Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Zaude isilik, haurra

2026ko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez egin negarrik/ munduak ez du-eta/ malkoen beharrik. Balia dezadan gure poeta nazionalaren Seaska kanta-ren pasartea inguratzen gaituen zarataz gogoeta egiteko. Espainiako panorama mediatikora hurbiltzeak nagia ematen du. Eta izua. Amildegi sakon baten aurrean zaude. Gau lorrina izan da. Zirrara eragiten du bertigoak. Are gehiago goraka —lainoen artean— datorren txakur saldoaren alarau amorratua zugana iristen ari dela sentitzeak. Ertzetik aldendu zara. Baina gora iritsiko direlako sentsazioa duzu.

Gero eta jende gehiagok sentitzen du/dugu isiltasunaren beharra, albisteen jario etsigarri horretatik deskonektatzeko premia. Egunean tartetxo bat, nor bere baitan biltzeko une bat. Isilune bat. Bakarrik egoteko edo maite dugunaren ondoan zerbait sentitzeko. Lasai, zaratatik urrun, soseguan.

Zenbait politikarik, ordea, ez dute isiltasuna hainbeste balioesten. Egunero egon behar dute pantailetan. Zarata maite dute. Esaterako, EBBko presidente Aitor Estebanek.

Estebanen afana

Iskanbila mediatiko horren barruan, deigarria izan da Aitor Estebanek hartu duen rola. Sanchezi hauteskundeak aurreratzeko esan dio, baina ez du zentsura mozioa babestu nahi. Gogor aritu da Pedro Sanchezen kontra; eta, bide batez, EH Bilduren jarrera kritikatu du. Bere ustez, ez da ulergarria Bilduren «isiltasuna». «Ezer gertatuko ez balitz bezala ari dira jokatzen», esan du. Argitu ez duena da zein den EAJren alternatiba. PP eta Vox-en gobernua? Probestuko lukete? Hala egingo balute, balizko hauteskunde horietan jasango luketen zaplatekoaren oihartzuna Ormuzko itsasartean ere entzungo lukete. Besteetan, Estebanek ezer gutxi esan du. Zertarako bildu zen Feijoorekin? Ez dakigu. Dakigun bakarra hauxe da: elkarrizketa «luzea, zintzoa eta errespetuzkoa» izan zela. Esteban dixit (RTVE, 2026-04-03).

Agian, Estebanek Bildurekiko duen erreminak beste nonbaiten du aingura. Begi bistakoa da azken zortzi urteotan Estebanek Kongresuan zuen karisma itzaltzen joan dela, —besteak beste— Oskar Matutek eta enparauek erakutsi duten dotoreziak eta eraginkortasunak jeltzalearen distira kamustu dutelako.

Pradalesen jana

Imanol Pradales lehendakariaren jarrera bestelakoa izan da. Zuhurragoa. Bere ustez, egoera «oso delikatua» da eta hurrengo asteak erabakigarriak izango dira. Ez du hauteskunde aurreratuen aukera aipatu, ezta babestu ere. Hauxe gogoratu du: «Euskadirentzat zabalik dauden transferentzia eta bestelako gaiak negoziatu behar dira». Logikoa. Beraz, badirudi Estebanen afana Bildu kitzikatzea den bitartean, Pradalesen lehentasunak beste batzuk direla. Lehendakariak ongi daki eskumenak eskuratzea autogobernuarentzat jana dela. Ez al du hori ikusi EBBko buruak? Hain batuta al daude jeltzaleak publikoki irudikatu nahi duten bezala, ala oraindik ere Estebanen taldeak ez du digeritu Urkulluren kargugabetzea eta Pradalesen izendapena Andoni Ortuzarren taldetik etorri zela?

Afana, jana eta lana sarritan eskutik helduta datoz.

Lurrera jaitsi gaitezen. Teknofaxismoa hor dago. Ez da zientzia-fikzioa. Ezta distopia arraro bat ere. Etxe aurrean dugu. Muturren aurrean. Teknologiaren erabilera maltzurrak iritzi publiko 'alternatiboak' egituratzeko duen gaitasuna ikaragarria da

Zupiriaren lana

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak ongi daki zein den bere lana, baita komunikabideon jarduera ere, eskarmentu handiko kazetaria baita. Horregatik egiten da hain ulergaitza Loiuko solidarioei emandako jipoi mundialari eman dion kudeaketa informatibo baldarra. Sailburuak inork baino hobeto daki Ertzaintzan arazo serioa duela. Defendaezina da ETAren mamua gaur egun astintzen ibiltzea. Mundu guztiak ikusi dituen irudiak oso argigarriak dira. Ezker abertzaleari historikoki dion herra gailendu zaio. Ez du kontrolatu. Gainezka egin dio. Horrek ez du —inolaz ere— justifikatzen Zupiria jaunari egin zaizkion pintaketak eta gainerako erasoak. Baina ez al dute ikusten Poliziaren ereduaren inguruko eztabaida mundu osoan zabalduta dagoen kezka dela. Police brutality fenomenoa orokorra da (Valentziako maistraren irudia dugu oraindik ere begi-ninietan). Horregatik, antifaxismoa inoiz baino beharrezkoagoa da. Jarrera demokratiko bat. Nola ulertzen da garai batean Ertzaintzan etakideak ez infiltratzeko galbahe politikoak hainbeste zorroztu izana —eta kolatu zitzaizkien— eta orain hain natural onartzea eskuin muturreko ertzainak izatea?

Guztion asana

Yogako asana —sanskritoz, āsana— yoga tradizioan erabiltzen den gorputz-jarrera da. Nago gainean dugun zurrunbilo nahasi eta aldakor honetatik urruntzeko oso ongi letorkigukeela guztioi yoga eta meditazioa praktikatzea. Eta isiltasuna. Nor bere baitan biltzea, barrura begiratzea, egiten ari garenaz jabetzea. Barrena lasaituz gero, kanpora zabaltzen dugun begirada argiagoa da. Hobeto bereizten dira benetako arazoak eta azaleko txikikeriak. Praktika hauek ez dira ihesbide, argibide baizik.

Lurrera jaitsi gaitezen. Teknofaxismoa hor dago. Ez da zientzia-fikzioa. Ezta distopia arraro bat ere. Etxe aurrean dugu. Muturren aurrean. Teknologiaren erabilera maltzurrak iritzi publiko alternatiboak egituratzeko duen gaitasuna ikaragarria da, baita sistema totalitarioak eta estatu kolpeak —biguin zein zatarrak— emateko ere. Madrilen PP eta Voxen arteko balizko gobernu batek Euskal Herrirantz zuzenduko lituzke lehen urratsak. Gogoan izan Legebiltzarrean De Andresek EH Bilduri esandakoa: «Jakin ezazue lehenago edo beranduago suntsituak izango zaretela indar politiko gisa» (2025/12/18). Ez da deus gertatu. Bizitzak aurrera jarraitu du. Ez zigorrik. Ez espedienterik. Ezertxo ere ez. Egoera horri aurre egiteko neurriak hartzen al dira? Benetan jabetu gara muturren aurrean dugun arriskuaz? Zalantzak ditut.

Orroak orro eta garrasiak garrasi, buelta gaitezen gure poeta nazionalaren Seaska kanta-ra. Panorama mediatiko honetan gehiago dira gehiegi mintzo direnak isilik geratzen direnak baino. Hainbeste oihuren artean, kosta egiten da perlak topatzea Esan ohi da: «Isilik dagoenak onartu egiten du». Ez da beti horrela. Ixo dagoena mutu dago. Kito. Besterik ez. Tarteka-marteka isilik geratzeko aukera zoragarria da. Entzun dezagun berriro Xabier Lete: «[…] haunditzen zeranean/ ikusiko duzu/ isilik egoteak/ zenbat balio dun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE