EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea

USaPen inguruko polemika: malda arriskutsua

2026ko uztailaren 10a
19:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte politikoa unibertsitatera sartzeko probaren (USaP) inguruan piztutako polemikarekin amaitu dugu. Gaur, mahai gainean datu guztiak ditugula eta auzi honetan inplikatutako alde guztiei entzun ondoren, uste dut momentua dela gertatutakoaren inguruko lehen hausnarketa politiko pausatu bat egiteko.

Aitortzen dut azken asteotan nire iritzia publikoki emateko beharra sentitu dudala hainbatetan. Halere, hori ez egitea erabaki dut argazki osoa izan eta EHUko komunitatearen sentipenak ezagutu arte, hiru herrialde hauetako unibertsitate publiko bakarraren erakunde-ospea auzitan jarri dela baiteritzot.

Lerro hauek kezka sakonetik idazten ditut. Izan ere, aipatutakoaz gain, esango nuke, hainbat eragilek erakutsi duten arduragabekeriak alfonbra gorria jarri diela gure hizkuntza nazionala ahuldu nahi dutenei, noiz eta euskararen aurkako oldarraldi ideologikoa ari duenean garai soziolinguistiko hain konplexu honetan.

Halaber, meritokraziaren aurkako mezu sozialaz ere hitz egin ahalko litzateke. Une batez, araubidearen arabera egin eta legeak ezarritako bermeekin zuzendu den azterketa bat gainditu ez dutenak beren garapen akademikoa oztopatzen duen sistemaren biktimatzat aurkeztu direla iruditu zait; eta sistema bera, oro har, eta euskararen irakaskuntza, bereziki, kaltegile gisa.

Joxerramon Bengoetxea errektoreak bai Eusko Legebiltzarrean bai komunikabideen aurrean emandako azalpenak entzun ondoren, ebatzitzat jotzen ditut azterketen zuzenketekin lotutako auzi teknikoak. Behin kontu horiek argituta, zera esateko beharra sentitzen dut: bizi izan dugun polemika hau premiazko hausnarketa eskatzen duen eztabaida publikoaren degradazio arriskutsu baten adibide argia da.

Azken asteotan gobernuko alderdi nagusiarekin lerrokatutako zenbait komunikabide ikusi ditut EHUko errektoretza behin eta berriz seinalatuz, ikasle jakin batzuen aurkako ustezko bidegabekeria aurrez pentsatu bat egotziz, datu egiaztagarririk gabe, are gutxiago kontrastatutakorik.

Ezin dut honako susmo hau gainetik kendu: urte politiko honen amaiera oso bestelakoa izango zatekeen EHUko egungo errektorea Joxerramon Bengoetxea deituko ez balitz

Hezkuntza sailburua ere entzun dut Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean USaPen kudeaketari dagozkion bere ardurak saihesten, nahiz eta bere saila probaren antolatzaileetako bat izan EHUrekin batera, ordezkaritza parekidea duen batzorde misto baten bidez.

534/2014 errege dekretuaren arabera, USaPen antolaketari dagokionez, Begoña Pedrosak zuzentzen duen sailaren eginkizunak dira plangintza egitea, koordinazioa bermatzea eta curriculumaren nahiz ikasleen eskubideen betetzea zaintzea. Proben prestaketa teknikoa, haien zuzenketa eta berrikuspenak, aldiz, araudiak aurreikusitako organo bateratuetan eta unibertsitateak onartutako prozeduraren barruan egiten dira.

Bada, bere ardurak gainetik kentzeaz gain, Pedrosa sailburuak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean adierazi zuen ezohiko zero pilaketa bat gertatu zela eta, beraz, bazirela oinarri sendoak susmatzeko azterketak inpartzialtasun eta gardentasun irizpideei jarraitu gabe zuzendu zirela. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritza bera izan da sistemaren sinesgarritasuna gehien jarri duena zalantzan, EHUren ospe instituzionalari kalte egiteko arriskua bere gain hartuz, horrek dakarren guztiarekin. Eta, berriro diot, hori guztia egin du USaPen antolakide gisa dituen bere erantzukizunak alboratuz.

Era berean, EAJko arduradun nagusiak entzun ditut Bengoetxea errektoreari gardentasun falta behin eta berriz leporatzen.

Eta faltan sumatu dut lehendakaria, zeinak, beste behin ere, herri honen etorkizuneko konfigurazio politikoan eragin handia izan dezakeen eztabaida sozial bat ekiditea erabaki duen.

Nire ustez, horiek guztiak jarduera politiko eta instituzional arduragabeak dira, oso ate arriskutsuak ireki dituztenak. Ez dut uste gertatutakoa anekdota hutsera mugatu daitekeenik; premiazkoa da degradazio politiko honen arrazoiei buruzko sakoneko hausnarketa egitea. USaPen kasuan kaltea egina dago jada: zuzenketen judizializazioak aurrekaririk gabeko segurtasun juridikorik eza sortu du, eta inork ez daki honek zer ondorio izango dituen etorkizun hurbilean. Bide horretan sakontzeak herri honentzat ordain ezinezkoa den prezioa izango luke.

Zerk bultzatzen gaitu malda honetan behera? Zalantzarik gabe, hausnarketak pausatua eta partekatua izan behar du. Nik, behintzat, ezin dut honako susmo hau gainetik kendu: urte politiko honen amaiera oso bestelakoa izango zatekeen EHUko egungo errektorea Joxerramon Bengoetxea deituko ez balitz. Horrek iradokitzen du bizi dugun eztabaida publikoaren degradazioak zerikusia izan dezakeela gaitz larri batek erasandako kultura politiko batekin; hain zuzen ere, kalitate demokratikoa aztertzeko Eusko Legebiltzarrean sortu den ponentzia izendatzera ere iristen ez den kultura politiko kaltegarri batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA