Badago jende bat parrandan ateratzeari uzten diona ajea luzatzen hasten zaionean. Lehen ardoa edan orduko hasten dira hurrengo egunean izango duten buruko minean pentsatzen, eta ordu egokian joaten dira etxera. Egokian, segun eta zertarako, jakina. Beste batzuei ez zaigu sekula halakorik gertatu. Beti pentsatzen dugu, bihar, agian, beste batzuetan baino aje txikiagoa izango dugula. Beti ez da okerrena pentsatu behar. Hartzen dugu ardo bat eta hortxe aldatzen da dena. Popeye zaharrak ziazerbak jaten zituenean bezalako zerbait gertatzen zaigu barruan. Iristen zaigu ardoa edo marianitoa edo garagardoa hanka puntetaraino eta gero jotzen dizkigu buruko ileak eta berriz jaisten da. Horrela ez dakit zenbat aldiz eta azkar. Orduan, hurrengo egunik ez balego bezala eskatzen dugu hurrengoa, eta egiten dugu dantza, eta barre, eta negar, eta hitz, eta edan, eta iluna gozatu, eta etxeaz ahaztu.Â
Hurrengo egunean argi dago zein den edonori egun onak emateko gaitasuna gordetzen duen jende mota. Berdin dio. Atzo bezalako astelehen buruzurian ere, jende mota bi horiek batu ginen Gernikan. Batzuk garai onean erretiratu ziren, beste batzuek ez dira gogoratuko nola iritsi ziren etxera, eta bizitzako zirkunstantziek erretiratzera behartu gintuztenok gaur burua altxatu ezinik daudenen inbidia izango dugu. Zer egingo diogu, bada.