Euskal filologoa eta itzultzailea, eta Historialaria eta irakaslea

Zergatik ez dute euskaraz egiten gure agintari eta ordezkariek?

Unai Begiristain Goiburu eta Maribi Azkune Hernando
2025eko ekainaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den ostiraleko Presidenteen Konferentzian Isabel Diaz Ayusok hizkuntza koofizialak erabiltzearen inguruan sortutako eztabaidaren harira, guk biok eta gure lagunok horixe egin dugu, eztabaidatu. 

Arrazoia du Ayusok? Haren arabera, gaztelania da Espainiako hizkuntza ofiziala, eta konferentzian izan ziren ordezkari guztiek ondo menderatzen dute, beraz, zer zentzu du bestelako hizkuntza koofizialetan hitz egiteak eta interpreteak erabiltzeak guztiek badakite gaztelaniaz? Bada erantzuna, niretzat eta nire lagun gehienentzat, begi-bistakoa da. Euskara da gure hizkuntza, konferentziako gure ordezkaria Eusko Alderdi Jeltzalekoa da, euskaraz daki, beraz, euskaraz egitea erabat zilegi da, are beharrezko. Baina, non dator hemen bira? Bada, benetan, konferentzia horretan kenduta (zeinetan Imanol Pradales lehendakariak bere hitzartze ia osoa euskaraz egin baitzuen, gai mamitsuak jorratuta gure hizkuntzan) gure ordezkariek ez dutela euskaraz egiten ez Espainiako Senatuan, ezta Kongresuan ere. Senatuan Zapateroren garaian aitortu zen euskaraz, katalanez, galegoz eta valentzieraz egiteko eskubidea (horretarako interprete-talde sendo bat kontratatuta, mezua gaztelaniaz helarazteko hizkuntza horiek ulertzen ez dituenari), eta ezer gutxi baliatu dute gure politikariek. Eta Kongresuan, berriz, Sanchezen azken legegintzalditik bakarrik hitz egin daiteke hizkuntza koofizialetan. 

Katalanek eta galegoek beren hizkuntzetan hitz egiten dute —ez bakarrik ganbera-kideak agurtzeko eta euskarak presentzia duen itxura egiteko, euskaldunek egiten duten bezala—, eta informazio mamitsua helarazteko erabiltzen dituzte. Nonbait, gainerako politikariek ulertuko dituztela sinetsita daude, bai hizkuntza horiek ulertzeko gai direlako, bai interpreteen lanaz fio direlako. 

Euskal politikarien kasuan «mahaiburu andrea, jaun-andreak...» eta beste bi esaldi kenduta, zerbait potoloa esan nahi dutenean, gaztelaniara pasatzen dira. Zergatik? Lagunoi eta bioi hainbat arrazoi bururatzen zaizkigu, baina, nagusiki, bi. Politikari abertzale batzuek ez dakite euskaraz, edo ez dute ondo menderatzen, eta askoz ere elokuenteagoak dira gaztelaniaz, argi dago. Baina, zilegi da Kongresuan dauden alderdi abertzaleetako kideek ez euskara jakitea edo euskaraz hitz egiteko ahalegina ez egitea, gaztelaniaz elokuenteago izanda ere? Beste politikari abertzale batzuek, aldiz, primeran egiten dute euskaraz; orduan, zergatik ez dute euskaraz hitz egiten Kongresuan, adibidez? Haien egoak handiegiak dira eta nahi dute Sanchez presidenteak eta gainerako politikariek beren ahotik jasotzea mezua? Agian ez dira interpreteen lanaz fio? Orduan, zertarako borrokatu estatu-mailako organo batzuetan euskaraz edo beste hizkuntza koofizialetan hitz egin ahal izateko, gero ez badute eskubide hori baliatu behar? 

Hona hemen politikari horien jarrera ulertzeko (aurreratzen dizuegu, guk ez dugu ulertzen) gure lagunetako batzuek emandako arrazoiak. Batek zioen «jatorrizko bertsioa» hobea dela beti, hau da, hobe dela bitartekaririk ez izatea (interpreteak, kasu honetan) gu gai bagara mezu hori mundu guztiak ulertzeko moduan botatzeko. Eta guk diogu: eta orduan, ez ote gara ari Ayusori arrazoia ematen? Hark esan zuen, lehen adierazitako konferentziaren harira, pasilloetan guztiek gaztelaniaz hitz egiten bazuten, ondo asko hitz egin zezaketela hizkuntza horretan goi-bileran. Eta horrek, jatorrizko bertsioaren argudioa babesten du. Gai bagara guztiok ulertzen dugun hizkuntza batean hitz egiteko, zergatik ez egin? Eta ez al ditu horrek lurretik botatzen alderdi abertzaleek (eta euskaldun askok, abertzaleak izan ala ez) babesten dituzten hizkuntza-eskubideen aldeko argudio guztiak? 

Beste batek zioen Espainiako Kongresua ez dela euskara babesteko foroa. Euskara egunerokoan erabili behar dugula, gure etxean, kalean, auzoko osasun-zentroan, Kongresuan euskaraz egiteak ez duela ezertarako balio. Baina, orduan, zertarako aldarrikatu genuen eskubide hori? Gure politikariek ez lukete eredu izan behar? Agian Kongresuan euskaraz egiteak ez du eragingo, zuzenean, kalean euskara gehiago hitz egitea, baina, Kongresuan entzuten badugu, pentsatuko dugu hizkuntza garrantzitsua dela, ideiak babesteko balio duela, ulertaraziko diegu bai euskal biztanleei, bai estatu osokoei, euskara bizirik dagoela, hizkuntza erabilgarri bat dela, bizitzaren maila guztietako gaiak adierazteko balio duela. Ikusgarritasuna emango genioke, azken finean. Eta bestela, Kongresua ez bada euskaldunon ideiak babesteko foro legitimo bat (ze hori zioen, gutxi gorabehera, beste lagunetako batek), orduan zergatik egon han? Zergatik ez uko egin Espainian egoteari

Guri, egia esan, oso kezkagarria iruditzen zaigu euskara babesten duten politikariek gaztelaniaz hitz egitea Kongresuan. Eredu kaskarra eskaintzen digute biztanleoi, eta arrazoia ematen diete, nolabait, estatuko gainerako hizkuntzak maite eta errespetatzen ez dituzten, eta interpreteen lana eta soldatak gehiegizkoak eta justifikazio-gabeak direla dioten Espainiako alderdi eskuindarrei. 

Eztabaidak ez du lagunon arteko zatiketa eragin, zorionez, baina iruditzen zaigu euskararen eta estatuko gainerako hizkuntzen artean badagoela arrakala ederra, eta, hori gertatu ez dadin, hauxe esango genieke gure agintarioi, Artzeren baimenarekin: hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, hitz egiteko eskubidea irabazi dutenek hitz egiten ez dutelako baizik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.