Nork erranen! Zapateroren beraren gobernuak, 2005ean, onetsi zuen Gobernu Onaren Kodea gobernuko kide eta goi-kargudunendako. Lehenago, nonbait, barra libre zegoen eta frankismoaren gogogabetasunek bizirik irauten zuten, bai, Administrazioa garaileen eta, kasu honetan, hauteskunde-garaileen artean banatzeko gerrako harrapakin gisara hartzen zuten haiek.
Martxoaren 3ko 516/2005 Aginduak, 1. artikuluan, biltzen zituen ministro, Estatu idazkari eta bertze goi-kargudunen jarduna agindu behar zuten oinarri etikoak: «objektibotasuna, zintzotasuna, neutraltasuna, erantzukizuna, sinesgarritasuna, inpartzialtasuna, konfidentzialtasuna, zerbitzu publikoarekiko dedikazioa, gardentasuna, eredugarritasuna, laztasuna, irisgarritasuna, eraginkortasuna, justutasuna, ingurumen eta kulturaren ingurunea sustatzea eta gizon eta emakumeen arteko parekotasuna bultzatzea».
Bertuteen zerrenda luzea zeruetako erreinuan sartzeko eta Aitaren eskuinean jarri ahal izateko oposizioetan zegoenaren parekoa zen. Horrenbertze printzipiok hutsa zirudien soinua egiten zuen eta itxurakeria bertzerik ez zen. Konstituzioaren 47. artikulua bezala, bai, honakoa dioena: «Espainiar guztiek etxebizitza duin eta egoki bat disfrutatzeko eskubidea dute. Botere publikoek bultzatuko dituzte beharrezko neurriak eta arau egokiak eskubide hori betetzeko, zoruaren erabilera interes orokorrarekin bat araututa, espekulazioa ekiditeko». Kar-kar!
Aipatutako aginduaren 3.6 artikuluak honakoa ezartzen zuen: «uko eginen zaio ohiko erabileretatik, erabilera sozialetatik eta kortesiazkoetatik haratago doan edozein opari, fabore edo zerbitzuri, bai eta haien jarduna baldintzatzen ahal duten mailegu edo prestazio ekonomiko orori. Erranahi handiagoko eta izaera instituzionala duten erregalien kasuan, Estatuaren ondareari gehituko zaizkio». Beranduago, idazkera hori bera bildu zen Gardentasun Legean, 2013an Rajoyren gobernuak onetsian.
Gobernuek eta botere instituzionalaren esparruek osasun-hesi zorrotzetara mugatuak izan beharko lukete. Haien jardun, hitzordu eta bileretako gardentasun osoan oinarrituta. Moneta edo gauzazko diru-sarrera guztiak aitortuta
Rodriguez Zapateroren PSOEko gobernuan Industria, Turismo eta Merkataritzako ministro izandako Miguel Sebastianek, eskutitz pertsonal batean, berriki azaldu du ezen, 2008ko ekainean, Saudi Arabiako Abdala erregeak oparitu zizkiola eskumuturreko bat, belarritako batzuk eta eraztun bat, bai eta erloju bat ere, denak esmeraldaz eta brillantez gauzatutakoak. Lurralde hartan petrolioren prezioak aztertu eta adosteko bilera baten ondoren izan zen. Erregeak bertara gonbidatu zituen EBko gobernuak, Energiaren Nazioarteko Agentzia (OCDE) eta banku entitateetako zenbait presidente, hala nola Morgan Stanley (finantza multinazionala) eta Goldman Sachs (hara bertzea!). Suposatzen da bilera hartara bertaratu ziren guztiek horrelako detailea jaso zutela.
Opariarengatik harrituta, Miguel Sebastianek bere ministerioan kontsultatu zuen horri zegokionez zer ohitura zegoen. Haren eskutitzean azaldu du «idazkariek erraten zidatela ministro guztiek beren opariak haiendako eramaten zituztela, pertsonalak baitziren». Gauza bera berretsi zuen bere ofizial nagusiak «ohikoa zela opariak ministroen esku gelditzea». Hau da, horren arabera, opariek izaera pertsonala zutela jotzen zen, ez karguari lotuak, suposatzen da bilera petro-politiko-finantzarioetara bertaratzen zirenen gaitasunei lotuak baizik: begikotasun pertsonala, ongi moldatzen jakitea, eginbeharra ongi egitea, enpatia... Horrela ez bada, zertaz!
Nolanahi ere den, ministro ohiak ez zuen oparia etxera eraman, eta horrek bere alde hitz egiten du. Ministerioan utzi zuen eta bertan dago, beira-arasa batean jendaurrean ikusgai. Baina, nortzuk ziren Sebastianen idazkariek aipatu zituzten bertze ministroak (PP, PSOE)? Zer opariz jabetu ziren? Bada inor gaurko gobernuan (Ogasuna) edo epailetzan hori ikertzen? Irudi du ezetz eta aplikatzen ari dena ez dela Gobernu Onaren aginduan aipatutako 16 printzipio horietakoa, eman eta kendu, apoak hamar behatzak kendu prosaikoagoa baizik.
Zertara heldu da horrenbertze plastilina etika, horrenbertze Gobernu Onaren kode eta horrenbertze Gardentasun Lege, gero, arau horiek onetsi zituztenak haien aurretik pasatzen baldin badira, eta interpretatzen badute brillante eta diamantezko opari horiek Saudi satraperri kriminal, ustel eta misoginoaren ohiko erabilerei, erabilera sozialei eta kortesiazkoei lotutako zerbait gisara justifikatzen ahal direla?
Felipe Gonzalezek bere tenorean laudatu zituen Estatuaren estoldetan ez dute bakarrik habia egin giza eskubideen urraketarekin (GAL, torturak...) lotutako pertsona eta instituzioek. Horietaz gainera, badira gobernuak eta boterea banatzeko gerra harrapakintzat jotzen dituztenak ere, diktaduran indarrean zeuden erabilera eta ohiturekin gertatu bezala.
Zapaterok bere harribitxien sorreraz eman ditzakeen adierazpenak alde batera utzita, haren kasua mahai gainean paratzen ari da lurraldeko goi-mailako klase politikoaren gehiengoa murgildurik duen lokatza. Sailkapenaren buruan emeritua dugu eta, haren gibeletik dira gobernuak eta goi-mailako kargudunak, zentralak zein autonomikoak, haien sakelak edo haien alderdietako B kontabilitateak, diru publiko zein pribatuekin betetzeari uko egin ez diotenak. Zerrendak ez du bukaerarik: Filesa, Roldan, GAL, etxebizitzak-UGT, Guerra, AVE-Siemens, Barcenas, Naseiro, Urralburu, Rato, Gurtel, EEAk, Palma-Arena, NĂ³os, De Miguel, Citur, Eivissa, PĂºnica, CAM, Caja Madrid, Montoro, Pujol familia, Palau, Koldo-Abalos, Bravo…
Gobernuek eta botere instituzionalaren esparruek osasun-hesi zorrotzetara mugatuak izan beharko lukete. Haien jardun, hitzordu eta bileretako gardentasun osoan oinarrituta. Moneta edo gauzazko diru-sarrera guztiak aitortuta. Bateraezintasun pertsonalen edo zeharkakoen (Montoro!) erregimen estuaz. Inolako ate birakaritik iragatea debekatuta. Kargua hartu eta uztearen inguruko aldez aurretiko eta ondorengo auditoretzak eginda... Horiek guztiak gutxienekoak dira horrelako pandemia motak eragotzi ahal izateko. Hori, eta jardun ustelekin zerikusia duten enpresa pribatuak zigortzea, haien jarduna etetea eta legez kanpo uztea.