ETAko militante ohia

Yoyes, askatasun ikur

Carmen Gisasola Solozabal
2026ko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yoyesek inork baino duintasun handiagoz ez al zion etxerako bideari ekin? Legediaren barruan, beste ezer gainerako barik itzultzea zeukala ikusita, hori besterik ez zuen egin. Indarkeria ez zela bidea iritzita, bere herrira, Ordiziara itzuli zelako, tratu txarra bere sokako inguru politikoak eman zion. Bide zuzenetik okertutako bidelaguna baino gorrotagarriagorik egon ezin zitekeela-eta, ardi beltzari itxuraz txakurra bota behar zitzaion, haginkadaz arrastoan sartzeko.

Baina bere aurkako ekintzak, sendotasunaren ordez, disidentziaren beldurra ez ote zuen islatu? Ahuleziaren zama leporatu eta bere izen ona zikintzeko eraso zitzaion: bere ausardia txalotu ordez, zetakatu eta gezurrekin jarraitzeko, paretak pintadaz josi zituzten. Traidore izendatu zuten nahiz eta gezurretan zebiltzala ondo baino hobeto jakin. Herritarrei bidexka ireki zieten gezurra egia bihur zedin. Salataritzat eta damututzat jo zuten. Pankartaz eta pintadaz herria bete zuten nazkatu ere egin barik. Kalera irteten zen aldiro mespretxua sentiarazi behar zioten Yoyesi, norbaitekin gurutzatu edo dendaren batean sartu edo irteten zen bakoitzean. Lehenik sozialki eraso, ondoren fisikoki erailtzeko. Disidentea izateari prezio altua jarri zioten.

Kanpaina zikoitzaren ondoren, hiru urteko semea eskutik urteko feriara zihoala, tiroz akabatu zuten herriko plazan. Ausarta izan zen Yoyes, bere herrian, Ordizian, normal bizi zitekeela barneratzera iristeagatik. Hiltzea nahi zutenen artean bizitzea nola espero zezakeen?

Yoyesen ondokoak ere isilpean egotera kondenatu nahi izan zituzten, beldurra bakoitzak bere barruan gordeta, bakardadea eta isolamendua herrian jazarrita, jendalde isila lagun hartuta. Ez zekiten isiltasunean askok bizirik zirautela ahoa beldurrez zabaldu ez arren!

Yoyesen hilketaren aurkako manifestazioan, herriko kaleetatik jendea igaro ahala, betikoek betiko harrokeriarekin, burlaizeka espaloietan harantz honantz ibiltzeko askatasuna bere egin zuten. Harropuzkeriak mugarik ez, eta akabatu ondoren, omenaldian parte hartu zuten artista eta gainerakoen eskela handi bat ere herriko elizaren atarian jarri zuten; jendea presionatu eta beldurtzeko, familiari pribatuan askok adierazitako elkartasuna gutxietsiz.

Kanpaina mingots hori burutu zutenek, Iparraldean Yoyes erakundearen goi-karguetan egon zenean, hamaika aldiz bere esku ahurretik jatea amestuko zuten, ahotik arrapoa zeriela. Bere ingurutik ezin izango zituen ziurrenik kendu ere egin. Hain apalak izango ziren orduan! Baina, makina bat artapalori jaten eman ondoren, herriko usakumeak, lotsa kolkoan sartuta, hegaldia hartu eta buru gainera kaka egiten ausartu ziren.

Estatua ere, bere aldetik, ez zen atzean isilik geratu. Yoyesen bizitza une oro arriskuan jartzea bost axola zitzaion. Kanpaiak jo eta jo, gobernuaren ikono bihurtu nahi izan zuen kazetari batzuen laguntzarekin. Ez zion bakean lurra hartzen utzi. Nahiz eta jakin bizitza arruntean txertatzera zetorrela familiarekin. Hegazti maltzurrek irentsia izatea berdin zion, bere ekarpenak ahaztu eta bere bizia ezerezera urritzea.

Bi aldetatik eman zioten egurra, alde biek eraman nahi izan zuten tranbalaka Yoyes. Baina ertz bien erdian, oreka mantentzea zail izan bazitzaion ere, Yoyes egitamuz betea etxeratu zela ahaztu zuten biek. Bere ibilbidean, beti egon zen bezala. Ez zuen taldeko babesik behar izan, ez eta gobernuaren errukitik pasatzerik pentsatzen zuena aurrera eramateko. Aitzindari izan zen, batez ere feminismoaren filosofian nahiz eta sokako emakume askotxok isildu edota bere ibilbidea mozten saiatu.

Yoyes lehen emakumea izan zen ETAko zuzendaritzara iristen, borrokaren erdigunea maskulinoa zela-eta feminismoaren alea ereiten. Ez zen inongo gizonen gerizan Iparraldera joan, militatzen jarraitzeko ez zen gizonen sostenguaz baliatu, burua makurtu gabe, genero ikuspegia bistarazten saiatu baizik. Eta desadostasunak zirela medio militantzia alboratzeko erabakia hartu zuenean, Mexikon antolatu zuen bizitza. Euskal Herrira itzultzeko grina sartu zitzaionean, bertara etortzea erabaki zuen, inori kalte egin gabe, askatasunaz baliatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA