Irakaslea AEBetan

Zer gertatzen zaie gizonei?

Izaskun Indakoetxea
2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dena prest nuen aste hartarako: artikulua, galderak eta ikasleek beren posterra egiteko materialak. Aste horretan, gaztelera ikasleei, Cesar Chavez-en bizitza aitzakia hartuta, lehenaldia erabiltzen eta beren iritzia ematen irakatsi behar nien, ea protestei buruz zer zioten. Izan ere, Cesar Chavez AEBetako sindikalista famatua da, txikanoa izaki, nekazaritzan lan egiten zuten etorkinen eskubideak hobetzeko buru-belarri aritu zena Dolores Huertarekin batera. Eta baita lortu ere: bien artean egindako protesta baketsuek eta grebek milaka lagunentzako hobekuntza handiak ekarri zituzten 70eko hamarkadaren ondoren. Badira ikastetxeak, plazak eta kaleak haren izena daramatenak. Diego Lunak ere egin zuen pelikula txukun bat haren bizitza azalduaz 2014an.

Eta asteazkenean berria azaldu zen: Cesar Chavezek, UFW sindikatuaren lider zela, zenbait emakume bortxatu zituen urteetan zehar, adingabeak eta Dolores Huerta bera barne. Nire lehenengo galdera amorratua: zer gertatzen zaie gizonei? Zergatik hainbestek egiten dute emakumeen kontra botere pixka bat lortzean? Emakumeak menpean edukitzeak boterea handitzen al du? Ala alderantziz al da?

Baina amorru eta nazka handiena eman zidana zenbat lagunek ezer ez esana izan zen. Biktimetako batek esan zuen Chavezek bere bulegoan hitzordua eman eta atea ixten zuela, hor gertatzen zirela bortxaketak. Ez al zuen inork ikusi hori? 13 urteko neska bat gizon heldu baten bulegoan behin eta berriz sartzea denei normala iruditzen al zitzaien? Zergatik ez zion gizonezko lankideren batek esan: «Hi, zergatik sartzen dituk neska gazte horiek hire bulegoan?». Alegia, agian emakume bat bortxatuko zuen, baina norbaitek hitz eginez gero, bertan gelditu, eta akaso ez zuen gehiago bortxatuko.

Cesar Chavezek hainbat emakumeri eragindako gehiegikeriek Dolores Huertak egindako lorpenak ezabatzen ote dituzten galdetu behar diogu geure buruari. Eta ea zer demontre gertatzen zaien gizonei. Noiz utziko dioten bortxatzeari eta noiz ekingo dioten 'en masse' gehiegikeriak salatzeari

Eta horrek ematen dit amorru handiena. Eraikitako sistemak nola halako gehiegikeriak onartzen dituen. Ezinezkoa iruditzen baizait inork ezer ez ikusi izana. Esan Chavez, edo Epstein eta bere kuadrilla, edo Frantziako Dominique Pelicot, edota Larry Nassar medikua, urteetan neska gimnastak bortxatu zituena. Barkatuko didazue bihotz oneko gizonek, baina zer gertatzen zaizue gizonezkoei? Oroitzen dut, behin amak kontatua, nola bera gaztea zela mezetarako bidean zihoala bazela gizon bat balkoira atera eta neskei zakila erakusten ziena. Behin eta berriz egiten omen zuen. Platanito deitzen omen zioten. Baina, ezizena jartzeaz gain, beste norbaitek egin al zuen ezer? Beste gizonen batek esan al zion platanoa galtzetan kieto edukitzeko? Ez dira ez denak bortxatzaileak, baina askok lekuko izan behar dute, ezta?

Eta haserrearen ondoren, berriz ere Cesar Chavezengana. Hura 1993an hil zen eta hainbat monumentu eta ikastetxe gelditu dira bere omenez. Orain horrekin guztiarekin zer egin da hurrengo galdera.

Hasi omen dira Los Angelesen Chavezen muralak eta estatuak estaltzen. Chavez historiatik ezabatuz gero ez dakit bere ekintza guztiak ezabatuko ditugun ordea. Agian hobe genuke Chavezen bizitzari buruz hitz egiten jarraitzea, eta nola justizia egiteko aukera berriz ere galdu genuen. Isilegi egon ginelako, alegia. Hainbat emakumeri eragindako gehiegikeriek Dolores Huertak egindako lorpenak ezabatzen ote dituzten galdetu behar diogu geure buruari. Eta ea zer demontre gertatzen zaien gizonei. Noiz utziko dioten bortxatzeari eta noiz ekingo dioten en masse gehiegikeriak salatzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA