Ametsen linboan sartu eta gazte denboretara itzulitxo bat egin dut gaur kantu batzuk mitiko bihurtu genituen garai haietara, eta Benitoren Zenbat gera kantu ezaguna kantatzen genuenaren esanahia zer zitekeen aztertu asmoz ari naiz. Hitz gutxitan, erraza izanik, asko esan nahi duen kantua genuen, amankomunean biltzen ginen orduko egoeraren isla bistaratzen.
Denboraren joanean ere, garai baterako edo besterako balio duten hitzak eta kantuak daude, eta, modu errazean eta esanguratsuan, Benitok kantu bihurtu zituen Abel Muniategiren hitzak.
Galdera zuzenak eta erantzun orokorrak edo orokorregiak dituen kantua dugu Zenbat gera. Gaurko egoerara badakarkigu ere, erantzun bako galderetan murgiltzen gara oraindik orain.
Zenbat garen? Zertarako jakin behar. Zer egiten dugun? Zertan. Zer egingo dugun? Non, zer, noiz... Beraz, erantzunetan baino gehiago galderetan mugitzen gara beti. Eta kantuaren galderen osteko hitzak guztiz dira adierazgarriak; ez naiz filologia eredutan sartuko, baizik eta hitzen balioetan eta esanahietan, herri sentimendua adierazten duen kantuan.
Zenbat garen? Galdeketan eta erantzunetan, gure herrialdeez hitz egin nahi duela suposatzen dut; hau da, Euskal Herriez. Eta honetan, politika edota kultura politikoa sartzen da: beste nazionalismoen parekoa izan beharko lukeen nazionalismoa aldarrikatzen duena edota ukatzen duena, eta, bestetik, sentimenduei egokitua eta uztartua dagoen abertzaletasuna.
Beraz, zenbat gara? Orotasunean, eta zatika. Zazpiak bat, edota laurak bat, edota «gu gera hiru probintzi…».
Zazpiak bat, Abbadie (1836). Historie de Basques, «On divise les basques en sept provinieses our paĂ¯s particuliers», Jean Philippe Bela (1709-1896).Â
Laurak bat: «Laurok hartuko degu zurekin partea», Iparragirre.
Edota: «Gu gera hiru probintzi, lehengo legerik ez utzi. Hoieri firme eutsi, nahiz hanka bana hautsi, jaioko dira berriak. Gu gera Euskal Herriak», Xenpelar.
Baina, gatozen kantura: Zer egin degu? Ezerrez. Asko edo gutxi, zerbait baino gehiago egin eta aurreratu dugulakoan nago. Ez gara lozorroan egon.
Zer egiten degu? Alkar jo, zer egingo degu? Alkar hil. Elkar joka ere ibili izan gara eta zalantzarik gabe egoera okerragoetan bizi izan gara.
Gure asmoak, Esperantzak: Herri legez irauteko, aurrera egiteko eta etorkizunera begiratzeko behar-beharrezko esperantzaren aldarrikapena izan da goiburua, eta hitz gutxitan ezin ba asmo hoberik erakutsi.
Herria, Askatasuna, Justizia, Pakea, Egia, Maitasuna. Nola gauden, zer beharko genukeen, zeintzuk litezkeen gure nahiak. Eta herri normal, eraginkor, osatu eta osasuntsu batek, justizia bereganatuz, bakean bizi behar du, eta egiaren baliagarritasuna, multzo orokorrean baino gehiago, norberaren edo gizabanakoaren iritzian dagoela-eta, bakoitzaren ikuspegitik erabiltzea da gomendagarria. Egia bat bada ere, egiak mila begi ditu eta egiaren zorretan izango gara betiere, eta maitasuna, jakina, asmo ederra dela.
Iragana geroaren maisu bada, orain eta hemen, urteen joan-etorrian, bete ote ditugu gure nahiak? Atzeak erakutsi ote digu aurrea nola dantzatu? Ala kantuaren azken hitzak adierazten digun bezala, mito eta hitz hutsal bihurtu ote ditugu gure garai bateko esperantzaren aldarri haiek?
Atzera begira, gure herrian behintzat, zalantzarik gabe, ez gaude garairik ilunenean, nahiz eta euskaldunok era askotan badugun etsipenerako eta ezkortasunerako joera. Honela adierazten zigun Xabier Letek: «Gu, ezaren seme, zalantza orokorraren zaldun lurreratu, odol eta lokatzezko denbora hauetan, Gu, ezaren seme, nostalgiaren sabeletan bilduta aurkitzen garenok».
Garaiak ziztu bizian ari dira aldatzen, eta, gutxi-asko, gure ibileran eta ekimenean, zenbat garen zertan eta zertarako ez dakidan arren, badugu aurrera gogoz jarduteko eta geroari esperantzakor begiratzeko aukera. Bagaude egin dugunarekin harro egoteko ere. Eusten aritu izan gara urteetan, eutsi dugu iraupenerako hitz molde erabiliena, erresistentzia legez erabili izan duguna. Hala ere, nire ustez, eusteak, amore ez ematea edo atzera ez egitea adierazten badigu ere, sarriegitan lubakian edo trintxeran gauden seinalea dakarkit gogora, eta Espainian ekiteko edo aurrera egiteko vamos hitza erabiltzen den eran, gurean: susperraldirako eman-ekin edota emaiok-ekiok edo halakoren bat eredugarriagoa delakoan nago.
Eta gaztaroaren itzuleratik eguneratu naiz, eta, ametsak amets, urratu badira ere hainbat gauza, mundua etsipen unibertsalezko gainbeheran datorkigun irudian dago, eta, Lourdes Iriondo kantariak garai batean kantatzen zuena gogoratuz: «Gezur ta gorroto, injustizi asko, mundu garbiago bat bizi nahi genduke».
Injustiziaren eta giza eskubideen gutxiespenaren aurkako aldarrikapenetan atzera egin dugu zalantzarik gabe, eta hainbat arlotan isildu eta mutu geratzen gara, gure konformismoan eta lasaitasunean harrapatuta. Eta kultura, gaur egungo gizartean, jendearentzat entretenimendu gisako ikuskizun handiko erakustokia bihurtu da. Zenbat garen multzo horretan, erlijioa gainbeheran dago, eta dogmek huts egin duten honetan, iraganeko eta oraingo mitoen aroan sartu gara.