Zaharrek argiro zioten: gizarte bizitzaren urrezko legea, urrea duenak ezartzen du legea. Urrea delako indarra, armak erosten ditu, pertsonak ere bai, bitartekoak… Berrogeita hamar urte bete dira berriki Francisco Franco Bahamonde, Caudillo deitutakoa, hil zela. Haren bidegabekeria askotarako behar izan zituen urreak Joan March i Ordinasek utzi zizkion. Francoren bankaria esan izan zaio. Ez da hainbeste azpimarratu kontrabandista izan zela eta zerri tratularia ere bai. Ezkerreko jarrera politikoak zituen hasieran, baina, askok bezala, azkar eta artistikoki eskuinerako ziaboga egin zuen. Diotenez, emaztearen amorante zen Rafael Garau gaztea berak, edo familiak behintzat, akabarazi zuen. Mallorcako euren herrian denok sinetsi zuten horrela, ezagun zutelako. Justizia ez zen inoiz behar bezala saiatu gaztearen hiltzailea bilatzen. Orduko botere judiziala eskuin-eskuinaren eta urredunen eskuetan baitzegoen. Orain ehun urte.
Franco eta Marchen ondorengoak ederki bizi dira haiek utzitako urreen kontura. Eta ondorengo politikoak ere bai. Horien artean monarkiaren ordezkariak, noski. Zaila da absurdo handiagorik aurkitzea gizarte antolamenduaren erpinean kokatzeko errege-erreginak baino. Espainiako Estatuan horixe aukeratu zuen Francok, trantsizio eredugarria egiteko. Alegia, lehenengo mailako litxarrero kuadrilla itxurazko aldaketaren trantzea disimuluan igarotzeko eta pixkanaka berriro itzultzeko agintzaritzaren lekuetara, jantzi berrituekin. Ikusten ari garenez, ez berrituegiak, baina.
Franco hil zenean soldaduskan nintzen eta, mende erdi pasatuta, jada zahar samarra. Beste herrialde batera joan beharrik gabe, Errepublikan hil nahi nuke, zerua izango ez dela dakidan arren. Errealitatea, aldiz, beste hau da: txoizo emerito lotsagabea lotsarik gabe agertu da inork idatzi dion liburu baten argitalpenarekin, berriro tontoak garela gogoraraztera eta hainbat mendetan lapur eta gezurtero kuadrilla izan den Borboi familiaren tradizioari errespetua zor diola erakustera. Guri ez, noski. Orain ehun urte bezala, egungo botere judiziala urredunen eskuetan, egindako iruzur eta ebasketak barkatu zaizkio. Eta, urrerik gabekooi egia ezin ezkutaturik, sinetsarazi nahi digute katebegi bakar baten akatsa izan dela, baina jarraitzen diona zintzo eta garbia izango dela. Ez merkeena, bai onena.
Ez dut uste inolaz ere gizarte erabat garbia lor daitekeenik. Pertsonak horrelako buztinez egindakoak gara eta. Neu ere txoizo txikia izan nintzen mutil koskorretan. Maiatzean loreen hilabetea ospatzen zen eta Donostiako Elizaran ikastetxeko neskek Ama Birjinari loreak eramaten zizkioten Santa Mariara. Guk, haiek limurtzearren, Urgulleko Guardetxean bizi zen zaindariaren baratzetik kalak lapurtzen genituen eta neskei ematen. Ez genuen negozio handirik egiten, neskatxek berdin-berdin begiratzen ziguten eta. Pobreen DNA genuen.
Boterearen inguruan lapurrak biltzea normala da. Baina muga batzuk garbi beharko genituzke: denontzako gutxienekoak eta gehienezkoak zehaztea, esaterako. Onar daiteke soziedade batean inor 80.000 milioi euroren jabe izatea? Izugarri lapurtu gabe ezinezkoa da horra iristea. Gure gizarte antolamendua, ordea, demokrazia liberal santua, lapurtzeko eginda dago, soziedade anonimoetatik hasita. Harrigarriena gertatzen zait lapur handi horiek ez konturatzea ez diela merezi. Gogoan dut iraileko elkarrizketa Putin eta Xi Jinpingen artean, Kim Jong-Un ondoan zutela. Diktadore krudelak, besteen heriotzak bost axola zaizkienak, eurenarekin kezkatuta eta, zientziaren berrikuntzei esker, betirako biziko diren ilusioaz. Ez dira horren azkarrak orduan. Francoren heriotzari begiratzea dute, betirako zelakoan eta luze bai, baina papo. Lehenago edo geroago, gu bezala edo okerrago hilko dira. Eta ondoren urreak Eugenia de Montijoren koroak bezala balioko du, museoan uzteko, noizbait inork ebatsi dezan edo euren froilanek xahutu ditzaten. Ba gure koroadun txoizoak Estatu hileta nahi omen du, urrezko koroa jantzita. Zaharrek ere aldarrikatzen zuten beste urrezko legea ez du ikasi: hil eta gero, salda bero.
Urredunak bultza eta bultza, ultraeskuina indartzen ari omen da gazteen artean. Ez dakit egia den, baina erraz jarri diegu. Gazteei, mundura etorri berriei alegia, behar dituzten bruxula eta mapa askotan ez diegu eskaini, ezta horiek interpretatzeko familietan gidari onik eskura jarri ere. Horixe da porrotera bultzatzeko bide segurua. Eta hala ere, ondo bideratzen dira gehienak, meritu handia dute.
Urredunak ere konturatu dira gazteen arazo horietaz eta handiago daitezen ahalegindu. Eta mapa eta bruxula eskaintzen dizkiete. Faltsuak, baina itxurazkoak. Normala batzuek amuari heltzea. Hori ere urrezko legea da.