Francorekin bakea garaipenetik sortu zen, eta hura baldintzarik gabeko errendiziotik. Trikimainarik ez: gatibuak eta desarmatuak. Hilerrietako bakea zen, areketakoa, atzerrikoa, lan esklabokoa, emakumea babesteko patronatu sadikoetakoa. Geroago, 1964an, Fraga Iribarne Informazio eta Turismoko ministroak (zer arraio du ikusteko gauza batek bertzearekin?) biziki aspertu gintuen 25 bake urte kanpainarekin. Horrekin nahi zuen erregimenari aurpegia garbitu eta haren irudi atseginago bat saldu, gerrarekin eta oinarri joseantonianoekin lotu gabe eta bai, ordea, garapenarekin, inbertsio atzerritarrarekin eta turismoarekin.
Bakea ordena publikoaren sinonimoa zen; hau da, aurrerapena bai baina zartaginaren giderra laxatu gabe, hura estatu frankistaren eta bere tentakulu politiko, sindikal, erlijioso, kultural eta sozialen eskuetan baitzegoen. «Askatasunak, zertarako? Iraganera itzultzeko?», berresten zuten erregimenaren bozeramaileek. Ez, hura guztia atzendu beharra zen eta aitzina begiratu, aurrerapen eta bizikidetza osasungarriko etorkizunera, alegia. Baina horretarako, ezinbertzekoa zen haien bakea mantentzea eta espainiarrak lizunkeria zitalarekin ez banatzea, horrek bandokide gerrak ekartzen baitzituen, ez bertzerik, 30eko hamarkadan erakutsi bezala.Â
Orduan adierazitako bizikidetza ez zen ozta-oztako bizipena baizik, zutabe bakar eta, aldi berean, anitzari giltzatua: buru absolutu bat, buruzagia; sindikatu bakarra, bertikala; alderdi bakarra, Mugimendu Nazionala; fede bakarra, katoliko, apostoliko eta erromatarra; ordena sozial bakarra, patriarkatu misoginoa. Jakina, gauzak aski aldatu dira ordutik hona, baina orain, lortu beharreko xede politiko eta sozial gisara azaldu eta sakratutzat hartzen den bizikidetza berriak, neurri handi batean, hanpatu antza du.
Has gaitezen erraten bizikidetzaren kontzeptua bera formalegia dela, gutxi erraten baitigu bere edukiaz. Hizkuntzaren Errege Akademiak haren sinonimotzat honako hauek biltzen ditu: baterako existentzia, bizikidetasuna eta tolerantzia. Alta, ez digu deus erraten hori ote den libreki hartutako hautuen emaitza edo ezarritako kortseen ondorioa. Baina, jakina, bien arteko ezberdintasunak funtsezkoak dira.Â
Bizikidetzaz mintzatzeak eta hura goresteak jendartean dauden botere harremanak aipatu gabe marroa du. Adostasunak, adiskidetzeak, barkamenak eta besarkadak predikatzea pertsona batzuk eskala sozialaren goialdean daudenean eta bertze batzuek, ordea, behaztopa, eskasia eta ziurgabetasunez beteriko egunerokotasuna bizi dutenean, ahalkegabekeria hutsa da. Bertol Brechtek zioen: «Goikoendako janariaz mintzatzea hezibide txarrekoa da. Eta ulertzekoa da, haiek dagoeneko bazkaldu baitute». Bada, hori; batzuek jaiki bezain agudo, lehendabiziko gauza, burtsaren gorabeherak begiratzen dituzten bitartean, zenbait jenderendako prezioen goratzeak bertzerik ez daude. Eta nekez hitz egiten ahalko dugu benetako bizikidetzaz, legeztaturiko lapurreta sozialaz baizik.
Jendarte batean bizi gara non, emeritu zitalak, legez kanpoko komisionista eta iruzurgile fiskalen banda kriminal bateko partaideak (horrela definitzen ditu sare horiek Zigor Kodearen 570. artikuluak), inpunitate osoz, harrotzen diren beren balentriez edozein jaitan. Bitartean, ordea, espetxeak oilo lapurrez eta aurreko horiek beren parrandetan kontsumitzen duten kokainaren trafikatzaile txikiez lepo daude. Delitu mota guztietarik konstituzionalki zigorgabe diren erregeak jendeaz trufatzen dira, sudurkariki adieraziz zer-nolako injustizia den, aberriari berrogei urtez zerbitzu eman ondoren, erretiro pentsiorik ez izatea. Eta ez da deus gertatzen.
Eta ez da deus gertatzen irakurtzen dugunean BBVA eta Iberdrolaren mozkinak, aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, hurrenez hurren, 8.000 eta 5.300 milioikoak izan direla. Eta horrela suertatzen da, estatu espainiarrean, populazioaren %5 aberatsenak lurraldeko aberastasunaren %43 metatzen duela;Â %50ek, berriz, %6Â duten bitartean. Horrek adierazten du EBko desparekotasun tasarik altuenetakoa dugula. To, bizikidetza demokratikoa!
Gaurko erregimenak oinarri du inpunitate eskandalagarria, frankismo, trantsizio eta gaurko estatu demokratikoaren krimenekiko. Amnistiaren eta Sekretu Ofizialen legeek kriminalak babestu eta bere okerkeriak estaltzen dituzte. Bere aldetik, Memoria Demokratikoaren lege ahalketsuak ateak ixten segitzen die frankismoaren, diktaduraren eta trantsizio laudatuaren triskantzei. Bitartean, torturengatik kondenaturiko (eta indultaturiko) guardia zibilak UCOren goi mailako buruak izatera iristen dira eta jite bereko bertze batzuek jeneralaren galoiak lortzen dituzte erakunde benemeritoan.
Euskal Herrian 5.000tik goiti tortura kasu aitortzen dituzte hainbat txosten ofizialek, baina hor daude, txandaren esperoan, gobernuek, fiskalek eta epaileek tarte libre bat noiz izanen duten zain, zehapen espedienteak hasteko eta gizateriaren aurkako krimenengatik eginbideak irekitzeko. Bertze alde batetik, ehunka koronel, jeneral, fragata-kapitain eta almirantek Franco genozida goresteko manifestuak sinatzen dituzten bitartean, ETAko partaideak izan ziren eta, 20 edo 30 espetxe urte pasatuta, kalean diren pertsonei publikoki ongietorria egitea terrorismoaren apologia larritzat hartzen da.
Laburbilduz, karta markatuak, kirol epaile erosiak eta jokoa edukitzeko eskubidea soilik haiek, bizikidetza hutsen guruak. Gauzak horrela, Mississippiko arrakero horiek erretolika botatzen digutenean hezibide onekoak izan behar dugula, ahotsa ez altxatu eta haien diskurtsoei esku-zartak jo behar dizkiegula erranez, jakin dezatela ez dugula inola irensten. Jakin dezatela, beraz, auskalo zer arrazoirengatik, haien predikuen aitzinean isilik gelditzen garenean, gure isiltasuna ez dela inoiz onarpena izanen, neurrizko garrasia baizik, eta eskua ematera beharturik sentitzen bagara, ez dugula gero ahantziko behatzak kontatzea, baten bat falta badugu ere.Â