Badira bi aste nire errutina ez dena ikasgela baten barruan garatzen. Bi aste pasatu dira justifikatu gabeko azken oihuak nire tinpanoa lehertu zuenetik. Bi aste nerabeen hormonaz betetako airea arnasten ez dudala. Bi aste zeinetan lana bi gauzatan laburbildu den: eskolak prestatu eta azterketak zuzendu.
Gaur, astelehena, bi aste horien ondoren, iratzargailuak nire beharrezko atsedena zapaldu du. Metroa hartu eta nire ikastetxeko atetik sartu naiz berriro ere. Ahaztuta neukan errutina horri jarraituz, nire lehengo klasean sartu naiz; ikastetxean famatua den 4D1 taldea. Chromebook-a mahai gainean utzi eta errepaso azkar bat egin dut nire burmuina esnatzeko, pentsatuz nola bideratuko dudan azkenengo –eta guztiz erabakigarria den– hirugarren ebaluazioa. Oraindik hutsik dauden ikasmahaiak begiratu ditut –nerabeen puntualtasuna bitxia da– eta ikasgelatik ibili naiz partidaren aurreko beroketa bat balitz bezala. Pauso bakoitzean pentsatu dut lehenengo egunak ekarri ahal dituen sorpresa guztien artean zein izango den hautatua; nerabezaroaren negar bat? Haserre bat? Guztiz desegokia den erantzun bat? Eta irudipen guztien artean, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe baten barruan espero ahal ditudan ezusteko guztien artean, nire harridura sabaitik zintzilik agertu da. Objektibo berri bat, nigana zuzendua. Zurrumurrua egia bihurtu da; kamerak jarri dituzte ikasgelen barruan.
Atsedenaldian irakasleen gelara hurbildu naiz. «Europako dirua...», esaten dute. «Itzalita gera daitezke...», defendatzen dute. «Ikasleek eskolak etxetik jarraitu ahal izateko dira...», argudiatzen da. Dirua? 2D1eko pertsiana kalamastra horretan pentsatu dut, konponketa bat eskatzen duena igotzen edo jaisten den bakoitzean. Bere alboan, beste garai batean zuria omen zen horma gogoratzen dut; orain margo zatiak erortzen zaizkio, negar batean balego bezala. Baina altzarien eskariak ez dira bertan geratzen; nire ikasleek egunean sei orduz betetzen dituzten lekuak gehitu dira erreguetara, aurreko belaunaldietatik geratu baitzaizkie herentzian. Zein zen beste argudioa? A, bai, teknologia famatu hori. Azkenengo ikerketek erakusten omen dute adingabeentzako pantailak kaltegarriak direla eta erabat komenigarria dela ematen dituzten esposizio-orduak murriztea. Une horretan bururatu zait agian dena amarru bat dela, ikasleek ikusmena gal dezaten eta, horrela, optika-dendetako salmentak handitu daitezen. Irakasle batek esandako azkenengo esaldiarekin geratu naiz. «Ikasleek klaseak etxetik jarraitu ahal izateko da...». Etxetik jarraitu ahal izatea? Etxean atseden hartu eta indarberritzeko geratu diren ikasle horiek? Agian hori da lortu nahi den gizarte-eredu berria. Ezin atseden hartu, ezta bajan egonda ere.
Bigarren Hezkuntzako ikastetxe baten barruan espero ahal ditudan ezusteko guztien artean, nire harridura sabaitik zintzilik agertu da. Objektibo berri bat, nigana zuzendua. Zurrumurrua egia bihurtu da; kamerak jarri dituzte ikasgelen barruan
Orain dela zortzi urte, 2018an, Hezkuntza Sisteman sartu nintzen ilusioz beteta, eta momentu horretatik aurrera Eusko Jaurlaritza izan da nire nagusi. Nire lehenengo urtean, Bizkai sakonean zegoen ikastetxe batean, Gizartea ematen zuen emakume betaurrekodun batek ohartarazi zidan: «Burokraziak itoko zaitu». Paperak eta paperak beteko dituzu, baina inork ez ditu irakurriko. Eta gauzak ez dira bertan geratuko. «Norbaitek –ezagutzen eta inoiz ezagutuko ez duzuna– esango dizu nola jokatu behar duzun klase baten barruan. Nola eman behar duzun klasea, nola zuzendu behar duzun, zein gai landu behar dituzun… Nahiz eta hark zure ikasleak ez ezagutu, nahiz eta zure ikasgaia ez landu, nahiz eta irakaslea ez izan».
Orainaldira bueltatzen naiz. Atsedenaldiaren ordua pasatu da, baina zurrumurruak airean geratu dira, txirrinaren soinu karrankaria estaliz. «Nahi dutena egiten dute beti», «inork ez digu galdetu», «ikasgela batean inoiz egon ez direnek hartzen dituzte hezkuntzari buruzko erabakiak», «66 milioi horretarako»... Hasperen egiten dut. Gizarteko irakasle horretan pentsatzen dut. Inork ez digu galdetu. Inork ez digu galdetuko. Altxatu naiz, hurrengo klasera joan naiz eta sabaira begiratu dut. Nire iritzia eta ikaskideena inork eskatu ez badu ere, hemendik aurrera ikasgelako gailu berri batekin bizitzea egokituko zaidala onartzen dut. Niganantz zuzenean jotzen duen begi bakarti bat, hain zuzen ere.