Goiatz Labandibar

Gorroto unibertsala

2026ko abuztuaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badago dentistarenera joatea tortura zaion jendea. Nahiko zabaldua dagoela esango nuke, dentistarekiko fobia.

Niretzat ez da gauza traumatikoa dentistaren butakan etzatea. Aho garbiketa egitea plazera iruditzen zait. Ez bukatutakoan hortzen gainean mihia pasa eta esmalte leunduaren sentsazio hori bakarrik, baita etzanda pasa beharreko denbora ere.

Haginlariarekiko ohikotasun horren erruduna, ziurrenik, zazpi urterekin ikastolako jolas parkeko barandan txiribuelta emanda bi hortz hautsi izanak eman dit. Ordutik, hamaika buelta egin ditut ogitartekoari hozka egitean hantxe geratutako enpasteak konpontzera, azkenean, gezurrezko bi hortz torlojuz lotu zizkidaten arte.

Hala ere, uler ditzaket dentistarenera joate hutsak ondoeza eragiten dien horiek. Nik IAT pasatzera joan behar dudanean sentitzen dudanaren oso antzeko zerbait izango dela imajinatzen baitut.

Zeren, bai: gorroto dut autoaren inspekzio teknikoa pasatzera joan beharra. Gaizki pasatzen dut. Batez ere, auto bat lehenengoz daramazunean eta ez dakizunean nondik irekitzen den motorra, non begiratu erreboluzioa eta argiak automatikoan eramatera ohitu zarenean, has zaitez laino argiak topatzen! Gainera, beti izango duzu gizon bat parean (jatorragoak batzuk, ergel hutsak besteak), mekanika gizonen kontua dela sinistuta bizi dena eta harentzat, ni horren konstatazio bat baino ez naiz. Naturaren ebidentzia zientifiko bat. Gainera, hitz egingo dizu errieta tonuan, motorra erreboluzionatzeko eskatzean duda punttu bat egingo dudalako: Nondik zen hori?.

Duela gutxi izan naiz azkenekoz IATren azterketan, lehenengoz eraman dudan auto —niretzat— berri batekin, eta, iritsi nintzenerako dagoeneko kontrakotasun bat banuen barruan, egokitu zitzaidan tipoak nire barruko señora piztu zuen, ergel hutsa banintz bezala hitz egin zidalako. Azkenean, ez nik, baina bai nire barruko señora-k, egoeraren aurrean hitza hartu zuen eta, ia haren tonu berean esan zion: Aizu, zu egunero zabiltza honetan, baina ni ez.

Igual horrexegatik atera nintzen falta larria jartzen zuen paper batekin eta aurreko gurpilak aldatzeko hilabeteko epearekin.

Nola ez gorroto unibertsala izan IATa pasatzeko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA