Abuztuaren 15erako, Askatasun Eguneko ekitaldi politikoa antolatu dugu, urtero legez, eta hauxe da aurtengo eslogana: Euskara gara, Nazioa gara, Estatua gara, Nabarra gara.
Euskara gara, noski, baina guk zerbait gehiago garela azpimarratu nahi dugu. Gure arbasoak lur honetan sortu ziren, eta herri bat osatu zuten, euskaraz, bai, baina herri bat. Herri hori nazio bihurtu zen, indar politikoa biltzeko gai den zerbait. Eta, ezinbestean, nazio bati estatu bat dagokio, bere lurraldean botere subiranoz hornitua dagoen unitate politikoa.
Gure arbasoak libre bizi izan ziren mendeetan, eta, etsaien erasoei aurre egiteko, Nabarrako Erresuma eratu zuten. Guk badugu estatu bat, bahitua bada ere: ez gara estaturik gabeko nazio bat.
Harrezkero, etengabe sufritu ditugu beste herri batzuen erasoak, eta, azkenean, gure ohorezko erresistentzia gogorra suntsitu zuten eta inbadituak izan ginen armen bidez. Baina erresistentzia hark badu jarraipenik: hemen bada herri bat askatasunaren alde borrokatzen dena eta estatuaren jarraitutasuna aldarrikatzen duena.
Menpekotasunak min egiten digu, ez gara libre, ezin gara libre sentitu gure herria zapaldua, okupatua eta kanpotik gobernatua dagoen artean, baina aske izan nahiaren sentimendu horrek indartzen gaitu. Lege arrotzak obeditzera behartuak gaude, baina burua aske dugu, eta horrela bakarrik atzeman ahal izango dugu bide berri eta eraginkorra: etsaiak eskuratu ezin izango dituen instituzioak sortzea.
Gure lagun batek argiki dioen bezala: «Libre izatea, autodeterminatzea, berezkoa dugun sentimendu bat da, jaiotzen garenetik berez dakargun zerbait. Ez da ikasten den edo norbaitek sor diezagukeen zerbait. Are gehiago, sentimenduak baino errotuagoa dago askatasuna gugan. 500 urteko menpekotasunak ezin izan du oraindik egarri hori hil».
Espainiari eta Frantziari esango diegu aspaldi sartu zirela gurean indarrez, bortxaz, eta librea zen herri bat inbaditu zutela. Gaur ere okupatua dutela baina ez dugula onartzen egoera hori, ez eta beren aginterik ere. Horregatik gaude bizirik, erresistentzian.
Erresistentziak argi behar du izan bere funtzioa: okupazioa zuritzen duen fartsatik babestea, zapalkuntzaren egitate historikoak zein gaur egungoak jakinarazi eta zabaltzea, herria batzea (zatitu ordez) eta erasotzailea kanporatzea
Aspalditik ikusia dugu sozial-inperialismoak erabiltzen duen mozorroa: zilegi diren borroka sozialak erabiltzen ditu oinarrizkoak diren helburuetatik aldentzeko, independentzia eta autodeterminazioa alboratzeko; ez gaitu engainatzen.
Kolaborazionismoa ere salatu nahi dugu, existitzen ez den demokrazia batean bizi garela sinetsarazi nahi digulako, errealitatea desitxuratzen duelako: independentziarik gabe ez baitago demokraziarik.
Erresistentziaren zereginetan garrantzitsuak iruditzen zaizkigun kolektiboak aipatu nahi ditugu, nola ez. Irakasleek, kazetariek eta intelektualek, besteak beste, ahalmen berezia duzue gizartearen errealitatean eragiteko azterketa kritikoak egiteko, zuen esku dago kultur sorkuntza eta ideien hedapena ere, baita zapalkuntzaren aurkako kontzientzia kritikoa sortzeko eta indartzeko gaitasuna ere.
Erresistentzia bizirik dago oraindik, ez du muga artifizialik jartzen gure herrian, Euskal Herria eta euskal herritar guztiak ditu gogoan.
Erresistentziak argi behar du izan bere funtzioa: okupazioa zuritzen duen fartsatik babestea, zapalkuntzaren egitate historikoak zein gaur egungoak jakinarazi eta zabaltzea, herria batzea (zatitu ordez) eta erasotzailea kanporatzea; Nabarrako Estatua berrantolatzea, horra hor gure betebeharra.
Abuztuaren 15ean Pasai Donibanen bilduko gara, erresistitzen dugula ospatzeko, bai eta askatasun sentimendua elkarren artean sendotzeko ere. Aurrera jarraitzeko lan egin beharko dugu, euskaraz, estrategia ondo erabiliz, batuta, antolatuta, kualifikazio politikotik abiatuta eta aberkide guztiak aintzat hartuta.