Ipar Euskal Herrian lehen aldiz lehendakari abertzale bat hautatu izanak Hegoaldeko arreta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako politikan jartzera eraman du. 330.000 biztanle biltzen dituen Euskal Herriko lurralde hau eta bere funtzionamendu soziopolitikoa, ordea, oso ezezagunak dira Hegoaldean, eta horrek, hein handi batean, benetako Zazpiak bat eraikitzen lagunduko lukeen euskal politika nazionala zailtzen du.
Zoritxarrez, Hegoaldeko fokua Iparraldean jarri den honetan, urteetako joera errepikatzen ari da. Hegoaldeko alderdi abertzaleek, Iparraldean gertatutakoa zintzoki eta modu pedagogikoan azaldu ordez, fikzio bat elikatzen dute, taktikoki, beren Hegoaldeko estrategia indartzeko.
Benetako estrategia nazionala eraikitzen hasteko, lehen abiapuntua Euskal Herriko hiru administrazio eremuetako herritarrek elkar ezagutzea da. Alde horretatik, Hegoaldean Iparraldeari buruz pedagogia egiteko aukera bikaina ireki du Hirigune Elkargoko lehendakari berria Alain Iriart izateak sortu duen oihartzun mediatikoak. Kezkatuta ikusten dugu, ordea, pedagogia egin ordez kontrakoa egiten ari dela.
Alain Iriartek berak argi adierazi du Sud Ouest eta El Diario Vasco egunkarietan ez dela EAJ eta EH Bairen arteko akordiorik egon. Besteak beste, EAJk Iparraldean duen indar eskasagatik. Aitor Estebanek kontrakoa iradoki nahi duen arren, jeltzaleek bi alkate besterik ez dute Iparraldean: bata Kanbon (7.000 biztanle inguru), Peio Etxeleku, eta bestea Makean (550 biztanle inguru). Hala ere, Otxandianok eta Otegik EAJri eskatu diote EAEn Iparraldean egin duen gauza bera egiteko, esan gabe zergatik erabaki zuen Etxelekuk bigarren itzulian Iriart babestea, eta azaldu gabe Iparraldeko udal hauteskundeen eta Elkargoaren hautaketaren funtzionamendua Hegoaldekoaren oso desberdina dela.
Iparraldeko prozesu soziopolitikoa eredugarria dela adierazi zuen ELAk Aberri Eguneko adierazpenean eta Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak liburuaren aurkezpenean. ELAk balioan jartzen duena ez da gertatu ez den alderdien arteko herri akordioa, baizik eta Iparraldeko mugimendu abertzaleak, herri mugimenduetan oinarrituta, honaino iristeko egin duen ibilbide historikoa. Gure ustez, pedagogia egitea Iparraldean honaino nola iritsi garen kontatzea da. Eta horrek 2000ko hamarkadara eramaten gaitu: Batera-ren sorrerara, EHLGren aldeko borrokara eta ELAk, Manu Robles-Arangiz fundazioaren bitartez, Iparraldean abiatu duen lanaren abiapuntura.
Iparraldean lehendakari abertzalea izatea 25 urte hauetako estrategiaren emaitza da, ez alderdien arteko herri akordioarena. Horrek erakusten digu gakoa herri mugimenduaren antolakuntzan dagoela
Duela 25 urte guztiz pentsaezina zen Ipar Euskal Herrian lehendakari abertzale bat izatea, lurraldeak instituzio propiorik ere ez zuelarik. Hori posible izan da urteetan Iparraldeko gizarte zibilak garatu duen estrategiari eta mobilizazioari esker. Hirigune Elkargoa Batera-ren eta, hogei urtez, mugimendu sozial ezberdinak batuz, alderdiekiko modu autonomoan antolatutako gizarte zibilean oinarritutako estrategiaren emaitza da.
Batera plataforman, departamenduaren aldarrikapen nagusiarekin batera, gizarte zibilean pil-pilean zeuden Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sorrera, euskararen ofizialtasuna eta berezko unibertsitatearen aldarrikapena batu ziren, eskaerekin bat egiten zuen gizarte aliantza zabal baten bidez.
Frantses Estatuaren ukazioa pairatu bazen ere, milaka herritar atera ziren kalera, eta lau aldarrikapen horiek, bakoitza bere heinean, gorpuzten joan ziren. Mobilizazio fase hori bereziki markatu zuen Euskal Herriko Laborantza Ganberaren inguruko auziak.
Gizartea eta hautetsiak bertako errealitate eta beharren arabera polarizatu ziren, helburu jakin baten inguruan kolore ezberdinetako gehiengoak irabaziz; eta, desobedientzia zibilaren bidez, laborariek, gizartearen gehiengoaren babesarekin, laborantza ganbera alternatibo propioa sortu zuten.
Eredu horretan oinarrituta, herritarren beharrei erantzuten zieten beste hainbat ekimen sortu ziren, besteak beste, Manu Robles-Arangiz Fundazioak bultzatutako dinamikaren bueltan: Bizi!, Alternatiba mugimendua edo Euskal Herri Burujabe proiektua, Eusko tokiko moneta, I-Ener, Enargia, KonponTxoko…
Estatuek egin nahi ez dutena gizarteak egitearen eskema berari jarraituz, gizarte zibilak protagonismo handia izan zuen Baionan egin zen ETAren armagabetzean ere, estatua urratsak egitera behartuz. Nabarmentzekoa da, halaber, Garapen Kontseiluan gizarte zibilak lurraldearen etorkizuneko proiektua definitu eta gauzatzeko duen parte hartze aktiboa.
2017an, dinamika horri guztiari esker gorpuztu zen Iparrraldea aintzat hartzen duen Euskal Hirigune Elkargoa. Azken hamar urteotan, Jean Rene Etxegarai buru izan duen instituzio horretan hautetsien arteko kontsentsua nagusitu bada ere, gizarte zibilaren interpelazioak gogor markatu ditu abian jarritako politika asko.
Urteotako ekimen horietan guztietan bazen gabezia bat: ez zen herritar xeheak erakarri eta antolatuko zituen masa mugimendu autonomorik. Manu Robles-Arangiz fundazioaren eta Biziren gogoeta horretatik sortu zen 2020an Alda, auzo herrikoietako herritarrak antolatzen lan egiten duen elkartea.
Amaitzeko, ezin Bagira prozesua aipatu gabe utzi, esperientzia horiek guztiak aintzat hartuz, mugimendu abertzalearen estrategia bateratua eta bide orri bat adostu baita gizarte eredua partekatzen duten alderdi eta herri mugimenduen artean.
Iparraldean lehendakari abertzalea izatea 25 urte hauetako estrategiaren emaitza da, ez alderdien arteko herri akordioarena. Horrek erakusten digu gakoa herri mugimenduaren antolakuntzan, mobilizazioan, alternatiben eraikuntzan, estrategia bat adostean, eta herri mugimendu-instituzio bi hankako harreman konplexu eta kontraesankor horren eraikuntzan dagoela.