Azken asteotan USaPeko ohiko deialdian Euskara eta Literatura II azterketan ikasle batzuek jasotako zero borobilek eztabaida zabala piztu dute. Ordea, emaitzen inguruko titular potoloen, sare sozialetako zalapartaren eta mugimendu interesatuen atzean itzal ugari geratu dira argitu gabe. Asko dira aipatu gabe utzi nahi izan diren kontuak eta komeni da, aparra jaisten denean, sakoneko urak aztertzea, zarata mediatikoa eta juridikoa errealitate deseroso bat estaltzeko baino ez baita baliatu.
Zeroko emaitza horiek ez dira kasualitate hutsa, hamarkadetako ibilbide linguistiko baten eta hezkuntza-sistemak duen hizkuntza ereduen egiturazko mugen ondorio zuzena baizik. Arazo honen jatorria ulertzeko, ezinbestekoa da unibertsitatean sartu aurreko Euskara probetan urteetan izandako bilakaerari begiratu bat ematea. Atzera eginez gero, 90eko hamarkadan zehar, A ereduko eta B, D ereduetako euskara azterketak erabat ezberdinak ziren. A eredukoa nabarmen errazagoa zen, ikasle horien errealitate linguistikoari egokitutako zerbait, baina baita euskararen jakintzari zegokion adierazle bat ere. Aldiz, 2000. urte ingurutik aurrera, hizkuntza ereduetako Euskara azterketak berdintzea erabaki zen. Erabaki hark, ordea, tranpa txiki bat ekarri zuen berarekin: A ereduko ikasleen euskara maila baxua disimulatzeko Euskara azterketa errazegia izatea urteetan zehar. Itxurakeria horrek, ordea, iraungitze-data batekin topatu dela dirudi, aurtengo USaPeko proba.
Euskara eta Literatura II azterketa pixka bat estutu denean, emaitzek agerian utzi dute urte luzez ezkutatu nahi izan den arazo bat, A ereduaren gabeziak euskalduntze prozesuan
Euskara eta Literatura II arloko irakasleek urteak zeramatzaten probaren eredu zaharkitu hori aldatu nahian, Gaztelania eta Literaturako azterketaren eredura hurbiltzea eskatuz, ebaluazio konpetentzialago bat bermatuz eta hizkuntzaren ezagutza sakonagoa eskatuz. Bada, aurten aldaketa horietako batzuk txertatu dira azkenean Euskara proban, eta zer gertatu da? Ispiluak errealitate gordina erakutsi digula. Agerian utzi da askotan eta ozen esan dena, nahiz eta Hezkuntza Sailetik entzun nahi ez izan: A ereduak ez dituela ikasleak euskalduntzen eta eredu horretako ikasle asko euskara maila benetan baxuarekin ateratzen direla, bai Derrigorrezko Hezkuntzatik, baita Batxilergotik ere. Euskara eta Literatura II azterketa pixka bat estutu denean, emaitzek agerian utzi dute urte luzez ezkutatu nahi izan den arazo bat, A ereduaren gabeziak euskalduntze prozesuan.
Baina, ohi bezala, sistemak eta errealitate gordin hori onartu nahi ez dutenek beren burua babesteko mekanismoak martxan jarri dituzte. Zerodun ikasleen emaitza eskas horiek justifikatzeko, presaka erantzule bat bilatu nahi izan dute, eta herritarron arreta desbideratu. Arreta desbideratzeko estrategia horretan, Hezkuntza Saila beren tranpan erori da eta bere erantzuna tamalgarria izan da. Arazoaren benetako muinari ez dio heldu nahi izan, eta zeroen zergatia sakon aztertu beharrean, errudunak bilatzeko joera hartu du, sortutako egonezina baretzeko sakrifizio gisa Euskara eta Literatura II azterketaren bi zuzentzaileren burua plater batean eskainiz. Babesa eta laguntza eman beharrean, Hezkuntza Sailak bizkarra eman die probaren zorroztasuna bermatu duten profesionalei eta EHUri.
Euskara eta Literatura IIko proben irakasle zuzentzaileei elkartasuna eta babes osoa adieraztea baino keinu hobeagorik eta premiazkoagorik ez dago, ezin delako onartu profesionalen zilegitasuna zapaltzea hezkuntza ereduen egiturazko arazoak estaltzeko
Zuzentzaileek ez dituzte ikasleen emaitzak asmatzen, ematen zaizkien irizpideak aplikatzen dituzte zuzendu beharreko frogetan. Horregatik, ez da bidezkoa zuzentzaileei leporatzea zeroen emaitza. Sortutako presio mediatikoaren ondorioz, Euskara eta Literatura IIko proben irakasle zuzentzaileei elkartasuna eta babes osoa adieraztea baino keinu hobeagorik eta premiazkoagorik ez dago, ezin delako onartu profesionalen zilegitasuna zapaltzea hezkuntza ereduen egiturazko arazoak estaltzeko.
Ez dugu ahaztu behar batzuek USaPeko emaitzekin sortu duten manipulazioaren abiapuntua zein den, USaPeko Euskara eta Literatura II proban zeroko emaitzak egotea. Abiapuntu horretatik, emaitzen desitxuratze prozesua hasi zuten, komunikabide batzuek modu interesatuan publiko eginez zerodun ikasleak zein ikastetxetakoak ziren. Filtrazio hori aprobetxatuz, biktimismoaren makineria martxan jarri zen, komunikabide eta sare sozialen laguntzarekin, batzuk EHUri leporatuz ustez ikasleen eta zentroen anonimotasuna zuzentzaileen aurrean ez gordetzea. Estrategia argia da: arreta desbideratu, prozedurazko ustezko akats bati garrantzia eman eta urteetan hezkuntzan eta gure gizartean daukagun benetako akats eta gabezia nagusia ezkutatzea. Izan ere, hizkuntza ereduen errealitatea agerikoa da, nahiz eta batzuek kontrakoan tematuta jarraitu: A ereduak porrot egin du ikasleak euskalduntzeko orduan eta Euskara proba egokitu denean agerian geratu da. Ez da Euskara eta Literatura II probaren zuzentzaileen errua, ezkutatu nahi zen egiturazko porrot batena baizik. USaPeko zeroak ez dira arazoa, arazoaren sintoma baizik. Sintoma mingarria, baina urte luzez ezkutatu nahi izan den errealitate baten isla. Horregatik, eztabaida ez litzateke izan beharko azterketen zuzentzaileen artean errudunak bilatzea, batzuek nahi duten moduan, baizik eta hezkuntza-ereduaren gabeziei zintzotasunez heltzea. Bestela, aurten piztu den zalaparta hurrengo USaP frogetan berpiztu daiteke, benetako arazoak bere horretan jarraituz: A ereduak, gaur-gaurkoz, ez dituela ikasleak euskalduntzen.