Joan den apirilaren 24an, Carlos Gimenok hitzarmen bat sinatu zuen Save The Children gobernuz kanpoko erakundearekin (GKE), ustez eskola-errepikapena prebenitzeko eta murrizteko. Eskuineko hiru sindikaturekin itun zital bat gutxiengoan sinatu ondoren egin zen akordio hori; gainera, horietako bat ustelkeria kasu ugarirekin zipriztinduta. Beste murrizketa batzuen artean, itun horretan jasotzen da ikasle errepikatzaileak ez direla aintzat hartuko ikasgelako ratioa kalkulatzeko.
Hezkuntza Departamentuaren arabera, GKE horrek Nafarroan errepikapena murrizteko hautabide ezberdinen azterketa esperimentala eginen du. Dirudienez, aipatutako hautabideek ez dute inbertsio handiagorik izanen, eta Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren (IDU) aplikazioa hobetzean oinarrituko dira. Pedagogia estrategia horrek ez du euskarri zientifikorik, eta hezkuntzako eragile asko zalantzan jartzen ari dira. Horrez gain, askotan gailu elektronikoen erabilera masiboarekin eta multinazional teknologikoen negozioarekin lotzen da, azken horiek datu-meatzaritzan oinarritzen baitute beren negozioaren zati handi bat.
Nafarroa Garaiko irakaskuntza publikoko langileek ez dute oenege baten azterketarik behar ikastetxeetan zer gertatzen den jakiteko: aniztasuna eta era guztietako beharrak etengabe handitzea ez da baliabideen araberako igoerarekin bat etorri. Ezarri zaigun eredu sozioekonomikoak eskulan merkea eskatzen du, eta horrek gero eta gehiago pobretzen du gehiengo soziala, baita hezkuntzako langileak ere.
Hortaz, aipatutako hitzarmenen helburua da irakasleak eskola porrotaren eta errepikapenaren errudun egitea, haien prestakuntza eskasari leporatuta; beraz, ez da beharrezkoa ratioak nabarmen jaistea etapa guztietan, lan burokratikoen gainzama kentzea, eta oinarri zientifikorik gabeko estrategiak alboratzea, eta ez dute ezinbestekotzat jotzen baliabide gehiago ematea orientazioan, laguntzetan, eskola-erizaintzan, gizarte lanean eta abar luze batean.
Ikasturte honetako mobilizazio dinamikaren ondorioz ireki zen negoziazio kamustuan, Gobernuak etengabe errepikatzen zuen hezkuntzan inbertitzeko diru gehiagorik ez zegoela eta irakasleak kolektibo pribilegiatua ginela. Hala ere, azken bi legegintzaldietako gobernu-akordio programatikoetan hezkuntzan barne produktu gordinaren %5 inbertitzeko konpromisoa adostu zen, eta maila hori lortzetik urrun gaude.
Ikusten dugu ez dela behar adina inbertitzen zerbitzu publikoetan, enpresa handietatik oso gutxi biltzen duen zerga sistema bidegabea pairatzen dugula. Gainera, baliabide asko obra faraonikoak eraikitzeko edo aldez aurretik pribatizatutako zerbitzuak kontratatzeko erabiltzen dira, ustelkeriaren eremu emankorra sortuz. PSNk hainbat gaizkile preso izan ditu jada: Gabriel Urralburu presidente ohia, Antonio Aragon kontseilari ohia eta Luis Roldán gobernuko ordezkari ohia ustelkeria kasuetan zigortu zituzten. Ondoren, beste goi-kargudun batzuk izan zituen, besteak beste, Javier Otano presidente ohia, eta orain, ustez, Santos Cerdan eta Koldo Garcia militante ohiak, oraingoz.
Ustelkeria egiturazkoa da, 78ko erregimenari datxekiona, eta PSOE da sistema horren euskarri nagusia. Kalkuluen arabera, estatu espainiarrean ustelkeriak urtean 40.000 milioi euroko gainkostua eragiten omen die administrazio publikoei. Dirua egon badago zerbitzu publikoak finantzatzeko, baina ez hainbeste lapurri ordaintzeko. Gobernu aurrerakoi baten ameskeria saldu zaigu, baina marketina besterik ez da, politika neoliberalak, euskarafobikoak eta murriztaileak disimulatzeko; funtsean, UPNren politika berberek diraute. Horren erakusgarri da PSN PAIrekin nola lerratu den, UPN, PP eta Vox alderdiekin batera.
PSOErekin egindako itunen bidea iruzurra eta etengabeko adarjotzea da; izan ere, UPNk, PPk eta Voxek sortzen duten sumindurarekin edo beldurrarekin legitimatu nahi da indar politiko aurrerakoiek jasaten duten satelizazioa. Ez dago etorkizunik 78ko erregimenarekiko mendetasunean, subiranotasunik gabe ez dago konponbiderik.