahi ez duguna gerta ez dadin. Berez, lurraldea ez da klima-larrialdiaren inpaktuen hartzaile hutsa, lurraldean egiten dugunak lagundu egingo du inpaktuok arintzen edo larriagotzen, erabakien arabera. Horrexegatik da hain inportantea ura-basoa prozesuen gaineko ezagutza, izan baso naturalak izan baso maneiatuak, ezagutzatik informatu beharko liratekeelako erabakiak, mitoak bazter utzita.

Lurraldea ez da klima-larrialdiaren inpaktuen hartzaile hutsa, lurraldean egiten dugunak lagundu egingo du inpaktuok arintzen edo larriagotzen, erabakien arabera

Zorroztu behar dugu ura-basoa lokarriaren pertzepzioa. Eta esperimentazioa bultzatu. Ez da erraza, zuhaitz-eremuetako jardueren ondorio hidrologikoak agerian uzteak denbora eskatzen du, urtetako behaketa. Balio ez duena da hori aitzakiatzat hartzea premisa zaharretan eroso ibiltzeko. Kontua ez da, pagotxa moduan, gero eta zuhaitz-azalera handiagoa izatea edonon; helburua basoen, eta larreen, natura-funtzioak mantentzea da, ur-funtzioak barne. Inpaktua neurtu behar da, ahalegina baino. Monitorizazio erronka!

Egunotan ezbaian izan da Bizkaian Mendien Foru Araua. Testuari erreparatuta deigarria da zein gutxi agertzen den ura hitza, testuinguru orokortuan betiere. Zuhaitz-lurretan egiten den guztia, berez eta beti, denetarako dela inpaktu onekoa! Zura, natura, onura… nonahi testuan, ur-onurak zeintzuk diren zehazteko batere ahaleginik gabe. Are gehiago, klima-aldaketa sarri ageri da, ziklo hidrologikoa gutxiago eta ebapotranspirazio edo ur-emari kontzeptu ezinbestekoak zero bider! Mendi-arau estrategiko batean! Kezkagarria.

Bada, argi esan behar da ez dagoela lur-erabilera bat bera ere hektarea bakoitzean zerbitzu ekosistemiko guztiak batera ematen dituenik. Kontrakotasunak badira, karbonoa-ura sistematik hasita. Hortaz, ibai-arroetan zerbitzu guztiak izate aldera lur-erabileren mosaiko batera jo behar dugu, non kontserbazio basoek eta naturatik hurbil dauden baso ekoizleek lekua duten, baina ez edonon. Zuhaitz egokiak leku egokian eta egoki kudeatuta. Leku batzuetan karbonoa finkatzeko, baina lehentasun hidrologikoko eremuetan ura emateko: hornidurako ur-basoak.

Itsu geratzen da mendi-araua ur-begitik. Halere, arauek ondorengo garapena behar dute eta hor gura nuke itxaropena jarri. Bestelako lokarria izan liteke posible: mendi- eta ur-erakundeak, egur-sektorea, ur-hornitzaileak, ikertzaileak, kontserbazionistak, udalak… begirada luzeko elkarlanean. Prozesuak monitorizatu ebidentziak lortzen joateko, arro-eskalako segimendua zuhaitz eskalakoaren gainetik. Tranparik gabe, mitorik gabe. Premisak, zentzuzkoak direnak baino ez. Ebidentziak helburu. Lokarri honetan ezin inongo ikerketa-zentro publikoan baso-ikertzailerik baztertu ebidentziak presio-taldeen gustukoak ez direlako. Salagarria litzateke.

Azkenik, landa-udal asko baso-lurrak erosteko ahaleginean dira, larreak ere izan litezke, herri-jabetza handitzeko. Basogintzan badute zer esanik eta zer eginik. Baina ura ere lotu behar zaio baso-apustuari, energia eta elikagaiak lotu behar bezala, lokarrian. Apustu horrek bestelako bideak zabaldu behar ditu funtsezkoak diren baliabideen eskualde mailako kudeaketan, egokitzeko estrategia bidean. Lurraldera bueltatu, finean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA