Irakaslea

Zertan erabiltzen du Jaurlaritzak diru publikoa?

Peio Peña
2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Bizitzea egokitu zaigun garaian erakundeak publizitate agentziak bihurtu direla dirudi, egiten dutena hedabideetan behin eta berriro ederki iragarriz eta herritarrei helaraziz egundoko onurak etorriko zaizkigula gobernatzen gaituztenek hartutako erabakietatik. Sekula gure iritzia kontuan hartu gabe, badaezpada. Errealitatean gertatzen dena oso bestelakoa da. Egunotan begi-bistakoa da.

Alde batetik, Euskadiko lehendakariak, egun batean bai eta bestean ere bai, jakinarazten digu «baliabideak ez direla mugagabeak». Aldiz, berak buru duen gobernuak ez du erreparorik diru publikoa xahutzeko, AHTan eta Donostialdeko metroan, besteak beste. 767 milioi euro euskal Y-aren kasuan eta beste 200 milioi Donostiako metroko lanetarako. Ia mila milioi guztira! Eta oraindik urteak falta dira obra horiek burutzeko, amaierako gastua zein izango den zehazki ez dakigularik.

Hezkuntza Sailaren jardunak aparteko aipamena merezi du. Legebiltzarreko lehendakariaren bikotekidea den abokatu bati, zeina garraio enpresa bateko administrazio kontseiluko kidea ere baden, Hezkuntza Sailak orduko 302 euro ordaindu zizkion aholkularitza lanak egiteagatik ikasturte hasieran eskola garraioan sortu zen krisia konpontzen lagun zezan. Bitartean, Hezkuntzak garraio enpresa horri berari zenbait eskola-garraio ibilbide esleitu zizkion lau milioi eurogatik.

Irakaskuntzarekin jarraituz, egunotan ikusten ari gara eskola-jangela askotan gurasoak eta zuzendaritzak beraien haserrea adierazten ari direla Hezkuntza Sailak kontratatutako janari enpresa bat ikasleei bazkaltzeko ematen ari zaien kalitate eskaseko eta egoera txarreko elikagaiengatik. Ezinbestekoa da elikagaien kalitatea bermatzea. Ez al dira konturatzen elikadura osasungarri batek ikasleen errendimendurako duen garrantziaz? Edo Hezkuntza Saila arduratuago al dago otorduak prestatzen dituzten enpresen etekinak zaintzeaz? Elikagaien kalitatea bermatzea ezinbestekoa da. Gogora dezagun, halaber, 2018an Lehiaren Euskal Agintaritzak eta Auzitegi Nagusiak zigortu egin zituztela Euskadiko eskoletako jangeletan janaria banatzen zuten zazpi catering enpresa prezioak beraien artean adosteagatik. Bestetik, Auzitegiak ebatzi zuen catering enpresa horiek 2003 eta 2014 artean ehun bat milioi euroko kaltea eragin zietela diru-kutxa publikoari eta seme-alabak ikastetxe publikoetako jangeletara bidaltzen zituzten gurasoei, Hezkuntza Sailak beste alde batera begiratzen zuen bitartean. 

Deigarria da, era berean, azken ikasturte honetan Hezkuntza Sailak 680 milioi euro bideratu izana ikastetxe kontzertatuen finantzaketarako. Irakaskuntza kontzertatuari ematen zaion euro bakoitza irakaskuntza publikoari kentzen zaio. Horrela jardunez, ikastetxe publikoek behar dituzten baliabide anitz sare kontzertatua finantzatzeko bideratzen dira. Beste behin, diru publikoa interes pribatuen mesederako erabiltzen ari da Jaurlaritza. 

Amaitzeko, zer esan Osakidetzari buruz. Egunetik egunera kexak areagotzen ari dira ematen duen zerbitzu gero eta eskasagoagatik. Bide batez, Donostiako Onkologikoan ez dago nutrizionista bakar bat ere. Ez al dakite Osakidetzako buruek elikadurak duen garrantzia minbiziari aurre egiteko tenorean? Txanpon batzuk aurrezten dituzte jendearen osasuna arrisku bizian jarriz. Pertsonengan inbertitzea bigarren mailakotzat dutela dirudi.

Noiz arte jarraituko du Eusko Jaurlaritzak gu guztion dirua alferrik galtzen kalitatezko zerbitzu publikoetan inbertitu beharrean? Jakina, «baliabideak ez dira mugagabeak...», baina batzuen kudeaketa negargarriak beste batzuen patrikak ezin hobeto betetzera bideratuta daudela dirudi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.