ELAko idazkari nagusia eta ELAko idazkari nagusiaren albokoa

Urriaren 15eko lanuztea: Genozidioa gelditu; Palestinaren erabakitzeko eskubidearen alde

Mitxel Lakuntza eta Amaia Muñoa
2025eko urriaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Genozidioa gelditzea eta ahalik bizi gehien salbatzea da milaka lagun eta erakundek premiaz mundu guztian zehar hedatu duten oihua. Jende asko Gazan egunero erortzen diren bonbak geldiarazi eta gosetea bukatzeko laguntza humanitarioari bide emateko esperoan izan da.

Oraingoz arindua hartuagatik ere, zuhur jokatu behar da, Israelek behin eta berriz hautsi baititu aurreko su-eten akordio batzuk. Netanyahuk erakutsi du ez duela inolako gupidarik, kontu handiz hartu behar da oraingo urratsa, eta batez ere, nazioarteko presioari eutsi behar zaio bonbardaketak amai daitezen eta laguntza humanitarioa benetan bana dadin.

Palestinar herriarekiko elkartasunak, orain eta etorkizunean, eskatzen du jendartearen presioak eta mobilizazioak jarraitzea genozidioa behin betiko geldiarazteko, baina baita apartheid sionistaren sistema desagerrarazteko eta lurralde palestinarren okupazioa bertan behera utzarazteko ere.

Betekizun etikoa dugu europar erakundeen hipokrisia salatzea, ez baitute ezer ere egin; are, konplize izan dira, baita espainiar estatuko gobernua eta Pradalesen zein Chiviteren exekutiboak ere.

Genozidioa geldiarazi, palestinarren kausa ez ahaztu

Palestinar kausaren sakoneko erroak ahaztea nahi du Israelgo gobernuak; biztanleria palestinarra deshumanizatu nahi du, okupazioa eta palestinarrak euren lurretik erauzteko plana gauzatzeko.

Horregatik, palestinar herriarekiko elkartasuna ezin da agortu genozidioaren salaketarekin; haien kausa gizateriaren beraren kausa da, eta era berean, erresistentzia antikolonialaren sinbolo orokorra da.

Galdegiten dugu okupazioaren bukaera eta apartheid israeldarraren erregimenaren gaitzespena; finean, Palestinari Jordan ibaitik hasi eta Mediterraneo itsasoraino herri aske eta burujabea izateko aukera galarazten dion politika oro errefusatu behar dugu.

Euskal alderdiek erabaki behar dute —Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan, baita espainiar Kongresuan ere— konpromiso hori noraino hartuko duten beren gain. Hau da, posizioa finkatu behar dute eta, batik bat, erabaki noraino iritsiko diren Israelgo gobernuarekiko harremanak eteteko eta boikota galdegiteko exijentzian. Galdera honako hau da: Sanchezi ematen dioten sostengua baldintzatuko dute espainiar gobernuak Israeli egin beharreko boikotaren baitan, estatu hark Palestinaren eskubideak aintzat hartu arte?

Biztanleria palestinarraren genozidioa eta aspaldidanik pairatzen duen eskubide urraketa ezin dira zigorrik gabe utzi. Hain zuzen, euskal erakundeek eta espainiar estatuak bat egin behar dute nazioarteko salaketekin eta eragin behar dute gizateriaren kontrako krimenen errudunak justiziaren aurrean eseri arte.

Boikotaren indarra: Israeli ez erosi eta ez saldu

Euskal Herriak erakutsi du Palestinaren aldeko mobilizazio indartsua egiteko gauza dela, eta mezu argia plazaratu du: Israeli ezin zaio ezer saldu, ez erosi. ELAk palestinar auzian Euskal Herriaren ahotsa aldarrikatzen du, Israelen kontrako erabateko boikota eskatu duten mobilizazio ugarietan koherentzia historikoa adierazi baita; mezu hori, ELAren aburuz, saihetsezina da.

Oraindik ere justifikatu ezinezko harreman lotsagarri horiek dituzten enpresentzako mezu bat da hau. ELAk salatu izan ditu euskal enpresek (Sidenor, CAF, Artiach...) Israelekin dituzten harreman komertzialak, eta haien kontra agertu da; datozen asteetan sindikatuak gero eta premia handiagoa den ekinbide hori areagotu egingo du.

Horregatik, ELAk eutsi egingo die urriaren 15erako deitu dituen lanuzteei, Israeli boikota gauzatu eta apartheid sionista zein lurralde palestinarren okupazioa amai dadin.

Horregatik, ELAren iritziz, Israelekiko edozein harreman zeharo eten behar dela eta kolonizazioa bertan behera geratu behar dela defendatzen duten erakundeen arteko aliantzak indartu behar dira.

ELAk aldarrikatzen du jendartearen mobilizazioak, grebak eta herri mugimenduen sareak eragina eta eraldaketa bultzatzeko indarra dutela. Aurrerapauso demokratiko, material eta kultural askok lotura zuzena dute jendarte zibilaren ekinbide gaitasun horrekin. Eta ondasun hori zaindu eta sendotu beharra dago gurean; palestinar herriarekiko elkartasunaren mesedetan iraun behar du.

Urriaren 15eko lanuztea bide horretan egingo dugun beste urrats bat izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.