aissa intxausti

Krisitik krisira

2026ko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspaldiko partez nire herrira bisitan joan naiz eta, inoiz baino etxeago sentitu arren, norbere herrira oporretan joatea sentsazio arraroa da. Mundu guztiak galderak egiten dizkizu: amaren lagunek, klasekide ohiek, kuadrillakoek, betiko tabernariak, lagunen gurasoek... Zer moduz zabiltzan galdetzen dizuten guztiei erantzun prefabrikatu bera eskaintzen diezu. Ez zaituzte hainbeste ezagutzen, eta ezin dizkiezu zure benetako gatazkak kontatu kaleko bi minutuko elkarrizketan. Etxe aldaketa, adibidez, beraiek lasai gelditzeko bezain gertaera handia da, eta gatazka handirik eragiten ez dizuna. «X herrira bizitzera joan naiz eta, badakizu, oraindik moldatzen». Batzuek asumitu egiten dute lanagatik edo bikoteagatik aldatu zarela herriz. Zergatik, bestela? Hogeita hamar urterekin horiek dira arrazoi zilegi, logiko eta ulergarri bakarrak.

Galdetzen jarraituz gero, bizitzan galduta zaudela pentsatuko dute. Oraindik ez zarela heldu egin, gaztetako bizitza bizi nahi duzula benetan egonkortu aurretik. Beraien egonkortasuna soilik existituko balitz bezala, eta guztiok momenturen batean horra heldu beharko bagina moduan.

Hogeita hamar urteen krisia ez dakit benetakoa den, adin bakoitzari krisi bat esleitzen zaio eta. Izan ikasketak bukatu ostean sentitzen den amildegia; lagun guztiak bikoteekin bizitzera joan eta astearteetan kafe bat hartzeko inor ez dagoela ohartzen zareneko bakardadea; ingurukoak haurdun gelditzen hasten direneko presioa; haurrak eduki osteko engainatuak izan izanaren sentsazioa; umerik ez izatea erabaki eta egunero erabakian berretsi behar zareneko ezinegona; zaintza lanetan murgilduta zaudeneko zurrunbilo geldiezina; zaintza lanak bukatu eta ezer gehiago ez daukazula ohartzen zareneko hutsunea… bizitzako etapa guztietan aurreikus daitezke krisiak.

Asumituta dago nolakoak izan behar diren beherakadak, eta ez zaio seriotasun bera ematen bizitza proiektua partekatzen duzun pisukideetako bat etxetik joateari edo dibortzio bati. Ez zaio garrantzi bera ematen bost urteko alokairu kontratu bat lagunekin sinatzeari edo ezkontza bati. Krisi batzuei eta egonkortasun batzuei pisu gehiago ematen zaie. Nahiz eta zuetako askok pentsatu oraindik airean gabiltzala, jarriko ditugula oinak lurrean noizbait, guk ere baditugu bizitza egonkor eta krisi multipleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA