Azken urte hauetan eskoletako jangelak hizpide izaten ari dira tarteka, menuen kalitatea hobetzearren administrazioek zein ikastetxeek hartu beharreko neurriak direla eta (janarian agertutako xomorroak, tokiko produktuak…). Ez da nire asmoa adostasuna lortu duen eta beharrezkoa den diskurtso hori zalantzan jartzea, gauza handia baita jatekoaz arduratzea eta balizko irtenbidea denon onurarako izatea. Baina nire ustetan, diskurtso hau ez da guztiz zintzoa izaten ari, fokua sukaldeetan soilik jarri delako eta ez hain espazio garrantzitsua diren jangeletan.Â
Sarritan Administrazioak eta Hezkuntza Komunitatea deritzonaren parte handi batek jangelaz eta bertako langileez ari direnean, sukalde terminoa erabiltzen dute. Baina gure haurrek ikastetxean zer jaten duten galderari erantzun nahi badiogu, kontua ez litzateke zer jaten duten soilik, baizik eta zer eta zelan jaten duten.
Menuak eta sukaldariek prestatutako jaki gozo eta osasuntsu horiek guztiak oso garrantzitsuak dira, dudarik gabe, baina jangelan ez badira lasaitasunez, motibazioz eta gustuz jaten, maiz gertatzen den bezala, zaborretan amaitu dezakete.Â
Errealitateak esaten digu gero eta familia gehiagok jangela zerbitzua erabiltzen dutela (kantitatea), beraz, haurrek bertan ematen duten orduen kudeaketaren beharra inposatzen da (kalitatea). Hezkuntzaz ari bagara, kontuan izan beharko dugu haur horiek irakasleekin ematen duten denbora eta jangelako hezitzaleekin ematen dutena parekatu daitezkeela (kalitatea). Izan ere, behar afektiboak dituzte berdin, gatazkak izango dituzte berdin (edo gehiago). Ikasgelatik jangelara pasatzeagatik ez diote uzten heziketa prozesuan diren pertsonak izateari, ez dira transformatzen, haur berdinak izango dira eta ondorioz arlo pedagogikoak garrantzia izango du gune hauetan ere.
Jangelak, gaur egun, hezkuntzak dituen ildo eta korapilo berdintsuek zeharkatuta daude: elkarbizitza, feminismoa, segregazioa, berdintasuna, euskara...ez dezagun ahaztu, eta are gutxiago partxeak ipini eta beste aldera begiratu.
Ikasleentzat oso garrantzitsua da jangelak eraldatzea: harreman onak eta gizalegezkoak mahai zein jolastokietan (euren artean eta baita hezitzaileekin), zalaparta gutxituz, pilaketarik gabe, patxadaz, txikitatik gauzak dastatzeko motibazioa landuz, presioa eta estresa ahal den neurrian desagerraraziz eta oro har, jangelak ikastetxetako espazio hezitzaile bat gehiago bihurtuz. Euskararen erabilgarritasunari begira, jangelek eta zerbitzu honi lotutako aisialdiak berebiziko garrantzia dute, ikasgeletako diziplinatik at, bestelako lagunarteko giroan, gure umeek hizkuntzaren esparru naturala berreskura dezaten
Puntu honetara helduta, agerikoa da jangela-hezitzaileak funtsezkoak garela, nork gauzatu beharko luke eraldaketa bestela? Fokua jangeletan eta bertan lan egiten dugunongan jarri, baliabidez, formakuntzaz, antolaketarako autonomiaz, gurekin bat eginez. Honen guztiaren gainean hausnartu ostean, eta ezinbestekoa den ikastolako hainbat arduradunen bultzada eta babesarekin, egun bagara eraldaketa martxan jarri dugun gutxi batzuk. Eta dudarik ez izan ilusioz ari garela erronka honetan.Â
Egoera bestelakoa baita jangela askotan oraindik: aitortzarik ez, hezkuntza komunitatean txertatu gabeak, estres handiko lanaldi eskasak, soilik negozioa egiteko asmoz dabiltzan enpresa pribatuek kontratatuak —pribatizazioa hezkuntza sailaren eskutik—.
Jangelak eraldatu beharra dago eta horretarako ezinbestekoa da bertako langileak aintzat hartzea eta aitortza ematea, gure parte hartzerik gabe aldaketa ez delako posible izango. Gure haurrek zer jaten duten jakiteko zelan jaten duten ere begiratu behar dugulako, jaki goxo eta osasuntsu horiek platerean gera ez daitezen.