Anjel Lertxundi.
HITZ BESTE

Behatxulotik

2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gizona behatxulotik begira dago. Atearen beste aldean ez da ezer ikusten, ezta hotsik ere entzuten. Hala ere, denbora pixka bat egin du hantxe, norbait edo zerbait ikusteko esperantza balu bezala. Ezer ez. Zarraila giltzatu du kementsu. Zeren beldur da, zerk kezkatzen du? Telebista, egunkariak, iritzi publikoa segurtasun faltaren mamua gizentzen ari dira, jende askok ondo giltzatutako bizitza eta gizartea lehenesten ditu balizko askatasunarengatik izuz bizi eta lo etenak izatearen parean. Zama hori darama gizonak ohera bidean?

Egunsentia hurbil, gau osoan ez da ezer sentitu ez barruan ez behatxuloaren beste aldetik ere. Brastakoan, sirena batena bezalako hots sarkorrak urratu du iluntasuna, argiak piztu dira. Bartko gizona, ordurako jantzita, behatxulora hurbildu da. Begiratu du. Zaintzen duen atxilotua zapatilak janzten ari da bere etzaleku estuaren ertzean eserita. Zaintzailea hurrengo behatxulora hurbildu da. Hurrengora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.