Goiatz Labandibar

Ergelak eta zakilak

2026ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarak ez duela iraintzeko balio entzun dugu behin baino gehiagotan. Hori da, akaso, gure hizkuntzaz dagoen legenda urbanorik handienetariko bat. Horregatik, euskaldunok espainiera edo frantsesa erabiltzen omen dugu parekoari edo, maizago, parean ez dugunari buruz gaizki esaka aritzeko.

Hori dioenak baliteke ez ezagutzea euskarak dituen bi irainik ederrenak. Horregatik, nahiz ez dakidan egunkari honen ildo editorialarekin bat datorren, tarte hau hartuko dut biak sozializatzeko, erabileraren inguruko adibide xume eta guzti. Ea bada:

Ergela da lehena. «Zentzu edo adimen txikikoa, zentzugabeki mintzatzen edo aritzen dena» da ergela Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera. Murritz xamarra egiten zait definizioa, adimen maila baino, ergela esatean atzean dagoen mespretxua edo eman nahi zaion indarra baita garrantzitsuena. Iraintzerakoan hitza nola ahoskatu oso garrantzitsua da: silabak ongi banatu behar dira, azken hizkia arrastatuz eta luzatuz, hiru silabako hitz labur batek munduko irain guztiak barruan balitu bezala.

Noiz erabili ergela hitza: esaterako, jendez betetako kale, plaza edo taberna pare batetik motorrarekin abiadura itzelean eta malabareak egiten pasatzen dena, ustez, dena kontrolpean baitu —kontrola galtzen duen arte—, baina, finean, ergel konpleto bat baino ez dena.

Zakila da bestea. Hau ez da agertzen Euskaltzaindiaren hiztegian irain moduan, baina zakila esaten da pertsona, normalean ar bati buruz, ergeletik pasatu dena. Zakil bat parean daukazunean, zalantzan jartzen duzu ea buru barrua hutsik ote duen (zalantza hori ez da handiegia izan ohi). Hitz hau ergela baino azkarrago ahoskatu behar da, eta zeta eta ka amorruz esan.

Egia da irain honek lehenengoz aditzen denean sortzen duela erreakzioren bat: batzuek irritxo urduri bat egiten dute, X kategoriako hitzen baten erabili izan bagenu bezala, eta beste batzuk, algaraka lehertzen dira. Lasai, laster ohituko dira.

Eta honatx hemen adibidea: abuztuaren 14tik 15erako goizaldean Goizuetan motorra topera erreboluzionatuta bere ustez gauza dibertigarri bat egiten ari zen hori edo horiek (bai, jakin ezazu: zakil totala zara; ez dago beste azalpenik).

Aski gaurkoz euskaraz irainka aritzeko gida laburra (zepela arinxeagoa beste baterako utziko dugu).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA